Salvador Trujillo: «Zibersegurtasuna modu integralean eta ebolutiboan aztertu behar da»
2021-12-02
Salvador Trujillo: «Zibersegurtasuna modu integralean eta ebolutiboan aztertu behar da»
Salvador Trujillok kontrol industrialeko sistemetarako ikerketa eta garapen teknologikoaren arloko jardueretan zentratu du bere lan-ibilbide gehiena; ia 3 urte daramatza IKERLANeko Zibersegurtasun Industrialaren Arloko buru, eta 14 urte baino gehiago erakunde horretan lanean. Zentro teknologiko horrek Arrasaten eta Hernanin du egoitza; 47 urte daramatza enpresei laguntza ematen haien lehiakortasuna hobetzeko, digitalizazio industrialarekin, energiaren kudeaketarekin eta mekatronikarekin lotutako erronka teknologikoetarako konponbideak planteatuz. Elkarrizketa honetan, Salvador Trujillok industria-enpresen lehiakortasuna hobetzeko palanka gisa aurkezten digu zibersegurtasuna. ENPRESENTZAKO BANKA: Zer egoeratan daude euskal industria-enpresak zibersegurtasunari dagokionez? SALVADOR TRUJILLO: Orokorrean, euskal industria-enpresak zibersegurtasun industrialaren arloko lan-ildoak indartzea lehenesten ari dira, eta argi daukate zibersegurtasunak gero eta lehentasun handiagoa duela beren erakundeen barruan. Ikuspegi ugari daude, sektorearen eta enpresaren tamainaren arabera. Ez da gauza bera produktu propio duten enpresen kasua, produktu hori babesteko apustua egiten ari baitira, edo beste batzuen teknologia erabiltzen dutenen kasua. Apustu bat dago arlo publikotik, eta publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana (CYBASQUE klusterraren sorrerarekin indartu dena). Babes garrantzitsua da hori sektorearentzat. EB: Gaur egun, zein dira proiekturik nabarmenenak zibersegurtasun industrialaren arloan? S.T.: I+Gren barruan, zibersegurtasun industrialaren arloko zenbait proiektu nabarmendu ahal ditugu. Batez ere negozioaren jarraitutasunean inpaktua garrantzitsua den sektoreetan, hala nola bankan, sare elektrikoetan edo fabrikazio-industrian. Adibidez, alderdi hau lantzen ari da sektore elektrikoan, erasoren batek sektorean izango lukeen inpaktu negatiboa dela eta. Gainera, azpiegitura kritikotzat jotzen da, hau da, herritarren oinarrizko beharrizan bat da. Pandemian zehar, lanean jarraitzeko aukera eman zitzaien kritikotzat jotako industriei, eta digitalizazioak, eta, ondorioz, zibersegurtasunak gero eta garrantzi handiagoa izan du. EB: Zer ezberdintasun dago industria-sektoreko enpresek ezarri behar dituzten zibersegurtasuneko sistemen eta gainerako sektoreek ezarri behar dituztenen artean? S.T.: Gure ardatza da industria-enpresen produktuei aplikatutako zibersegurtasuneko teknologia erabilita babestea. Hau da, produktuan jartzen da foku berezia. Produktuen teknologiak, protokolo eta araudi industrialak bereziak dira sektorean, eta, horregatik, babesa neurrira antolatzen da. Zibersegurtasun industriala jarduera-hobi bat da, non nazioartean puntakoak diren euskal enpresak baitaude, hala nola CounterCraft, Enigmedia eta Barbara IoT. EB: Zibersegurtasun Industrialaren Arlotik IKTen, energiaren edo mekatronikaren eremuarekin lotutako ikerketa-proiektuak egin dira; nola egokitzen da IKERLAN sektore-aniztasun horri erantzuna emateko? S.T.: Zibersegurtasuna etengabeko bilakaeran dagoen arloa da, eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko faktore bihurtzen ari da. Hori dela eta, IKERLANen argi daukagu sistema industrialen babesarekin (haien hardware-a eta software-a) lotuta dagoen guztia etengabe aurrera egiten ari dela, gero eta erresistentzia handiagoa behar baita egon daitezkeen erasoei aurre egiteko. Gure zentro teknologikoko diziplina anitzeko taldeei esker, zibersegurtasun-proiektuei arrakastaz ekiteko beharrezkoa den ezagutza dugu sektore askotan. Hala, haien erronka eta behar zehatzei erantzuna ematen diegu. Gainera, erakunde publikoen babesa dugu; zenbait programaren bidez, teknologia berriaren mugetan aurrera egiteko espezializazio teknologikoa lortzeko egiten ditugun ahaleginak sustatzen baitituzte. Ikerketaren arloko etengabeko aurrerapen horren ondorioz, aldaketa ugari behar dira diseinuan, berrikuntzan eta horretan ari diren pertsonen talentuan. Gure helburua da industria-enpresak ahalik eta babestuen egotea segurtasunari dagokionez, eta, horregatik, lehenago esan duguna azken urteetan asko landu ditugun alderdiak dira. Horregatik dugu egokitzeko gaitasun hau. EB: Zein da IKERLANek arlo honetan egindako lana ondoen islatzen duen arrakasta-kasua? S.T.: Oso eremu berezia da, eta, konfidentzialtasunarekin lotutako arrazoiak direla medio, ezin dugu kasu zehatzik aipatu. Sektore batzuetan, zibersegurtasunaz hitz egiten denean, kontuzko gaia denez, nolabaiteko beldurra dago lehiakideari dagokionez eta eraso baten jomuga izateari dagokionez. Hala ere, aipatu dezakegu urteak daramatzagula lanean industria ziberseguruagoa izan dadin, sare elektrikoaren, makina-erremintaren, garraioaren eta, orokorrean, industriako ondasun-ekipamenduen esparruan egindako proiektuen bidez. EB: Zein dira gehien eskatutako profilak zibersegurtasunaren arloan teknologia garatzeko? Nola dago osatuta IKERLANen taldea? S.T.: Langile-eskaera handia duen sektorea da, ez baitago jende asko horretarako prestatuta arlo honetan. Ingeniaritzan doktoregoa duten pertsonak behar dira, edo zibersegurtasun industrialarekin lotutako masterrak egin dituztenak. Gaur egun, zibersegurtasun industrialeko taldean 50 pertsona inguru daude, eta oso zeharkakoa da. Espezialitate ugaritan prestatutako pertsonak dira: ingeniaritza elektronikotik, telekomunikazioetatik eta informatika, antzeko espezialitateetaraino. Profil hain ezberdinei esker, hainbat agertokitan egin dezakegu lan, zibersegurtasuna modu integral eta ebolutiboan landu behar baita.
Zein da zure erreakzioa?