Zein aseguru dira nahitaezkoak?
2013-05-28
Zein aseguru dira nahitaezkoak?
Aseguruen per capita kopurua da herrialde baten garapena neurtzeko adierazlerik fidagarrienetakoa. Azken finean, aseguru bat kontratatzeko zerbaiten jabe izan beharra dago, eta zerbait hori etorkizunean gerta litekeenetik babesteko diru kopuru jakin bat inbertitzeko moduan egon. Laboral Kutxan aitzindari gara gure sukurtsaletako betiko finantza-zereginean aseguruak eskaintzen, Bankaseguruak zerbitzuaren bidez. Gure ondasun baliotsuenak aseguratzeko erabaki egokiak lasaitasuna ekarriko digu, egoera okerrenaren aurrean ere guretzat baliotsuena dena babestuta izango baitugu. Baina, libre al gara edozein aseguru kontratatzeko? Egoera jakinen batean nahitaezkoa al da baten bat kontratatzea?
Auto-asegurua da derrigorrez kontratatu beharrekoen artean ohikoena. Ibilgailua duten guztiek badakite (edo jakin beharko lukete) legez behartuta daudela auto-asegurua kontratatzera. Automobilen nahitaezko asegurua da, eta hirugarrenen aurrean gidariaren erantzukizun zibila estaltzen du, ezbeharraren eragile bera izan denean. “Hirugarrenak” bere ibilgailuan doazen bidaiariak dira (gidaria bera izan ezik), eta baita oinezkoak eta beste ibilgailuetako gidariak eta bidaiariak ere.
Nahitaezko estaldurak alde batera utzita eta oso estandarizatuta dagoen produktu baten aurrean gaudela jakinda, garrantzitsua da kontuan hartzea konpainia guztiak ez direla berdinak eta hainbat modalitate daudela, arrisku eta egoera pertsonal bakoitzaren arabera egokitutakoak. Beraz, ezinbestekoa da konfiantzazko entitatera eta aholkulariarengana jotzea gure beharretara ondoen egokituko den asegurua kontratatzeko.
Laboral Kutxaren sukurtsaletan merkatuko produkturik osatuenetakoa dugu, eta salmentan aritzen diren langileak prestatuta eta espezializatuta daude behar duzun guztiaren inguruan aholku emateko.
Maskotentzako aseguruak
Oraingoz, Madrilen eta Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik da nahitaezkoa txakur guztientzako asegurua kontratatzea. Gainontzeko autonomia-erkidegoetan arraza arriskutsutzat jotzen diren txakurren kasuan bakarrik da derrigorrezkoa asegurua kontratatzea, norberarena maitekorra eta baketsua izanda ere.Gure maskotak eragin lezakeen edozein istripuren gaineko erantzukizuna jabeena da eta kode zibilean dago jasota. Horregatik, ez legoke gaizki maskotaren inguruan gerta litekeen edozein ezbeharren aurrean asegurua egitea, legeak horretara behartzen ez bagaitu ere. Automobil-aseguruekin gertatzen den moduan, gure txakurrak berak izan ditzakeen kalteak ere estalita izan nahi baditugu (ezbeharra berak eragindakoa izan arren), poliza zabalagoa kontratatu beharko dugu. Normalean, ordaindu beharreko aparteko zenbatekoa ez da handia izaten eta etorkizunean atsekaberen bat izatea saihets dezakegu.
Txartelen aseguruak
Ohikoa da kreditu-txartelek lapurreta-, bidaia- edo bizitza-aseguruak atxikita izatea, txartelok kontratatzea erakargarriagoa izan dadin. Kasu horretan ezin da zerbitzu horien kostea banandu: multzo osoa eskaintzen da, ezin da zatikatu.Batzuetan txartelaren berezko aseguruen estaldura zabaltzeko aukera izaten da, baina ezin da alderantzizkoa egin, hau da, oinarrizko modalitatetik ezin da zerbitzurik baztertu, txartelaren beraren eskaintzaren barruan sartzen baita. Ondo legoke gure txartelen abantailak arretaz berrikustea. Agian ezusteko atsegina izango genuke, produktu horrek ordaintzeko bakarrik balio zuela uste bagenuen.
Alokairua
Alokairuan bizi bagara, gomendagarria da errentari gisa erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea, izan ere, jabeak izan dezakeen aseguruak ez baitu guk hirugarrenei eragin diezaiekegun kalterik estaltzen.Hipoteka
Etxebizitza erostea da, askogatik, kontsumitzaile gehienok izaten dugun gasturik garrantzitsuena. Eta egiten ditugun aseguru gehienak gure jabetza baliotsuenarekin lotuta daude: gure etxea. Hipoteka-legeak sute-asegurua kontratatzera bakarrik behartzen du, hau da, gaur egun etxebizitzaren arrisku anitzetarako asegurua esaten dioguna. Beraz, hipoteka kontratatzean edukitzailea (etxea) aseguratu behar dugu nahitaez, baina ez edukia (bertan gordetzen duguna). Finantza erakundeari subrogatutako tasazioan adierazten den kapitalaren araberako asegurua kontratatu beharko du hipotekadunak. Aseguruaren onuraduna bankua edo kutxa bera izango da hipoteka ordaindu artean.Hori da legeak dioena. Dena den, erakunde batek kreditua eman diezaguke soilik bizitza-asegurua kontratatzea onartzen badugu, gertatzen dena gertatzen dela zorra kitatu ahal izango dela bermatuko duen asegurua, alegia. Hori oso erabilgarria da etxebizitzaren erosketari batera aurre egingo dion bikotearen kasuan, adibidez. Horrelakoetan ideia ona da bientzako bizitza-asegurua kontratatzea, zorraren erdia estaliko duena: horrela, bakarrik gelditzen denak itolarririk gabe egin ahal izango die aurre hipotekaren hileko gastuei, hileko kuota erdira jaitsiko litzatekeelako.
Ohar garrantzitsua: ez Laboral Kutxak ez beste inongo bankuk ezin dute inor behartu aseguru horiek euren entitatean kontratatzera. Hori bai, hainbat produktu kontratatzeagatik eskaintza komertzial erakargarriagoa egin dezakete. Bankaseguruak zerbitzuan, merkatuko kalitate-prezio erlazio onena duen eskaintza komertziala egiten saiatzen gara. Aseguruok nahi duzun enpresarekin kontrata ditzakezu, eta horretarako aukera izanik gugana jotzen duzula ikustea pozgarria da, gehien baloratzen duzuna aseguratzeko orduan gugan duzun konfiantza erakusten baitiguzu.
Zein da zure erreakzioa?