Proiektu baterako mikrodohaintzak. Nola funtzionatzen du crowdfunding-ak?

Proiektu baterako mikrodohaintzak. Nola funtzionatzen du crowdfunding-ak?

4 min.

Proiektu baterako mikrodohaintzak. Nola funtzionatzen du crowdfunding-ak?

Zer lotura dute Askatasunaren Estatuak, Extremoduroren «Rock Transgresivo» diskoak eta Pebble ordulari adimendunak? Ideia bat gauzatu nahi zuten pertsonen ekarpen txikiekin finantzatu zirela.

Gaur egun «crowdfunding» gisa ezagutzen da proiektuen finantzaketa-mota hori. Negozio bat irekitzea pentsatzen ari bazara, hura martxan jartzeko beharrezko kapitala modu horretara eskuratzea planteatuko zenuen beharbada. Artikulu honetan, finantzaketa kolektiboaren gako batzuk eskainiko dizkizugu.

Oinarrizkoa

Bere garaian, Extremodurok banan-banan saldu behar izan zituen bere diskoa izango zena irudikatzen zuten txartelak, baina gaur egun, crowdfunding-kanpainak Interneteko plataformen bitartez garatzen dira, eta horrela errazagoa da publikoarengana iristea. Plataforma horiek zenbait aukera eskaintzen dituzte:
  • Helburu ekonomiko bat eta gure mezenasei eskaini beharreko ordainsariak finkatu ditzakegu, horiek egindako ekarpenaren arabera.
  • Epe mugatu bat izaten dute (normalean, 40 egun).
  • Dirua biltzeko sistema “dena edo ezer ez” motakoa da, eta, beraz, epe amaieran planteatutako helburu ekonomikoa lortu ez badugu, mezenasei ez zaie diru-kargurik egingo eta ezer bildu ez balitz bezala izango da.
Mikrodohaintzen kanpaina ez da gure ideia garatzeko finantzaketa lortzeko modu baten gisa bakarrik hartu behar, gure ideiak bideragarritasuna duen frogatzeko modu baten gisa baizik, mezenasen profilak eta partaidetza-mailak negozioaren garapenari buruzko oso datu baliagarriak eskainiko baitizkigu.

Kontuan izan beharreko alderdiak

Interneti eta bertan dauden plataformei esker, dohaintzak jasotzen hasteko gure proiektua horietako batean jartzea nahikoa dela uste dute askok, eta horixe da, hain zuzen ere, crowdfunding-aren mito nagusietako bat. Dena den, eta negozio guztietan bezala, crowdfunding-kanpainetan oso garrantzitsua da planifikazio egokia eta lan sakona egitea.

Crowdfunding-kanpaina ez da hasten hura Interneten argitaratzen dugunean, gutxienez hori egin baino hilabete 1 lehenago baizik, denbora-tarte horretan zehar, zure proiektua eta xede-publikoa definitu eta horiengana iristeko mezu egokiak sortu beharko baitituzu.

Era berean, kanpaina ez da amaitzen behar dugun kapitala lortzen dugunean, eta kanpaina amaitu osteko fasean, ordainsarien entrega eta gure mezenasekin izan beharreko komunikazioa kudeatu beharko ditugu, horiek ere gure proiektuaren parte direla senti dezaten. Horrenbestez, crowdfunding-a egitea bururatzen zaizunetik azken ordainsaria bidaltzen duzun arte 3 eta 6 hilabete artean igaro daitezke, edo gehiago.

Izan ere, oso garrantzitsua da gure produktua merkaturatzeko behar dugun denbora ondo kalkulatzea, gure mezenasekin adostutakoa betetzen ez badugu, kanpaina proiektuaren aurka jar baitaiteke.

Finkatu beharreko helburu ekonomikoari dagokionez, hark errealista izan behar du: gure produktua fabrikatzeko edo gure zerbitzua eskaintzeko behar dugun gutxienekoa, betiere “dena edo ezer ez” modura “jokatzen” ari garela kontuan hartuta. Horregatik, oso helburu altua finkatuz gero, gure kanpaina modu arrakastatsuan ez amaitzea gerta daiteke.

Azkenik, eta crowdfunding-kanpaina bat abiarazi aurretik, komunitate bat sortu behar dugu gure ideiaren inguruan, gure kanpaina hedatzen lagun dezaketen pertsonak ondo identifikatuta izateko. Komunitate hori aurretiaz zehazten ez badugu, gure kanpainak porrot egin dezake.

