Pertsona bat atzerrira lan egitera bidaltzeko orduan enpresak kontuan izan behar duen guztia
2021-03-17
Pertsona bat atzerrira lan egitera bidaltzeko orduan enpresak kontuan izan behar duen guztia
Nazioartekotzea lehiakortasunaren eta enpresa-hazkundearen sinonimo da gaur egun. Urtero, ehunka enpresa txiki eta ertainek nazioarteko merkatua aztertzen dute, teknologia berrien bidez negozio-aukera gehiago bilatzeko helburuarekin. Teknologia horiei esker, gaur egun edozein negoziok egiazta ditzake bere produktuak edo zerbitzuak beste eremu geografiko batean arrakasta izateko dituen aukerak.
Dena den, tamaina ertaineko enpresa batek estrategia hori denboraldi jakin batean modu arrakastatsuan garatzen duenean, merkatu hori sendotzeko edo are gehiago hedatzeko zer aukera dituen aztertu behar du. Horretarako, pertsona bat zona estrategiko horretara lekualdatzea komeni da. Baina, zer elementu izan behar dituzu kontuan atzerriko zure bulegoetako batera ordezkari bat bidaltzeko orduan? Horrelako erabaki bat hartzerakoan, plangintza zehatz bat egitea da garrantzitsuena, honako alderdi hauek zehazteko: zure enpresa-helburuak, zure enpresak bere gain hartu beharko dituen kostuak eta arriskuak, eta atzerriratzeko asmoa duzun pertsonaren interes pertsonala eta profesionala.
Lekualdaketaren baldintzak
Zure enpresak dagoeneko pentsatuta badauka nor izango den erantzukizun hori hartzeko pertsonarik egokiena, aurrena aukeraturiko pertsonarekin hitz egin beharko duzue, eta lekualdaketaren baldintzak negoziatu: delegazioan beteko duen zeregina, bere kargua eta eragin-eremua, baldintza ekonomikoak, mediku-aseguruaren prestazioak, etxebizitza, familia-egokitzapena eta abar. Bere lanak zertan datzan azaltzeko eta helburuak partekatzeko unea da, negozioa atzerrian sendotzeko prozesuari begira.
Atzerriratzearen helburuak
Gehienetan, pertsona bat atzerriratzeko erabakiak negozioa hedatzea du helburu, betiere enpresa nagusiaren know-howa, balioak eta enpresa-kultura kontuan izanda. Gainera, estrategia horri esker, enpresak zuzenean kontrola ditzake atzerrian dituen inbertsioak. Bestalde, zeregin horretarako aukeratu den pertsonak, lanbide- eta bizi-esperientzia berri bat bizitzeaz gain, bere pisu espezifikoa eta ordainsari-maila sendotu ditzake; horixe da, hain zuzen ere, lanbidean aurrera egiteko modu eraginkorrenetako bat.
Arriskuak baloratzea
Horrelako erabaki bat hartzeko orduan ezinbestekoa da enpresak arriskuen ebaluazio egokia egitea, eragiketaren kostua eta errentagarritasuna planifikatzeko. Puntu honetan, helmugako tokiaren egonkortasun soziopolitikoa baloratu behar da, baita atzerriratutako pertsonaren segurtasun-baldintzak eta kasuan kasuko herrialdeko enpresa-kultura ere.
Izapideak erraztea
Plangintza-lan oso horren baitan, enpresak langilearen eta haren familiaren egokitzapen-baldintzekin lotuta dagoen guztia eskaini behar dio, baita gorabeherarik gabeko egokitzapena bermatzeko beharrezkoa den aholkularitza ere. Eginkizun horren barruan, honako hauek daude:
- Bizileku- eta lan-baimenak izapidetzea. Izapide horietarako, beharrezkoa da honako hauek kontuan izatea: atzerriratzearen iraupena; enpresaren tamaina eta jarduera; helmugako bulegoaren araubide juridikoa eta enpresa nagusiarekin duen harremana; beteko duen lanpostua eta funtzioak; mediku-estaldura, oso garrantzitsua helmugako herrialdearen arabera; eta lanbide-kualifikazioa eta familia-inguruabarrak (bikotekidea eta seme-alabak izanez gero, aintzat hartu behar dira ikastetxea eta bikotekidearentzako bizileku-baimena, besteak beste).
- Zerga-betebeharrak non bete. Jatorrizko eta helmugako herrialdeen artean hitzarmen motaren bat badagoen egiaztatu behar da, zergapetze bikoitza saihesteko, egoitza fiskala zehazteko eta abarretarako.
- Laneko eta Gizarte Segurantzako izapideak. Hiru aukera daude atzerriratutako pertsonaren egoera arautzeko:
- Plantillan mantentzea eta esleipen-gutun bat sinatzea, honako alderdi hauek barne hartuz: helmuga-aldaketa; egonaldiaren iraupena eta aldez aurretik itzultzeko aukera; jatorrizko edo helmugako legeriaren aplikazioa; eta baldintza ekonomikoak. Formula hori erabili ohi da bi urtetik beherako egonaldietarako.
- Kontratazioa helmugako herrialdean egitea. Kontratazioa egiten duen enpresa filial bat edo enpresa nagusiak partaidetutako enpresa bat denean, atzerriratutako pertsonak eszedentzia bat har dezake eta helmugako enpresarekin kontratu bat sinatu, hala, lanari, legeriari eta ekonomiari lotutako alderdiak eta Gizarte Segurantzako kotizazioa helmugako herrialdean egiteko.
- Bi kontratu indarrean izatea. Aukera hori ez da oso ohikoa, eta atzerriratutako pertsonak egonaldiak jatorrizko eta helmugako herrialdeetan partekatzen dituenean erabiltzen da. Horregatik, bi kontratu ditu aldi berean, eta bi herrialdeen artean banatzen dira betebeharrak eta eskubideak.
Nazioartekotze-prozesu bati aurre egiteko orduan, enpresa txiki eta ertainei kanpoan ezartzen laguntzeko hainbat aholkularitza-zerbitzu publiko daude. Basque Trade&Investment-ek (Spri Taldearen parte denak), adibidez, mota guztietako informazioa eta laguntza eskaintzen ditu, enpresa baten lehiatzeko abantailak eta merkatu desberdinetara zabaltzeko aukerak aztertzeko. Zerbitzu horrek prozesua abian jartzeko hainbat laguntza ekonomiko eskaintzen ditu, hala nola Sakondu, Zabaldu eta Gauzatu programak. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak zabalik du bere ETE-entzako Nazioartekotze Programa. Azkenik, LABORAL Kutxa Enpresak-ek tresna espezializatuak eta gestore-talde baten laguntza eskaintzen dizkie enpresei, nazioartean hedatzen eta haien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.
Zein da zure erreakzioa?