Txakurrentzako aseguruak, zer jakin behar duzu
2019-02-12
Txakurrentzako aseguruak, zer jakin behar duzu
Lasaitasuna zuretzat eta zure maskotarentzat. Horixe irabazten duzu, etxea ez ezik maskota ere aseguratzen duzunean. Izan ere, zure etxe-aseguruaren estaldura txakurrak eragin litzakeen kalteetara hedatzen bada ere, ez ditu albaitaritzako gastuak eta bestelako gorabeherak estaltzen.
16.000 intzidente baino gehiago urtean
Bazenekien txakur-izenik ohikoenak Thor, Lola, Kira eta Luna direla? Hala egiaztatu du maskotentzako aseguruari buruzko lehen hurbilpen-ikerketak, Estamos Seguros 2016 txostenean ageri denak. Etxeko animaliekin lotutako 16.000 intzidente erregistratu ditu txosten horrek. Gertaera gehienak, % 98,5, lagun egiteko animaliarik ohikoenek eragin zuten: txakurrek.Aseguratuta al dago zure txakurra?
Pentsatu al duzu inoiz zer gertatuko litzatekeen txakurrak uhala askatu, galtzada zeharkatu eta istripu bat eragingo balu? Edo ibilgailuren batek harrapatuko balu? Aseguruak babestu egiten zaitu horrelako gertaeren aurrean, egoera horiek, gutxitan gertatu arren, oso kezkagarriak dira eta. Azken batean, erosi dituenaren erantzukizunpean daude maskotak. Horregatik, horrelako polizak gero eta gehiago kontratatzen dira, gero eta kontzientziatuago baikaude gure txakurrek duten arriskuaz eta haiekin bizitzeak dakarren erantzukizunaz. Eta, horregatik, maskotak istripuren bat duenerako albaitaritza-zerbitzuak ematea da interesik handiena sortzen duen estalduretako bat.Zer estaltzen du zure etxeko aseguruak?
Etxeko aseguru batzuek erantzukizun zibila hartzen dute barne, etxeko animaliek hirugarrenei eragin liezazkieketen kalteak estaltzeko, hau da, eragin litzaketen kalteen ordainak. Beraz, komeni da zure poliza begiratzea, ikusteko ea familiaren erantzukizun zibila jasotzen duen kontratuaren zatiak maskotaren erantzukizun zibila ere barne hartzen duen ala ez.Dena dela, etxeko aseguruek ez dituzte estaltzen, adibidez, albaitariarenganako bisitak, ezta animaliak istripua izanez gero jasan litzakeen kalteak ere. Horrelakoei aurre egiteko, beraz, komeni da animaliarentzako berariazko aseguru bat kontratatzea.
Zure maskotarentzako aseguru bat kontratatzearen abantailak
- Albaitaritza-laguntza. Maskotak izakiak dira; hortaz, gaixotu egiten dira, eta haien osasuna zaindu beharra dago. Txakurra familiako kide bat bada, txakurra aseguratzeko arrazoiak gizakientzako osasun-asegurua edo erantzukizun zibileko asegurua kontratatzeko arrazoi berberak dira. Horren erakusgarri da datu hau: aseguruari egindako 10 laguntza-eskaeratatik 7k zerikusia dute maskoten osasunarekin.
- Hirugarrenei eragindako kalteak. Nahiz eta zure maskota ondo hezita egon eta oldarkorra ez izan, ez dago bermatuta inoiz ez dela mehatxatuta sentituko edo ez duela ustekabeko erreakziorik izango, adibidez bide publikoa zeharkatuz, haginka eginez edo beste maskota bati —kasurik ohikoena da— edo pertsonei zein ondasunei kalte eginez. Mugikorrak eta betaurrekoak, adibidez, kalteturik gertatu ohi dira horrelako gertaeretan, eta kalte horien erantzulea animaliaren jabea da.
- Arriskutsutzat hartzen diren txakurrak. Arriskutsutzat hartzen den arraza bateko txakurra duzu? Zure maskota rottweilerra, pitbulla edo Argentinako dogoa bata —erne, arriskutsutzat hartutako arrazak ezberdinak dira autonomia-erkidego batetik bestera—, litekeena da bizi zaren lurraldean berariazko erantzukizun-asegurua egin behar izatea. Oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Madrilen bakarrik da nahitaezkoa txakur guztientzako asegurua egitea. Gainerako erkidegoetan, berriz, arriskutsutzat hartzen diren arrazetako txakurrentzat soilik egin behar da asegurua.
- Galera edo lapurreta. Ez da ohikoa, baina litekeena da zure maskota galtzea edo norbaitek lapurtzea. Horrelakoetan, txakurra bilatzeko eta, urrun aurkituz gero, handik ekartzeko gastuak estal ditzake aseguruak.
- Zuk ezin duzunean, txakurra zaintzea. Gerta liteke zure txakurra zaindu ezin izatea, ospitalean denboraldi bat pasatu behar duzulako. Pentsatu duzu inoiz? Hori gertatuz gero, txakurra zaintzeko gastuak estal ditzake aseguruak.
- Heriotza. Txakurra hilez gero, maskotentzako aseguruek gorpua kentzeko gastuak estal ditzakete, eta kalte-ordaina ere eman dezakete.
Zein da zure erreakzioa?