Zer da fundazio bat?

Zer da fundazio bat?

3 min.

Zer da fundazio bat?

Fundazioak irabazteko asmorik gabeko erakundeak dira, interes orokorreko helburuak betetzen dituztenak. Sortzaileen borondatea, estatutuak eta indarrean dagoen legeria dira haien arauak. Ondoren, fundazioen funtzionamenduari buruz jakin beharrekoa azalduko dizugu.Espainiako Estatuan 9.000 fundazio inguru daude. Era guztietako jarduerak gauzatzen dituzte askotariko eremuetan, betiere interes orokorra helburu dutela. Xedea izan daiteke gizartea, hezkuntza, ingurumena, ikerkuntza edo kultura, adibidez. Legezko definizioaren arabera, «irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira. Sortzaileek hala nahi izan dutelako, ondarea interes orokorreko helburuei lotuta dago modu iraunkorrean, eta pertsona talde generikoak dira onuradunak». 

Fundazioen ezaugarri nagusiak

Legearen arabera: Sortzaileen borondateak, estatutuetan jasoak, arautzen du fundazioa. Legezko arauak, berriz, Konstituzioa, kode zibila, Fundazioei buruzko 2002ko abenduaren 26ko 50/2002 Legea eta Autonomia Erkidegoko araudia dira. Irabazteko asmorik gabe: Fundazioen helburua ez da dirua irabaztea; beraz, beren jardueraren ondorioz irabaziak lortzen badituzte, erakundean inbertitu beharko dituzte berriro, sorrerako helburua betetze aldera. Interes orokorra: Fundazio bat sortzen denean, helburu dituen onuradunak askotariko taldeak izan daitezke, eta jarduerak, adibidez, giza eskubideen defentsa, garapenerako lankidetza, egoera ahulean dauden pertsonak lagundu eta gizarteratzea, boluntariotza sustatzea edo hainbat eratako programak (hala nola hezkuntza, kultura, lana, zientzia, kirola, osasuna, ingurumena, erakundeak sendotzea, tolerantzia sustatzea edo informazio-gizartea garatzea helburu dutenak), besteak beste. Normalean, luzaroko proiektuak izaten dira, sektore publikoak bere ardurapean hartzen ez dituenak.Zuzkidura: Fundazioaren zuzkidurak fundazioaren helburuak betetzeko nahikoa eta egokia izan behar du, ekarpen, legatu eta dohaintzen bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen arabera, «Hasierako zuzkidura nahikoa dela ulertuko da haren balio ekonomikoa 30.000 eurora iristen bada». Kapitala handitu egin daiteke geroago, baina sortzaileek ezin dute inola ere berreskuratu, ezta fundazioa desagertzen bada ere. Zuzkidura aipatutako zenbatekoa baino txikiagoa bada, fundazioaren bideragarritasuna bermatuko duen ikerketa ekonomikoa aurkeztu beharko da.

Nork era dezakete fundazio bat? 

Fundazio bat publikoa edo pribatua izan daiteke, eta pertsona fisikoek nahiz juridikoek era dezakete. Fundazioek ospea eta sinesgarritasuna ematen dute. Gero eta ohikoagoa da enpresa pribatuek bultzatutako fundazioak aurkitzea, horixe baita «gizarte-erantzukizun korporatiboaren» izenean gizarteari egin nahi dioten ekarpena. 

