Zer egin nire autoak erabateko ezbeharra  badu?

Zer egin nire autoak erabateko ezbeharra badu?

3 min.

Zer egin nire autoak erabateko ezbeharra badu?

“Siniestro total” hitzak positiboak dira rock talde galiziarraz ari garenean. Gainerako kasuetan, ordea, sekulako nahigabea eragiten dute gidariarengan. Bi hitz horiek esan nahi dute autoa pieza berriekin konpontzea garestiagoa dela haren salmenta-balioa baino (alegia, istripua izan aurretik balio zuena baino). Kasu horietan, jakina, ez du merezi konpontzea. Halere, kontzeptu horrek ez du beti istripua adierazten: autoa lapurtuz gero edo suak hartuz gero, adibidez, aseguru-konpainiak erabateko ezbehartzat hartuko du gertakari hori. Jakin nahi duzu zer eskubide dituzun hori gertatzen bazaizu?

Ibilgailu batek konponketaren kostua baino gutxiago balio badu, erabateko ezbehartzat hartuko dute. Beraz, autoaren tasazioa konponketaren balioa baino euro bat txikiagoa bada, kalte-ordaina jaso baina autorik gabe geratuko zara? Zorionez, LABORAL Kutxan eta beste aseguru-konpainia batzuetan % 20ko edo gehiagoko marjina erabiltzen dugu. Hala, komeni zaizu zeure aseguru-agentearekin negoziatzea zein den zuretzat aukerarik egokiena. Baina, askotan, konponketa ez da diru-kontua soilik, baita zuhurtasun-kontua ere: kalteak egiturazkoak badira, baliteke ibilgailua konpondu ondoren segurua izango den bermerik ez izatea.

Beraz, autoaren balioaren tasazio horrek baldintzatuko ditu jabeak izan ditzakeen aukerak. Jakinekoa da merkatuak mespretxatu egiten dituela erabilitako ondasun gehienak, baina autoen kasuan, leunki esateko, haien balio ekonomikoa deuseztatu egiten du. Autoa matrikulatzen den unean, % 18ko balioa galtzen du! Nahiz eta artean ez duen inork gidatu.

Gizakiak, ez makinakPeritu adituek egiten dituzte tasazioak, ez makinek. Horregatik, autoaren balioa zehazteko ibilgailu-modeloa eta matrikulazio-data aintzat hartzen dituzten Ganvam taulak ez dira nahikoa. Autoa nola dagoen aztertu behar da, zenbat kilometro egin dituen, nolako mantentzea egin zaion… Horrelaxe jakingo dugu zenbat emango ziguketen gure autoagatik, istripuaren aurretik saltzen saiatu izan bagina.

Zure ibilgailuaren gutxi gorabeherako balioa zure kabuz jakin nahi baduzu, Ganvam edo Eurotax taulak kontsulta ditzakezu. Era berean, Internet bidez ibilgailuak salerosteko orrialdeak begira ditzakezu. Baina, kasu horretan, kontuan izan jabeak eskatzen duen prezioa ikusiko duzula, eta ez azkenik hitzartutako zenbatekoa. Eta bi kopuruen arteko aldea oso esanguratsua izan daiteke.

Nola erreklamatuEsandakoa: perituak gizakiak dira. Eta ez duzu zertan bat etorri zure autoari egin dioten tasazioarekin. Hori gertatzen bada, gomendatzen dizugu zure ezbeharraren izapidegilearengana edo aseguru-agentearengana jotzea, zure nahigabearen berri emateko. Horien bidez erreklamazioa egin ahalko duzu. Erreklamazioan, jaso idatziz zure autoaren balioa handitzen duten elementu guztiak, tasatzaileak kontuan izan ez dituenak. Zure autoak gehiago balio duela konbentzitu behar dituzu.

Edonola ere, zaila izaten da jabearentzat tasazioa nahikoa izatea. Autoak kontzesionariotik irten zeneko egunean besteko balio materiala badu ere (lehengo erosotasun berdinaz eramaten eta ekartzen zaitu), denbora horretan balio ekonomiko ia guztia galdu du. Nola onar dezakegu bat-batean guk uste genuena ez duela balio?

Zuk zeuk konponduKontuan izan “erabateko ezbeharra” aseguruen munduko kontzeptua dela, ez du esan nahi ezinbestean autoa konpondu ezin denik. Pieza berriekin konpontzeak baino gutxiago balio duela soilik esan nahi du. Zu zeure kabuz konpontzeko prest bazaude (agian bigarren eskuko piezekin edo falta zaizuna zeure poltsikotik ipinita), beti inbertitu ahal izango duzu kalte-ordaina konponketan. Dirua onartzeak ez zaitu behartzen ibilgailua desegiteko lekura eramatera, ezta gutxiagorik ere!

Istripua hirugarren baten errua izan bada, guk egin beharko dugu tasazioa –gure aseguru-konpainiak–. Hala ere, kasu horretan prozesua luzeagoa izango da, beste konpainiak errua onartu eta kalte-ordainaren balioa bere gain hartu behar duelako, eta hori normalean ez da azkar egiten.

Informazio hau inoiz erabili behar ez izatea opa dizugu. Baina, zoritxarrez, gertatzen bada, zure eskubideak zuzen erabiltzeko tresnak izateko balio izango dizu.

Argazkia: JJ_The_Jester


Zein da zure erreakzioa?