Sortu zure etorkizuna ekintzailetzaren bidez
2021-05-16
Sortu zure etorkizuna ekintzailetzaren bidez
Larunbatean, apirilak 16, ospatzen da Ekintzailetzaren Mundu Eguna. Egun seinalatua da pertsona ugarik berezkoa duten eta mundua ideia berritzaileen bidez mugitzen duen espiritu ekintzailea bultzatzeko.
Honaino iritsita, gure egunerokoan entzuten dugu, besteak beste, enpresa emergenteen erreferentzia egiten duen startup terminoa, adibidez. Konpainia sortu berriak izaten dira, teknologia etengabe erabiltzen dutenak beren zerbitzuak burutzeko. Anbizioa eta mentalitate disruptiboa duten gazteak izan ohi dira sortzaileak, eta produktuaren hasierako merkaturatze-fasearen ondoren produktua merkatuan finkatzea eta enpresa kontsolidatua izatea lortzen dute. Une horretan esan dezakegu ezegonkortasun-fasea gainditzea lortu dutela, eragiketa-ziklo etengabea atxikitzen dutela eta merkatuan beren tartea aurkitzea lortu dutela, oraindik aztertu gabeko negozio-nitxo bat detektatu izanaren ondorioz. Horri guztiari esker, hazkunde-fasean dago konpainia.
Unikorniotik dinosaurora startup baten heldutasun-mailaren arabera
Txantxa-itxura hartuko diote zenbaitek beharbada, baina, kontuak kontu, gaur egun izendapen mitologiko jakin batzuk daude startupak kalifikatzeko, haietako bakoitzaren heldutasun-mailaren arabera.
Kalifikazio aipagarriena "unikornio" startupena da, eta kapital pribatuarekin finantzatutako enpresak daude bertan, betiere haien balorazioak 1.000 milioi dolarreko langa gainditzen badu. Enpresa oso berritzaileak daude hemen, ia ezerezetik atera direla esan daitekeenak, eta oso bizkor hazi direnak merkatu oso zabal bat lortuz. Haatik, izaera mitologikoko beste kalifikazio batzuk ere aurkitzen ditugu, hala nola "dekakornioa" (10.000 milioi euroko balorazioa gainditu duten enpresak), "zentauroak" (100 milioitik gorako balorazioa), "poneyak" edo "dinosauroak", jada Burtsara irten diren eta a priori potentzial handia duten enpresak, hain zuzen ere.
Hazkundea sektoreka
Gaur egun, ETEak dira estatuan hazkunde handiena duten konpainiak, betiere 50 langile baino gutxiago dituztenei gagozkiela. "Gazela-enpresak” deitutakoak dira, azken hiru urteko aldian urtean % 20tik gorako erritmoan hazten ari direnak. Hemen sektore tradizionaletan aritzen dira gehienak, ordena beherakorrean:
- Bizitegitarako eraikinen eraikuntza
- Salgaien errepide bidezko garraioa
- Jatetxeak eta janari-postuak
- Eraikuntza espezializatutako jarduerak
- Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak
- Metal-arotzeriako fabrikazioa
- Iturgintza eta klimatizazio-instalazioak
- Elektrizitate-instalazioak
- Informazioaren eta informatikaren teknologiak
Munduan ezagunak diren arrakasta-kasuak
Mitikoak dira jada zerotik hasi ziren enpresa ospetsu jakin batzuen kasuak, ekintzailetzari gurasoen garajetik ekinez edo behetik lanean hasiz. Beren ideia berritzaile eta hausleei esker errotzea eta haztea lortu zuten. Zeinek pentsatuko zuen hogeitaka urteko gazteek sortutako startupak, kasu askotan oraindik ere unibertsitatea amaitu ez zuten sortzaileen eskutik, munduan nagusi diren megakorporazio bihurtuko zirenik azkenean?
- Amancio Ortegak zenbait jantzi-dendatan lan egin zuen 60ko hamarkadan txabusinen eta albornozen enpresa bat sortzeko mailegu bat eskatzea erabaki zuen arte. Hori izan zen haren arrakastaren hasiera, eta gainerakoa sobera ezaguna da.
