Udapa Sozietate Kooperatiboari egindako elkarrizketa: «Benetan harrotasunez betetzen gaituena da gure ingurunean aberastasuna sortzen jarraitu ahal izatea»

Udapa Sozietate Kooperatiboari egindako elkarrizketa: «Benetan harrotasunez betetzen gaituena da gure ingurunean aberastasuna sortzen jarraitu ahal izatea»

4 min.

Udapa Sozietate Kooperatiboari egindako elkarrizketa: «Benetan harrotasunez betetzen gaituena da gure ingurunean aberastasuna sortzen jarraitu ahal izatea»

Uztailaren 2an Kooperatiben Nazioarteko Eguna izan zen. Banka kooperatibo gisa, mugarri berezia da Laboral Kutxarentzat.

Eguna ospatzeko, Laboral Irratia Enpresan Alfonso Sáenz de Cámarari eta Ana Carrasco de Udapari elkarrizketa egin genien.

 

LK Enpresa: Zer da Udapa eta nola sortu zen?

Alfonso Sáenz de Cámara: Udapa 1993an sortu zen. Aldaketez beteriko aldia izan zen, zenbait mugarrik markatua, adibidez, Espainia EEEri atxikitzea, nekazaritza-sektorean 1992. urtean krisi handia izatea eta Eusko Jaurlaritzak labeldun produktuak merkaturatzea.

Udapa sozietate mugatu gisa jaio zen, Arabako nekazaritza-sektoreko erakunde guztien zeharkako proiektu gisa, patataren estrategia berria kalitateko Eusko Label ezagunarekin indartzeko asmoz. Aipatu dudan krisi horren ondorioz, bazkide batzuk bereizi egin ziren. Baina proiektu honen kide ginen beste pertsona batzuek bat egin genuen proiektua berriro merkaturatzeko, Araban patatatik bizitzen jarraitu genezakeela sinetsita, baina estrategia biratuz eta arreta kontsumitzaileengan jarriz.

 

LK Enpresa: Eta nork osatzen du Udapa?

Ana Carrasco: Udapa bigarren graduko kooperatiba da, eta eredu bitxi samarra, 3 kooperatibaz osatuta dagoelako eta bakoitzak ekintza-eremu batean diharduelako:

  • Landa-kudeaketa, Propaco patata-ekoizleen kooperatibak gauzatzen duena.
  • Kooperatibaren kudeaketa, Proagral elkarlaneko kooperatiban gauzatzen dena.
  • Laboral Kutxa. Oso aliatu garrantzitsua, egunerokotasunak kutsatuta ez dagoen kanpoko ikuspegia ekarri digulako. Arreta merkatuan, Udaparen finantza-egoeran eta, azken batean, kontsumitzaileengan eta gure bezeroei eman behar diegun zerbitzuan jartzen lagundu digu.

 

LK Enpresa: Nolakoa izan zen sozietate mugatua izatetik kooperatiba izateko aldaketa eta zerk eraman zintuzten urrats hori egitera?

Alfonso Sáenz de Cámara: Kooperatiba guztiak behar batetik jaiotzen dira. Udapa testuinguru zail batean sortu zen eta ados jarri behar izan genuen balio-kate guztia, ekoizpenetik merkaturaino, bultzatuko zuen trakzio-proiektu bat lortzeko.

Hiru arrazoi nagusi izan genituen kooperatiba baten alde egiteko:

  • Ekonomikoak: Udapak bere ibilbidea hasi zuenean, ez geneukan bestela abiatzeko baliabide ekonomikorik, eta forma juridiko horrekin dirulaguntza gehiago eskuratu ahal izan genituen.
  • Konbentzimendua: kooperatiba baten balioetan sinesten genuen, baita eredu irabazlea zela ere. Interesgarria iruditzen zitzaigun alderdi guztien ahaleginak, hots, kudeaketa, ekoizpen eta finantzaketarenak, bateratzea eta denok elkarrekin lan egitea.
  • Balioak: proiektu hau funtzionarazteko, kooperatibetan oso sustraituta dauden balioak behar genituen. Eskuarki kooperatibekin lotutako balioei eskuzabaltasuna gehituko genieke. Udapan uste dugu negozioan ez ezik eremu sozialean ere hazten jarraitu behar dugula. Eta, gainera, zenbat eta proiektua gehiago hazi, orduan eta gehiago irabaziko dugu denok.

