Zer da ekonomia berdea?
2020-06-05
Zer da ekonomia berdea?
Duela gutxira arte, kontsumismoan oinarritutako sistema batean zegoen instalatuta planetaren zati handi bat, hau da, gobernuak, enpresak eta herritarrak. Produktuak ekoiztea, erabiltzea eta botatzea zen, funtsean, ekonomiaren oinarria, gure inguruneari jaramon egin gabe.
Dena den, klima-aldaketaren eraginez, sistema lineal hori beste sistema zirkularrago batera bideratu behar izan dugu, jasangarritasunean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako batera, hain zuen. Eredu horri Ekonomia Berdea deitzen zaio eta, NBEren arabera, «pertsonen ongizatea eta gizarte-berdintasuna areagotzeaz gain, modu esanguratsuan murrizten ditu ingurumen-arriskuak eta gabeziak ikuspuntu ekologikotik».
Ekonomia Berdearen helburua da ondasunen eta zerbitzuen ekoizpenak gizarteari aberastasuna ekartzea, baina ingurumena kaltetu gabe, biztanleriaren garapenaren, aurrerapen ekonomikoaren eta gure ingurunearekiko zaintzaren arteko oreka lortzeko.
Ekonomia Berdeak eragin duen iraultza dela eta, enpresa-ekimen ekologikoak ugaritu egin dira mundu osoan zehar, eta horietako asko merkataritzara daude bideratuta. Merkataritza jasangarri horrek ―bidezko merkataritza ere deitzen zaio― ondasun eta zerbitzuen truke komertziala sustatzen du, eta, aldi berean, pobrezia eta gizarte-desberdintasuna murrizten ditu, balio ekonomikoa sortzen du eta baliabide naturalak kontserbatzen eta berrerabiltzen laguntzen du.
Gaur egun, Ekonomia Berdearen kontzeptua osatzen duten joera asko daude:
- Ekonomia zirkularra. Joera honen bitartez, ahalik eta gehien aprobetxatzen dira dagoeneko erabilgarri dauden produktuak, baliabide berriak erabil ez daitezen eta, horrela, hondakin gutxiago sor dadin. Sistema hori azken helburuetako bat bihurtu da enpresa askorentzat. Gipuzkoako Eko-REC enpresak, adibidez, PET botilak birziklatzen ditu automobilgintzaren, elikaduraren edo packaging-aren sektoreetarako produktuak egiteko.
- Erosketa arduratsuak. Enpresek eta herritarrek gero eta gehiago eskatzen dituzte gertuko produktuak, ingurumena errespetatzeko irizpideekin egiten direnak, eta ekoizteko, manipulatzeko eta garraiatzeko eraginkortasun handiagoa behar dutenak, betiere jarduerak ingurumenean duen eragina murrizteko helburuarekin. Parametro horien artean dago Egoin enpresa bizkaitarra, egurrez egindako egitura-irtenbide berritzaileak diseinatzen, fabrikatzen eta muntatzen dituena, tokiko 0 kilometroko lehengaiak erabiliz. Bere egiturak egiteko, Egoin enpresak ziurtatutako egur berrerabilgarria eta birziklagarria erabiltzen du, jatorria kudeaketa jasangarriko basoetan duena.
- Azpiegitura berdeak. Azpiegitura handiek ez dute zertan bateraezinak izan ingurumenarekin. Horregatik, erakunde publikoek ingurumen-irizpideak aintzat hartuta diseinatzen dituzte, ingurunearekiko inpaktu negatiboak murrizteko. LABORAL Kutxan, gure egoitza nagusia zaharberritu egin dugu, eta hori mugarri bat izan da jasangarritasunari dagokionez.
- Nekazaritza jasangarria. Nekazaritza-ekoizpen ekologikoa nekazaritza-mota jasangarri bat bihurtu da, herrialde garatuetan sustraitzen ari dena eta herritarrek gero eta gehiago eskatzen dutena. Modalitate horrek laborantza-metodologia berrien aplikazioa eragin du, teknologiaren bidez. Barrenetxe kooperatibak nekazaritzako produktuen trazabilitatea bermatzen du, eta bere baratzeak ekoizpen-sistema jasangarrietan ziurtatuta daude, Ekoizpen Integratuan eta Global Gap deiturikoan, adibidez. Mota horretako ekimenen bitartez, zure erosketa-saskia arduratsuagoa izan dadila lor dezakezu.
- Elkarlaneko ekonomia. Partikularren eta enpresen arteko elkarlaneko ekonomia oso modan dago, produktuak edo zerbitzuak uztea, alokatzea, erostea edo saltzea ahalbidetzen baitu premia espezifikoen arabera, etekin ekonomikoak horrenbeste kontuan hartu gabe. Uber edo Airbnb gisako enpresek oso ezagun egin dute sistema mota hori.
Baina, horrez gain, NBEk proposatutako Banku Arduratsuaren 6 printzipioak geureganatu ditugu, eta gure aseguruen izaera etikoa eta solidarioa aitortzen duen ziurtagiria lortu dugu. Horregatik guztiagatik, finantza-sektorearen abangoardian kokatu gara jasangarritasunari, erantzukizunari eta gardentasunari dagokienez, sektoreko entitate handien eta banku etikoa deitzen den horretako operadore garrantzitsuenen maila berean.
Zein da zure erreakzioa?