- Steve Jobs-ek eta Steve Wozniak-ek Apple I konpainian lan egiten zuten eta finantzaketa lortu beharra izan zuten nahitaezkoak zitzaizkien pieza batzuk erosteko. Horregatik erabaki zuen Steven Jobsek Volkswagen furgoneta bat eta Hewlett-Packard 65 kalkulagailu zientifiko bat saltzea, 1.500 eta 500 dolarren truke, hurrenez hurren. Gainerakoa historia da.
- Larry Page-k eta Sergey Brin-ek garajerik ere ez zuten, eta, hori horrela, emakumezko lagun batek berea utzi zien, eta bertan eman zituen Googlek bere lehenengo pausoak.
- Ingvar Kamprad, Ikea enpresaren sortzailea, poxpoloak saltzen aritzen zen bere auzokoen artean, bere bizikletarekin egiten zuen banaketa, eta lortzen zituen diru-sarrerekin bere salmenta-katalogoa handitzen hasi zen.
Made in Euskadi kasu batzuk
Beren ametsa negozio errentagarri bihurtzea lortu duten pertsona ekintzaileen historiak aurkitzeko ez da beharrezkoa hain urruti joatea eta planetako enpresa handienen kasuak aipatzea. Badira Euskadin eta Nafarroan zenbait enpresa merkatuan sendotzea lortu eta ehunka langile eta hainbat milioitako mozkinak dituztenak. Sortu zituzten pertsonek negozio ekintzaileetarako ideiak izan zituzten, eta lan gogorraren ondoren euskal industria-sarean ezartzea lortu dute.
- Low Cost Euskadi (Trapagaran). Autozerbitzuko gasolindegien sare bat sortu duen enpresa bat da. Bizkaiko eta Arabako puntu estrategikoetan kokatutako 6 gasolindegi ditu gaur egun, eta kalitate handiko erregaiak eskaintzen ditu oso prezio lehiakorrean.
- Transordizia High & Heavy (Irun). Industria-ibilgailuen eta autobusen nazioarteko banaketa logistikoan aritzen da, eta 2020an soilik % 6,58ko errentagarritasun ekonomikoa lortu zuen.
- Amenabar Grupo Promotor e Inmobiliario (Donostia). Higiezinen arloko euskal talde sustatzaile hau etxebizitzen sustapen ugari eta modernoen protagonista izan da azken urteetan, babes ofizialeko etxebizitzei zein salmenta librekoei dagokienez, ez bakarrik Euskadin, baita Bartzelonan, Madrilen, Nafarroan edo Errioxan ere.
- Industrial Packaging Solutions Spain (Gasteiz). Zurezko enbalajeen enpresa hau Alemaniako Fürstenberg konpainiaren filialetako bat da, eta 2015ean sortu zuten. Mercedez-Benz Espainia da gaur egun bere bezero nagusietako bat.
- Esergui Disteser (Zierbena). Bilboko Portu barruan dagoen eta 2015ean sortua izan zen enpresa hau hidrokarburoen –eta beste produktu energetiko batzuen– biltegiratze-lanetan eta handizkako merkataritzan aritzen da. Azken lau urteetan izan duen salmenta-bilakaerak goranzko joera izan du, eta 2019an lortutako emaitza garbia ia % 56 gehiago izan da iazkoarekin alderatuz gero.
- Grupo K Refrigeración (Iruñea). Merkatuan 7 urte eman ondoren, enpresa aditua dugu hozketa komertzialean eta industrialean. Hain hazkunde handia izan du azken urteetan, ezen 6 milioi euroko kapital-zabalkuntza egin baitzuen 2020an, nazioartean zuen presentzia gehitzeko helburuarekin.
- Calgesta Footwear (Noain). Txikizkako merkataritzan aritzen da modaren sektorean. Gaur egun 80tik gora saltoki propio ditu penintsula osoan banatuta.
Egungoa bezalako zalantzazko aldi batean merkataritza-aukera berriak ere sortu daitezke. Proiektua martxan jartzeak edozein abentura ekintzailerako beharrezkoak diren ilusioa eta adorea eskatuko ditu, eta horrez gain, Gaztenpresa bezalako enpresek eskaintzen duten plan bat eta akonpainamendu bat egitea ere bai. Horri esker, proiektuaren arriskua eta errentagarritasuna kalkulatu ahalko da, baita proiektuak epe labur, ertain eta luzean duen errentagarritasuna ere.
Zein da zure erreakzioa?