Plataforma ezagunenak

Helburu bera duten plataforma asko daude. Nazioartean Kickstarter da ezagunena, eta 2015. urtetik, Espainiatik ere proiektuak txertatu daitezke bertan. Plataforma horretan 100.000 proiektu baino gehiago finantzatu dira, eta horietako batzuek zifra astronomikoak lortu dituzte; Pebble ordulariaren 2. bertsiorako, adibidez, 12 milioi dolar baino gehiago bildu ziren. Ez da gure lurraldean dugun plataforma bakarra, eta honako lau plataforma hauek azpimarratu nahi ditugu:

Verkami. “Sortzea gogoko dutenentzako crowdfunding" gisa definitzen da, eta artista, sortzaile, diseinatzaile eta abarri bideratuta dago batez ere. Filma bat grabatu, liburu bat argitaratu edo bideo-joko bat sortu nahi baduzu, hau da zure lekua. Proiektuak 40 eguneko iraupena du, eta plataformak bildutako diruaren % 5eko (gehi BEZa) komisioa kobratzen du eskainitako zerbitzuengatik; dena den, zenbateko hori aurreikusitako helburua betetzen bada bakarrik ordaindu beharko da. % 5 horri % 1,35eko komisioa gehitu behar zaio ordainketa txartel bidez egiten bada, eta ordainketa PayPal bidez egiten bada, berriz, horri dagokion komisioa (% 3,4 gehi 0,35 €-ko tarifa finkoa transakzio bakoitzeko).

Goteo. “Gizarte-berrikuntzako proiektuetan liderra den crowdfunding-, laguntza- eta prestakuntza-sare ireki” baten gisa definitzen da. Zure proiektuak ekimen herritarrekin edo gizarte, kultura, teknologia eta hezkuntza arloko proiektuekin zerikusia badu, Goteo da plataforma egokia. Verkamiren kasuan ez bezala, honako honetan bi finantziazio-fase edo -txanda plantea ditzakegu, gutxieneko helburua eta helburu gorena finkatuz. Honako honetan ere “dena edo ezer ez” sistemak funtzionatzen du, baina kasu honetan, gutxieneko helburura bakarrik iritsi behar da, ez gorenera. Lehenengo txandak 40 egun irauten ditu, eta bigarrenak (lehenengo txandan gutxieneko helburua lortzen bada) beste 40 egun. Dena den, bigarren txanda ez da “dena edo ezer ez” motakoa izango, eta ekarpen guztiak izango dira eraginkorrak. Zerbitzuak % 4ko komisioa izango du, eta horri txartel bidez ordaintzeko komisioa (% 0,8 eta % 1,5 artean) edo, aurreko kasuan bezala, PayPalen komisioa gehitu beharko zaio.

Lanzanos. Mota guztietako proiektuetara irekitako plataforma bat da: kulturalak, sozialak, ekintzaileak, solidarioak, ingurumen arlokoak, teknologikoak, gastronomikoak, asmakizunak, autoenpleguarekin lotutakoak... Aurrekoetan bezala, “dena edo ezer ez” sistemarekin topo egiten dugu, eta gure helburua lortuz gero bakarrik kobratu ahal izango dugu dirua. Halere, epea handiagoa da kasu honetan, hura guk aukeratu baitezakegu, baina 90 egunekoa izan daiteke gehienez ere. Komisioa % 5ekoa da oraingo honetan ere, kreditu-txartelari (% 0,9 gehi 30 zentimo transakzio bakoitzeko) edo PayPali dagokion komisioaz gain.

Leetchi. Plataforma honek baditu desberdintasun batzuk aurrekoekin alderatuta. Izan ere, hau ez da crowdfunding-plataforma bat, “pote” komun batean dirua online biltzeko modu bat baizik. Hasiera batean, taldeko opariak edo ezkontzetako zerrendak egiteko pentsatuta zegoen, besteak beste, baina gero eta proiektu solidario edo ekintzaileen proiektu gehiago aurkitu daitezke. Plataforma honek badu abantaila bat aurrekoekin alderatuta, bildutako diru guztia gure kontuan sartzen baita, helburua lortu beharrik izan gabe; gainera, epea guztiz malgua da eta uneoro aldatu dezakegu. Komisioa % 4koa da, eta ez du txartel-komisiorik. Baina crowdfunding-plataforma bat ez denez, ez dago komunitaterik haren inguruan, eta ezin da mezenasentzako ordainsaririk planteatu.

Eta zergatik ez erabili Aurrezklik& kontu bat Crowdfunding-ekimenetarako? Leetchi gisako “pote” sistema bat erabili nahi baduzu, beharbada gure Aurrezklik& kontu bat erabili beharko zenuke. Oso modu sinplean sor dezakezu Internet bidez, eta haren zenbakia mezenasei eman diezaiekezu, horiek beren ekarpenak egin ditzaten. Esku artean duzun proiektu hori aurrera ateratzen lagun diezazuke.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Kreditu lerroak