Portaera-biometria: Zibersegurtasuna areagotzeko portaeraren azterketa

Portaera-biometria: Zibersegurtasuna areagotzeko portaeraren azterketa

3 min.

Portaera-biometria: Zibersegurtasuna areagotzeko portaeraren azterketa

Gero eta gehiago dira zibererasoak izaten dituzten enpresak, eta kasu gehienetan enpresaren jarduera gelditu egin behar izaten dute eraso horien ondorioz. Hori dela-eta, mundu osoan gori-gori dagoen gai nabarmenetako bat da zibersegurtasuna. Horrelako zibererasoak % 41 areagotu ziren iaz Euskadin Ukrainako gerraren ondorioz, eta munduan eraso digital gehien jasaten dituen hirugarren herrialde bihurtzen du horrek Euskadi, eraginpeko enpresen kopuruari gagozkiola. Inor ez da gaitz honetatik libratzen: ospitaleak, bankuak, ETEak edo partikularrak.

Egoera kezkagarri honen aurrean, konponbideak bilatu nahian ari dira konpainia teknologikoak. Pandemia dela-eta online erosketak eta transakzio ekonomikoak nabarmen ugaritu direnez, beren bezeroak babesteko eta iruzurra mota guztietako neurriekin saihesteko modu berriak aurkitu nahian dabiltza enpresak: aztarna digitala edo aurpegi-ezagutza erabiltzea gailu mugikorretan, autentifikazioa bi pausotan, eta abar. Haatik, badirudi praktika horiek ez direla nahikoak biktimen datu pertsonaletan edo banku-datuetan sartzea lortzen duten hackerrak gerarazteko. Ingeniaritza soziala da baliabide ohikoenetako bat, segurtasun-urraketa kasuen % 93 hartzen baitu.

Horrelako erasoak egiteko manipulazio psikologikoko teknikak erabiltzen dira erabiltzaileek informazio konfidentziala eman dezaten edo zibergaizkileen mesederako izan daitekeen edozein ekintza mota egin dezaten. Adibidez, iruzurrezko SMSak bidaliz.

Zer da portaera-biometria eta nola funtzionatzen du?

Pertsona bakoitzak gauzak egiteko modu berezi eta berariazkoa du, eta patroia deitzen zaio normalean horri. Horretara jotzen du portaera-biometriak, portaeraren biometria edo jokabide-biometria gisa ere ezaguna denak; Big Dataren eta Adimen Artifizialaren teknologiak uztartzen ditu, eta soluzio eraginkorrenetako bat bezala ageri zaigu iruzur digitalari aurre egiteko, imitatzeko oso zaila baita.

Erabiltzaile digitalen portaera-patroien azterketa hartzen du ardatz neurri horrek, eta, horrekin batera, erabiltzaileek nola idazten duten, idazteko zer erritmo duten, sagua nola mugitzen duten eta haien ahotsaren patroia, besteak beste. Informazio horrekin, enpresak eta erakundeak pertsona bakoitzarentzat profil berezi eta errepikaezin bat sortzeko gai izan daitezke, etorkizuneko online transakzioetan pertsona bakoitza identifikatua izan dadin erabiltzeko helburuarekin.

Portaera-biometria bankaren sektorean

Bankaren sektorea dugu teknologia horri esker probetxu gehien atera duen sektoreetako bat, gero eta zabalago erabiltzen baita arlo horretan. Maneiatzen den informazio sentsiblearen kantitate handia eta online bankaren erabileraren gehikuntza handia direla-eta, bezeroek babes handiagoa izango dute beren gailuetan eta hobetuta ikusiko dute euren bezero-esperientzia.

Sektore honetako portaera-biometria ez da erabiltzaileentzako beste autentifikazio-metodo batzuk bezain intrusiboa, adibidez pasahitz konplexuekin edo hatz-markak eskaneatzearekin alderatzen badugu. Kasu honetan, zenbait prozesu monitorizatzen dira, hala nola kontu bat irekitzea edo transferentzia bat online egitea, non idazketaren abiadurak edo saguaren klikak iruzurrezko portaera posible bat erakutsi dezaketen. Neurri horrekin, delitugileek pasahitz bat edo kreditu-txartel bat lapurtu dezakete, baina ezin dute pertsona baten portaera berezi eta berariazkoa erreplikatu. 

Ez dago babes nahikorik zibergaizkileen aurka gaur egun, segurtasunarenak baino bilakaera bizkorragoa baitute haien baliabideek. Horregatik, portaera-biometria baliozko erreminta da bezeroak babesteko, eta zibermehatxuen aurkako soluzio eroso eta efektiboa izatera iritsi daiteke.

Portaera-biometria Innova Bilbao 2023 biltzarrean

Martxoaren 24an eta 25ean egingo da Guggenheim Bilbao Museoan Innova Bilbao biltzarraren beste edizio bat, eta aurtengoan ere LABORAL Kutxak babesle gisa parte hartuko du. Gainera, aurten Álvaro Pérez Soria izango da programan, gure erakundeko Open Business eta Berrikuntza lantaldeko kideetako bat. Alvarok sakonago hitz egingo du ostiralean –hilak 24– 17:00etan portaera-biometriari buruz, eta ponentzia horretan azalduko du zertan datzan eta zibersegurtasuna areagotzeko dakartzan abantailak, batez ere bankaren sektorean.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Online bankua Teknologia Segurtasun informatikoa