PayPal-ekin ordaintzea

PayPal-ekin ordaintzea

3 min.

PayPal-ekin ordaintzea

Duela hilabete batzuk PayPalekin ordaintzeko aukera aipatu genuen, Interneten txartelarekin eginiko ordainketen segurtasunari buruz hitz egin genuen post batean. Post horretan, txartelekin modu seguruan ordaintzeko aholkuak eskaini genituen, eta oso gainetik aipatu genuen PayPal. Oraingoan aukera horren inguruan sakonduko dugu, eta PayPalekin nola ordaindukontatuko dizuegu.

PayPal Interneten ordainketak egiteko sistema bat da, eta sistema horrekin dendan ez dugu gure kontuaren edo txartelaren daturik sartu behar. Egia esan, PayPal 1998 garatu zuten, erabiltzaileek ordaintzeko eta dirua transferitzeko beste aukera bat izan zezaten. 2002tik eBay-rena da. Erabiltzaile horiek pertsona fisiko edo enpresak izan daitezkeenez, sistemak merkataritza-transferentziak errazten ditu.

Nola dabil PayPal?

PayPal erabiltzeko, plataforman izena eman behar dugu posta elektronikoko kontu bat irekiz, eta horri geure kontu korrontea eta/edo kreditu-txartela lotuz.

Lineako denda batean erosten dugunean, ordaintzeko hainbat modu aurkituko ditugu. PayPal aukeratuz gero (lineako denda guztiek ez dute eskaintzen), saltokiko webak PayPalera bideratuko gaitu. Bertan, gure erabiltzaile-kontuarekin eta pasahitzarekin sartuko gara eta, ondoren, ordainketa baieztatuko dugu.

Hau da, gure datuak saltzailearekin partekatu gabe egin dezakegu ordainketa, eta hark zuzenean jasoko du dirua bere PayPal kontuan.

Nola dabil PayPal

Saltoki elektronikoetan ordaintzeko erabiltzeaz gain, lagunei eta familiarrei dirua bidaltzeko erabil dezakegu PayPal, betiere horiek PayPal kontu bat badute.

Bestalde martxoaren erdialdetik, dendetan erosketak ordaintxeko txartel bat ere badu PayPalek.

PayPalen tarifak

Erosketa bat ordaintzeko PayPal erabiliz gero, erosketa bera soilik ordainduko dugu. Hau da, PayPal erabiltzea doakoa da erabiltzaileentzat.

Baina saltzailea bagara eta kobratzeko PayPal erabiltzen badugu, dirua gure PayPal kontuan gordeko da eta saldoa gure kontu korrontera eramateko komisioa ordaindu beharko dugu.

Dirua familiarrei edo lagunei bidaltzeko erabiltzen badugu plataforma, hainbat aukera ditugu:

  • PayPaleko edo banku kontuko saldoa erabiltzen badugu eta nazio-esparruko transferentzia bada, doan da.
  • Txartela erabiltzen badugu edo dibisa-aldaketa bat badago, PayPalek komisioa aplikatzen du.
PayPalen tarifei buruzko informazio gehiago

Abantailak, eragozpenak eta aukerak

Eroslearen ikuspuntutik, PayPalek erosotasuna, segurtasuna eta azkartasuna eskaintzen ditu. Posta elektroniko eta pasahitz baten bidez ordaintzeko aukera ematen digu, eta transakzioak berehalakoak eta doakoak dira eroslearentzat. Gainera, herrialde ugaritan onarturiko ordainbidea da.

Saltzaileari dagokionez, beste ordainbide seguru eta azkar bat eskaintzeko aukera ematen dio, gailu mugikorretatik egin daitekeena. Baina, kosteaz gain, saltzaileek eragozpen batzuk aintzat hartu behar dituzte, hala nola bezero baten erreklamazioaren ondorioz Paypalek dirua ez ematea arazoari konponbidea eman arte.

Eskaintzen dituen abantailak eta saltzailearentzat dituen eragozpenak gorabehera, ezaugarri horietako ordainketa-sistemarik ezagunena eta erabiliena da. Halere, badira beste batzuk, orokorrean, herrialde anglosaxoietan presentzia handiagoa dutenak, hala nola Payza.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Teknologia Segurtasun informatikoa