WATS TEAM: «Enpresetan errendimendu handiko taldeak nahi baditugu, kirol-talde batean bezala landu behar dugu»
2021-04-30
WATS TEAM: «Enpresetan errendimendu handiko taldeak nahi baditugu, kirol-talde batean bezala landu behar dugu»
Duela 5 urte, hiru gazte euskaldunek WATS Team sortu zuten kirolaren balioak sustatzeko eta arlo horretan indarkeria desagerrarazteko helburuarekin. Gaur egun, dagoeneko 25 pertsonak baino gehiagok osatzen dute taldea. Kirolaren munduan lan egiten duten profesional ezagunek (Julen Gerrerok, adibidez), baita finantzen edo enpresa-estrategiaren arloko profesionalek ere. Taldearen hiru fundatzaileekin hitz egin dugu, Lander Iraragorrirekin, Antonio Pipaonekin eta Álex Navarrorekin, kirolaren balioak enpresen munduan nola ezarri jakiteko.
ENPRESENTZAKO BANKA: Zerk motibatu zintuzten duela 5 urte WATS Team sortzera?
WATS TEAM: «Une hartan, kirolaren hiru zale amorratu ginen, eta maiz joaten ginen kirol-estadio eta -lehiaketetara. Kirol-esparruko indarkeriaren arazo gero eta handiagoaz jabetu ginenean, ikertzen hastea eta errealitatea eta datuak ezagutzea erabaki genuen, baita erakundeak, klubak eta federazioak zer irtenbide planteatzen ari ziren ere».
«Unibertsitatearekin dugun lotura dela eta (Mondragon Unibertsitatearekin, bertan ezagutu baikenuen elkar), ikusi genuen planteatutako irtenbideak ez zirela hezkuntza- eta prebentzio-alorrekoak. Horregatik, horretan inplikatzea eta errealitate hori aldatzeko moduko metodologia bat garatzea erabaki genuen».
E.B.: Gaur egun, prestatzaile gisa parte hartzen duzue Mondragon Unibertsitatean, LABORAL Kutxak erakunde laguntzaile gisa diharduen Kirol Enpresako Berrikuntza eta Kudeaketako Masterrean. Zer esanahi du zuentzat etorkizunean kirol-enpresa bateko buru izango diren pertsonekin lan egiteak? Enpresaren zein esparrutan dago ezjakintasun gehien, zuen ustez?
W.T.: «Azken urteetan, kirol-sektoreak hazkunde handia izan du maila guztietan. Dena den, gutxi profesionalizatuta dagoen sektorea da, kirol ez-profesionala batik bat, guztizkoaren ehuneko handi bat, alegia. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dugu sektorearen errealitatearekin eta beharrekin lotutako programa profesionalizatzaileak izatea».
«WATS Taldean, master bat eta graduondo bat sortu ditugu, eta bi enpresa-programa horietan Mondragon Unibertsitatea dugu laguntzaile. Kirol Berrikuntza Graduondoa, profesionalei bideratua, 2018an jaio zen. Izan ere, konturatu ginen enpresen munduan oso garrantzitsua zela kirolaren ekosistema profesional osoarekin harremanetan egotea, baita sektorea profesionalizatzen laguntzeko prestakuntza-programak sortzea ere».
«Eta, 2020an, Masterra jaio zen, batik bat kirola beren lanbide bihurtu nahi duten gazte graduatu berriei bideratua. Programa horretan, parte-hartzaileek praktikan oinarrituz ikastea da lan-metodologia. Izan ere, haiek sortzen dute, hasiera-hasieratik, kirol-sektoreko beren enpresa, eta gainera, nazioarteko esperientziak bereganatzen dituzte. Horri guztiari esker, lehen eskutik ezagutzen dituzte enpresa baten barruan dauden esparru eta prozesu guztiak, erreferentziazko aditu talde zabal batek lagunduta».
E.B.: Nola ezar daiteke balioetan oinarritutako prestakuntza enpresen munduan?
W.T.: «Guk “balioen fabrika” baten gisa ulertzen dugu kirola. Bertan, pertsonak igaro eta gaitasunak garatzen ditugu kirol-diziplinatik haratago, eta gaitasun horiek bizitzako esparru guztietarako balio digute: konpromisoa, errespetua, sakrifizioa edo talde bateko kide izatea, besteak beste».
«Gaur egun, pertsona gehienek egiten dute kirola, edo haien seme-alabek edo gertuko senideek. Beraz, kirola balioetan oinarrituz egiten duen pertsona batek printzipio horiek berak aplikatu ahal izango ditu bere lanbidean».
«Gure ikuspuntutik, kirol- nahiz enpresa-arloan, balioek erdigunean egon beharko lukete beti. Hori lortzeko eta prozesu horretan enpresei laguntzeko, garrantzitsua da kalitatezko prestakuntza eskaintzea».
E.B.: Motibazioa oso garrantzitsua da kirolari batentzat, baina, zuen ustez, zer egin beharko lukete enpresek beren langileak motibatuta mantentzeko?
W.T.: “Antzekotasun asko daude kirolaren eta enpresa-esparruaren artean, eta taldeen kudeaketa da horietako bat. Kirol- nahiz enpresa-arloan errendimendu handiko taldeak lortzeko oso garrantzitsua da motibazioa, konpromisoa edo konfiantza lantzea, beste alderdi batzuen artean».
«Hainbat fase dituen prozesu baten gisa ulertu behar da, eta horietako bakoitza landu behar dugu. Motibazioa ―konpromisoa edo konfiantza bezala― ez da egun batetik bestera agertzen, eta ez da bat-batean sortzen. Enpresetan errendimendu handiko taldeak nahi baditugu, kirol-talde batean bezala landu behar dugu».
E.B.: Enpresen munduan, berrikuntza funtsezko alderdia bihurtu da ekoizpen-prozesuak hobetze aldera, baina nola berritu lantalde baten egunerokotasunean?
W.T.: «Programetan jorratzen dugun funtsezko alderdietako bat ikasteko eta ezagutza berria sortzeko gaitasuna duten enpresak sortzea da, berritzeko, alegia».
«Enpresa batean, arlo jakin baten gaineko ezagutza pertsona bakar baten eskuetan uzten bada eta hura modu egokian kudeatzen ez bada, pertsona hori joaten denean, ezagutza ere harekin joango da, eta beraz, enpresak ere berritzeko gaitasun txikiagoa izango du. Horregatik, oso garrantzitsua da enpresetan ezagutza berria sortzeko gaitasuna eragingo duten dinamikak izatea, erakundearen baliabide mugagabea eta berritzeko funtsezko pieza bat baita».
E.B.: Zuen ustez, zer ezaugarri izan behar ditu pertsona batek enpresako lantalde baten buru izateko?
W.T.: «Kirol-talde batean kapitain on batek izan beharko lituzkeen ezaugarri berberak. Hona hemen funtsezko gaitasun batzuk: lankideekiko errespetua, konpromisoa eta erantzukizuna, sormena eta komunikatzeko gaitasunak. Eta, batez ere, taldea etsenpluaren bidez gidatzea, hori baita besteengan benetan eragiteko modu bakarra».
Frogatuta geratu da enpresa-arloa eta kirola eskutik joan daitezkeela, eta ez esparru horretan negozio bat sortzeko bakarrik, kirolean sustatutako balioak enpresetako taldeen kudeaketara estrapolatzeko baizik. Motibazioa da, hain zuzen ere, erakundeek langileengan hauteman beharko duten alderdietako bat, behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzeko
Zein da zure erreakzioa?