 

LK Enpresa: Udapa oso enpresa dinamikoa da askotariko proiektutan, bai landan, Beltza, Edurne eta Amandine barietate berriak merkaturatuz, bai kontsumitzaileentzako formatu berrietan, hala nola Udapa Fácil gama, baita elikagaien teknologian punta-puntakoa den kontserbatzeko eta ontziratzeko instalazio batean egindako industria-inbertsioetan ere.  Zer proiektu nabarmendu nahiko zenukete lantzen ari zaretenen artean?

Ana Carrasco: Udapa Fácil eskuzabaltasunaz aipatu dugunaren adibide argia da. Mozkinen % 100 inbertsio berrietara bideratzen ditugunez, aberastasuna sortzen jarraitu ahal izan dugu eta kooperatiba berri bat sortu dugu: Paturpat patata-prozesatuak, zeinaren % 90 Udaparena den.

Bertan, partikularrentzat, ostalaritzako langileentzat eta abarrentzat erosoagoak diren formatu berriak lantzen ditugu, zeinetan patata zurituta, zatituta eta prestatuta eskaintzen den.

Industria-lerro berri horrek zenbait milioi euroko inbertsioa eskatzen du, eta hori posible da Udapan denborarekin jasangarritasun ekonomikoa sortzean sinesten dugulako:

  • Lanpostu berriak sortu ditugu.
  • Hain estetikoak ez diren eta banaketa handian salbiderik ez duten produktuei salbidea eman diegu.
  • Kooperatiban ekonomia zirkularra txertatu dugu hein batean.

Berrikuntzan, honako hauek azpimarratuko genituzke:

  • Beltza eta Edurne barietate berriak, Neiker nekazaritza-ikerketarako euskal zentroak garatuak.
  • Amandine, beste patata-enpresa batzuekin elkartuz burutu dugun prozesua.
  • Poltsaratutako produktuen lerro berrietan egindako inbertsio berriak.
  • % 40ko ur-aurrezkia garbigailu berrietan.

Proiektu asko dauzkagu esku artean, baina benetan harrotasunez betetzen gaituena da gure ingurunean aberastasuna sortzen jarraitu ahal izatea.

 

LK Enpresa: Zer erronkari aurre egin beharko diozue etorkizunean, zuen ustez? 

Ana Carrasco eta Alfonso Sáenz de Cámara: Erronka anitz dauzkagu aurrean:

  • Jasangarritasuna. Gure DNAn oso integratuta daukagun zerbait da, baina oraindik badago egiteko asko.
  • Landa. Labore-hektareak atxiki behar ditugu. Landan daukagun arazo handietako bat belaunaldi-erreleboa da. Ekoizleei gero eta gehiago eskatzen zaie, bai kudeaketari bai araudien errespetuari dagokienez. Ekoizle berriek enpresaburuak izan behar dute eta Udapan bide horretan lagundu nahi diegu.
  • Produktu freskoen kontsumoaren murrizketa Beheranzko joera hori merkatuko errealitatea da eta produktuon kontsumoa sustatzeko lan egin eta inbertitu behar dugu.
  • Arau-aldaketetarako egokitzapena. 2023an Ontziei buruzko Legea indarrean hasiko da, 1,5 kg baino gutxiagoko produktu freskoen ontziak desagerrarazteko helburuarekin. Aurrera egiteko egokitu beharko dugun aldaketen adibide bat baino ez da hori.
  • Erronkei aurre egin beharko diegu gure azken bezeroen eta banaketa handiaren partner onenak izateko, laborantzara teknologia berriak ekartzeko eta merkatuaren eskakizunak betetzeko.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Elkarrizketak