Zer da jardueraren ebaluazioa eta nola aplikatzen da?

Zer da jardueraren ebaluazioa eta nola aplikatzen da?

3 min.

Zer da jardueraren ebaluazioa eta nola aplikatzen da?

Langileen errendimendua neurtzea da enpresa baten efizientzia hobetzeko gakoetako bat. Sektore batzuetan hori egitea erraza izan daiteke, adibidez merkataritza-sailaren salmenten bidez; baina, errendimenduaren ebaluazioak, produktibitate hutsaz gain, alderdi gehiago hartzen ditu kontuan.

Horrelako azterketak enpresen baliabide bat dira, langileen jarduera ebaluatzeko metodoen artean daude eta helburu indibidualen betetze-maila egiaztatzeko aukera ematen dute. Plantilla bateko kideen jokabide profesionala eta emaitzak objektibotasunez neurtzen laguntzen du sistemak.

Jarduera ebaluatzeko modalitateak

Ebaluazio-metodologia hau epe jakin batean garatu ohi da sistematikoki, eta zenbait modalitate ditu.
  •  Jardueraren ebaluazio indibiduala. Hierarkian gainetik dagoen pertsonak menpekoa ebaluatzen du, errendimenduaren arabera.
  •   Autoebaluazioa. Eredu honetan, enpresako partaideak bere burua aztertzen du. Metodoa oso eraginkorra da, pertsonak konfiantza sentitzen du eta ebaluazioa lagungarri zaio bere indarrak eta ahuleziak identifikatzeko, eta hobetzeko mekanismoak bilatzeko.
  •   Kanpoko ebaluazioa. Normalean aholkularitza-enpresa batek egiten du lana, modu independentean, erakundearen beraren alderdi subjektiboek ez dezaten ebaluazioa baldintzatu.
  •   Taldekako jarduera. Eredu honek lantalde osoaren errendimendua ebaluatzen du, sail bakoitzaren helburuen betetze-maila neurtzeko. Modalitate honek talde eta partaide izatearen sentimendua sustatzen du, norbanakoei begiratu beharrean, baina langile eraginkorrenen etsipena ere susta dezake.
  •   360 graduko ebaluazio-eredua. Ebaluazio-mota hau langileak ingurune profesionalarekin duen harremanetan oinarritzen da. Langilearen inguruko pertsonen feedbackaren bidez lortzen dira datuak: zuzeneko arduradunek, mendeko langileek, barruko zein kanpoko bezeroek eta lankideek esandakoen bidez. Ebaluatutako pertsonari ikuspegi osoa eskaintzen zaio, hobetzeko aukera izan dezan.
  •   Ebaluazio sistematizatua. Aplikazio informatikoen bidez egiten da, eta ebaluazioaren etengabeko monitorizazioa ahalbidetzen du.
  •   Bezeroen ebaluazioa. Aukerarik interesgarrienetako bat da; izan ere, bezeroei zerbitzu bati buruzko iritzia emateko aukera eskaintzen die, eta haien iritzia gainerako ebaluazioekin haztatzen da.

Ebaluaziorako tresna digitalak

Jardueraren ebaluazioa egiteko baliabide digital ugari dago. Hona hemen horietako batzuk:
  • Bizneo. 11 tresna biltzen ditu, eta enpresa txiki eta ertainetan zein handietan giza baliabideetan dituzten beharrizan berezietarako diseinatuta daude. Jarduera ebaluatzeko eta talde baten trebetasunak identifikatzeko inprimaki eraginkorrak eskaintzen ditu.
  • Engagedly. Errendimendua kudeatzeko plataforma hau ebaluazio osoa, iruzkin indibidualak eta abar egiteko diseinatuta dago.
  • Mettl. Jardueraren 360 graduko ebaluaziorako tresna honek inkestak egiteko aukera ematen du, lankideen, bezeroen eta kudeatzaileen oharrak jasotzeko. Aurrez zehaztutako inkesten txantiloia ere eskaintzen du.

Nola egin ebaluazioak

Giza Baliabideen sail eta aholkularitza-enpresa gehienek eskala grafikoko galde-sortak erabiltzen dituzte. Horietan, zenbait baieztapen proposatzen zaizkie elkarrizketatuei. Erantzun bakoitzak balio bat du, eta puntuazio horien batez bestekoaren bidez lortzen da batez besteko profila.

Beste metodo erraz eta erabilienetako bat check list izenekoa da. Horretan egiten diren galderen erantzunak «bai», «ez» edo «ED/EDE (ez daki/ez du erantzun)» dira.

Behartutako rankingaren aukera talenturik handiena duten langileak identifikatzeko erabiltzen da. Horretarako, antzeko puntuazioa duten langileen artean aukeraketa egitera behartzen duen kupo-sistema erabiltzen da.

Helburuen araberako ebaluazioan emaitzak bakarrik hartzen dira kontuan, eta kanpoan uzten dira efizientzia lortzeko oso garrantzitsuak izan daitezkeen alderdi subjektiboak.

Azkenik, lan-jarduera nola ebaluatu jakiteko, elkarrizketa ere egin daiteke langilearen eta haren arduradunaren artean.

Elkarrizketa: SMART metodologia

Elkarrizketa bidez egiten diren galderei eta jarduera ebaluatzeko irizpideei dagokienez, garrantzitsua da SMART metodologia jarraitzea. Galderetako gaiak zehatzak izan behar dira, neurgarriak, eskuragarriak eta epe jakin bati buruzkoak. Honako alderdi hauen ingurukoak ohikoak izaten dira:
  •   Pertsonaren gaitasunak. Ardurak besteen esku uzteko gaitasuna eta talde-lanean nola moldatzen den, esaterako.
  •   Helburuak lortzeko egiten duen ekarpena. Epeak betetzen ote dituen edo harreman egokia ote duen bezeroekin.
  •   Garatzeko ahalmena. Proaktiboa den eta konponbideak bilatzen dituen.
Bukatzeko, ezinbestekoa da ebaluazioa erabakiekin burutzea, bestela ez baitu ezertarako balioko. Ebaluazio-prozesuaren ondorioz, prestakuntza-programa berezia jar daiteke abian, pertsona baten salmenta-teknikak hobetzeko, adibidez, edo motibatuago sentituko den lanpostu batera alda daiteke langilea.

Langile guztiak euren lanpostuetan ahalik eta gusturen egotea lortzea da garrantzitsuena, horrela enpresaren efizientzia eta produktibitatea areagotzen lagunduko baitute.


Zein da zure erreakzioa?