Sortu zeure enpresa 5 urratsetan Gaztempresaren bidez

Sortu zeure enpresa 5 urratsetan Gaztempresaren bidez

4 min.

Sortu zeure enpresa 5 urratsetan Gaztempresaren bidez

Amets bat duzu: zeure negozioa sortzea. Hobekien egiten duzuna eginez bizi nahi duzu. Gainera, ez duzu nagusirik eduki nahi. Edota, hobeto esanda, bezero bakoitza nagusi zorrotz bat izatea nahi duzu, barruan duzun hoberena aterarazteko. Eta badakizu Laboral Kutxan finantzaketa baino zerbait gehiago aurkituko duzula, Gaztempresari buruz zerbait entzun duzulako. Izan ere, 2012an soilik, Laboral Kutxaren fundazio horrek 389 pertsonak lan egiten duten 211 enpresa sortzen lagundu zuen. Alabaina, ba al duzu zeure proiektua aurrera ateratzeko laguntza hori eskuratzeko aukerarik? Nora jo behar duzu? Zer urrats eman behar duzu? Lagun gaitzazu eta ikusiko duzu zeure enpresa txikia izanik ere, badela beste modu bat hura eratzeko.

Gogoan izan Gaztempresan enpresak izan behar duela gaztea, eta ez ekintzaileak. Beraz, ez zaitez arduratu zeure adinagatik, hemen ongi etorria izango zarelako. Zeure proiektua eratzeko asmoz bazabiltza, Gaztempresara zuzenean etortzeko aukera duzu, edota 900 10 11 43 doako telefono-zenbakira dei dezakezu. Dena dela, lehenago Laboral Kutxaren sukurtsal batera jotzea ere baduzu, gestore batek urratsik onenak zein diren argitzeko. Seguruenik dagoeneko ezagutu egiten zaitu, eta berak gomendaturik  iritsiko zara Gaztempresara. Ez zaitez arduratu oraindik bezeroa ez bazara, hori ere ez delako ezinbesteko baldintza.

Gaztempresak lema erraza du: “kontatu zeure proiektua eta gauzatzen lagunduko dizugu". Eta hori burutzeko, bost urrats dituen ibilbidea diseinatu dugu.

1. Diagnostikoa

Lehenik eta behin ekintzaileari bere proiektua idatziz jartzeko eskatzen diogu. Normalean euren negozio-ideia ahoz azaltzen dute eta ez dute arazorik hitzez zehazteko zergatik proposatzen duten etorkizuneko proiektua. Idazten dutenean, berriz, ekintzaileek eurek antzematen dituzte ahulguneak eta non jarri behar duten indarra bideragarri bihurtzeko. Lehen fase horretan neurrigabeko inbertsioak nabarmentzen dira: benetan behar duzu horren lokal garestia zeure jarduera garatzeko? Gastuak ahalik eta gehien murriztea da negozioa finkatu eta garatu ahal izateko neurririk zentzudunena.

2. Garapena

Gaztempresako teknikariek negozioaren Enpresa Plana zehazten laguntzen diete ekintzaileei. Maisu-agiri horrek zehaztuko du zer izango den jarduera, zer arazo ebatziko dituen, nor izango diren kontsumitzaileak, zer inbertsio egin behar den, bai eta gainerako funtsezko elementuak ere. Horixe da gehien gustatzen zaigun zatia: ekintzailearen ideia hartu eta, gure ezagutzaren eta esperientziaren bidez, zerbait ukigarria, etorkizuna duen zerbait bihurtzen laguntzea. Helburua da proiektuak hasierako mamia ez galtzea eta, aldi berean, ehunka negozio eratuta eskuratu dugun jakituria eranstea.

3. Finantzaketa

Gaztempresan, behar duen gutxieneko inbertsioa zehazten laguntzeaz gain, Laboral Kutxan kreditua baldintzarik hoberenetan eskatzen ere laguntzen diogu ekintzaileari. Azkenean Gaztempresako eta gure sukurtsaletako teknikariak txanpon beraren bi aldeak dira. Biek ala biek zeure negozioa eratzen lagundu nahi dizute (ekintzaileentzako kredituek baldintza hobeak izaten dituzte), bakoitzak bere eginkizunetik: Gaztempresan zeure negozioa fintzen laguntzen dizute, eta sukurtsaletan zeure konpromisoei aurre egin ahal izango diezula ziurtatzeko bermeak eta abalak aztertzen dituzte. Baina lasai egon zaitezke: prozesu osoa Gaztempresarekin batera egin baduzu, Enpresa Planaren bidez dagoeneko erakutsi duzu zeure negozioak “itxura ona" duela. Gainera, une horretatik aurrera, ekintzaileak Laboral Kutxan PRO izatearen abantaila guztiak izango ditu.

4. Irekiera

Paperak betetzea, burokrazia, leihatilak... zailena ez da ilaran zain egotea eta inprimakiak betetzea. Autonomoa bihurtzeko, kooperatiba bat eratzeko, SL bat antolatzeko zenbat urrats egin behar diren jakitea da zailena. Utziko diguzu laguntzen? Gaztempresan pisu hori arinduko dizugu: zure gestore pertsonalak izango gara prozesu horretan, eta alta emateko izapideen zati handi bat egingo dugu zure ordez. Gainera, eskura ditzakezun dirulaguntza publikoen berri emango dizugu. Ez dugu nahi ganoraz hasteko aukera bakar bat galtzerik.

5. Finkatzea

Negozioa ireki ondoren utzi egingo zaitugula uste duzu? Pertsiana igotzen duzun unean gure teknikariek "agur benhur" esango dizutela uste duzu? Ezta pentsatu ere. Gure arteko harremana ezkontza sendoa izatea nahi dugu, eta ez ezkongai-aldi iheskorra. Horregatik gestioa jarraitu eta kontrolatzeko zerbitzua eskaintzen dizugu. Une hori iristen denerako ondo ezagutuko dugu elkar, eta zure alboan egongo gara, batez ere lehen ustekabeak iristen direnean. Gainera, gogoan izan Laboral Kutxaren PRO kontuak Consulting PRO zerbitzua duela: profesionalentzako doako aholkularitza kontabilitatearen, zergaren eta legearen alorretan. Gainera, orotariko tailer eta mintegi praktikoak ematen ditugu, etengabe prestatzen jarrai dezazun.

Ekina eta adorea soberan duten pertsonek dagoeneko burutu dute ibilbide hori. Adibidez, Los Caprichos de Camille denda ireki duten Unaik eta Loreak, eta Sergiok, Ruta 35 bere tatuaje-zentroa sortu duen artistak. Ez da harritzekoa Gaztempresako profesionalei alaitasun-irribarrea ateratzea hezurmamitzen lagundu duten proiektu horiei buruz aritzen direnean. Izan ere, ekintzailetzari laguntzeko unean ere, bada beste modu bat.

Nola sortu enpresa 5 urratsetan Gaztempresaren laguntzaz


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Finantza azterketa