Segurtasuna Interneten txartelaren bidez ordaintzean
2012-06-22
Segurtasuna Interneten txartelaren bidez ordaintzean
Erosketak online dendetan egiten dituzten bezeroak gehien kezkatzen dituen gaietako bat segurtasuna da. Zer gertatzen da nire datuekin? Zer gertatzen da erositakoa jasotzen ez badut? Baina aholku erraz hauek kontuan hartuta, ez dago zertaz kezkaturik.
Interneten egindako erosketak ordaintzeko, kreditu-txartela edo zordunketa-txartela erabiltzen dugunean, bi datu-mota eskatzen dizkigute:
- Bezeroaren erregistro-datuak. Normalean saltoki elektronikoek datu-base bat izan ohi dute, bidalketak eta balizko promozioak kudeatzeko. Base horretan, eroslearen datu pertsonalak jasotzen dira: izen-deiturak, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea… Ez ordea txartelaren zenbakia.
- Ordainketa kudeatzeko datuak.Erosketa txartelaren bidez ordaindu ahal izateko, honako datu hauek eskatuko dizkigute:
- Txartelaren zenbakia
- Iraungitze-data
- CVV2 (txartelaren atzealdeko hiru digitu)
- Erosketa elektroniko seguruaren gakoak (saltokian sistema hori ezarrita badago bakarrik)
- Orriaren helbideak honela hasi beharko du: https (ohiko http delakoaren ordez)
- Nabigatzailearen goiko edo beheko aldean giltza edo giltzarrapo bat agertu beharko da (nabigatzaile batzuetan klik egin beharko da helbide-barran, beste kolore batez nabarmendutako tokian, hori hala den egiaztatzeko).
Visaren aholkuak
Oinarrizko aholku horiek ez ezik, aintzat hartzekoak dira, halaber, Visa Europaren gomendio hauek:- Erosketak saltoki ezagunetan egin, edo, erosketak egin aurretik, haiei buruzko informazioa eskatu, guztiz fidagarriak direla ziurtatzeko.
- Ez jakinarazi inoiz txartelaren gakoa saltokiari.
- Idatziz jaso beti interneten egindako eragiketen (erosketen) berri, saltokiaren URL delakoa (Interneteko helbidea) barne.
- Saltokiek erosketaren xehetasunen berri emanez bidaltzen dituzten posta elektronikoak gorde.
- Ezer erosi baino lehen, salgaiak bidaltzeko eta itzultzeko politika irakurri. Webguneak agerian izan behar du salgaiak bidaltzeko eta bidalketa-gastuei buruzko informazioa, bai eta onartzen dituzten dibisei eta ezartzen dituzten zergei buruzko informazioa ere.
- Saltokiaren telefono-zenbaki bat edo posta elektronikoko helbide bat bilatu eta idatziz jaso, kontsultaren bat egin beharko balitz ere.
- Txartelaren xehetasunak bidali aurretik, xehetasunok kodetuak izango direla ziurtatu (helbidea https delakotik hasten dela egiaztatu edo giltza edo giltzarrapo itxita bilatu nabigatzailearen goiko edo beheko aldean).
- Nabigatzailearen azken bertsioa erabili eta ordenagailuaren sistema eragilea eguneratuta dagoela ziurtatu.
Eta erosketa jasotzen ez badut?
Edozein arrazoi dela eta, behin erosketa ordaindu ondoren, erositako produktua jasotzen ez badugu, lehenik eta behin harremanetan jarriko gara saltokiarekin, eta hark gure erreklamazioari muzin egiten badio, ordaindutako zenbatekoaren itzulketa lortzeko egin beharreko urratsak egiten hasteko eskatuko diogu gure banketxeari.Horretarako, erosketa jaso ez izanaren erreklamazioa egin dugula egiaztatu beharko dugu, bai eta ordainketa egina dagoela ere.
Erreklamazioak Visa araudiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen baditu, itzulketarako prozesua abian jarriko da.
Salerosketa Elektroniko Seguruari lotutako txartelak
Interneten egindako erosketak segurtasunez ordaintzeko gorago ikusi ditugun gomendioak aski badira ere, saltoki gehienek segurtasun-sistema gehigarri bat dute, Salerosketa Elektroniko Segurua delakoa. Sistema horrek saltokia eta txartelaren jabea egiaztatzeko aukera eskaintzen du, eta, hartara, txartela iruzurkeriaz erabilia izan dadin saihesteko.Finantza-erakunde guztiak derrigortuta daude titularrei zerbitzu hori aktibatzeko aukera eskaintzeko, baina jaulkitzaile bakoitzak bere bidea erabiltzen du horretarako.
Euskadiko Kutxaren kasuan, txartela gure telefono mugikorrari lotzea da lehenengo gauza. Hori egiteko gure bulegora jo dezakegu, baina CLNet edo Telebanka bidez ere egin daiteke.
Gero, “Verified by Visa” ikurra daukan saltoki batean egindako erosketa ordaintzeko unean, gako bat jasoko dugu mugikorrean, eragiketa horretan bakarrik erabiltzeko.
PayPal bidezko ordainketak
Interneten egindako erosketak ordaintzeko beste sistema ezagun bat PayPal delakoa da. Bide hori erabiltzeko, sistema horretan izena eman eta gure txartela edo kontu korrontea hari lotu besterik ez dugu egin behar.Ordainketa modu hori aukeratzen badugu (ez da saltoki guztietan eskaintzen), saltokiko webguneak PayPalera eramango gaitu, eta behin gure kontuan sartu ondoren, gure erabiltzaile-izena eta pasahitza erabiliz, erosketa berretsi besterik ez dugu egin beharko. Hau da, ez dugu zertan sarturik gure txartelaren zenbakia saltoki elektronikoan.
Zein da zure erreakzioa?