Fundazioa eratzeko eman beharreko pausoak

Fundazioa «inter vivos» edo «mortis causa» era daiteke. Lehen kasuan, sortzaileek berek jaso behar dute eskritura publikoan fundazioaren eraketa. Bigarren kasuan, ordea, hildako batek adierazi du bere testamentuan fundazioa sortzeko borondatea, eta horretarako bideratu nahi duen ondarea finkatu (hasierako zuzkidura). Kasu horretan, albazeak, halakorik badago, edo oinordekoek, bestela, eratu beharko dute fundazioa. Hona hemen tramiteak:
  •  Estatutuak idaztea.
  • Fundazioen erregistroan ziurtagiria eskatzea.
  • Banku batean kontua ireki eta bertan fundazioaren zuzkidura gordailutzea.
  • Notariotzara joan eta eraketa-akta eta estatutuak eskritura publikoan jasotzea.
  • Ogasunari behin-behineko IFZ eskatu eta eskritura publikoa aurkeztea.
  • Inskripzioa eskatzea Estatuko edo Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, fundazioaren jarduera Erkidegoaren eremura mugatuta dagoen ala gainditzen duen kontuan hartuta. Fundazioen Erregistroan inskribatzea ezinbesteko betekizuna da erakundeak nortasun juridikoa eta fundazio-izendapena lortzeko.
  • Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren oniritzia lortzea, jarduerari ekiteko. Legeak Administrazio Publikoaren esku uzten du fundazio guztien ikuskaritza, Estatuko edo Autonomia Erkidegoko Babesletzaren bidez. Fundazio bakoitzak kontuak eman behar dizkio urtero dagokion Babesletzari. 

Kontrol publikoa

Behin Fundazioen Erregistroan inskribatuta, organo administratibo berezi batek izango du kontrolpean: Babesletzak. Fundazioak haren aurrean aurkeztu beharko du bere jarduera-plana eta hainbat gairi buruzko argibideak eman, adibidez, estatutuak aldatzen dituenean.

Gobernu-organoa: Patronatua

Fundazioek kide anitzeko organo bat dute gobernatzeko: Patronatua. Gutxienez hiru lagunek osatu behar dute, direla pertsona fisikoak, direla juridikoak, eta azken kasu horretan, bai publikoak, bai pribatuak. Patrono izendatutako pertsonak sortzaileek aukeratuak dira, eta, estatutuen arabera, kargu hautetsiak, biziartekoak edo ohorezkoak izango dira. Ezin dute inolako ordainsaririk jaso, ez zuzenean ez zeharka, beren eginkizunak betetzeagatik.

Ondarea eta zuzkidura

Hasierako zuzkidura osatzen duten ondasun, eskubide eta obligazioak dira fundazioaren ondarea. Diruzkoak edo ez-diruzkoak izan daitezke eta aldatu egin daitezke denboran zehar. 

Sarreren helburua

Fundazioek hasierako helburuetara bideratu behar dituzte ondarea eta errentak, Legeak hala aginduta. Normalean, fundazioak enpresa-irizpideekin kudeatzen du bere ondarea, eta bere helburuetarako funtsak bereganatzea bilatzen du. Funts pribatuak dohaintzan emateak zerga-abantailak dakarzkie dohaintza-emaileei.

Zerga-erregimena 

Horrelako erakundeek Sozietateen gaineko Zerga ordaindu behar dute, baina Ondarearen gaineko Zergatik salbuetsita daude. Laguntza publikoen onuradunak direnez, beren funtsen norabidea ezagutarazi eta justifikatu behar dute fundazioek. 

Fundazioen eta elkarteen arteko ezberdintasunak

Elkarteek eta fundazioek interes orokorraren alde lan egiten dute musu-truk, eta irabazteko asmorik gabeko erakundeak dira. Halere, ezberdintasun batzuk daude haien artean.
  • Izaera. Elkarteak interes bera duten pertsonak biltzen ditu. Fundazioa, berriz, interes orokorrera bideratutako ondare baten inguruan sortzen da. 
  • Gobernua. Elkarteak bazkideen borondatea bete behar du, eta fundazioak sortzaileen borondatea.
  • Finantzaketa. Biek ere eskura ditzakete dirulaguntzak eta bestelako sarrerak, baina elkartea bazkideen kuoten bidez finantzatzen da, eta fundazioak hasierako zuzkidura bereganatzen du.
  • Desegitea. Fundazioa deseginez gero, haren ondasunak eta eskubideak interes orokorreko helburuak dituzten beste fundazio edo erakunde batzuetara bideratzen dira. Elkartea desagertzen bada, ordea, estatutuetan aurreikusitako helburua izango du ondareak.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Finantza azterketa