Zer egin nireak ez diren diru-mugimenduak hautematen baditut?
2016-03-07
Zer egin nireak ez diren diru-mugimenduak hautematen baditut?
Internetek gure egunerokotasuna hobetu du zentzu askotan. Besteak beste, gauzak erosi eta saltzea, bidaiatzea edo bankuko eragiketak egitea erraztu digu, harremanetan jartzeko edo komunikatzeko aukerez hitz egin gabe. Eta jakina, gure bizitzako beste esparru batzuetan bezala, Sareak ere bere arriskuak ditu eta zenbait segurtasun-neurri hartu behar dira. Kontua ez da beldurtuta bizitzea, ezta gutxiago ere! Metroz bidaiatzen dugunean poltsa gurutzatzen dugunean edo gauez etxera itzultzen garenean kale argitsuago bat aukeratzen dugunean izaten dugun zuhurtzia berarekin jardutea baizik. Interneten ere delitu baten biktima izan gaitezke, eta horregatik, susmagarria iruditzen zaigun diru-mugimenduren bat hautematen dugunean zer egin jakitea komeni da. Horrela, norbaitek gure identitatea ez lapurtzea, gu bagina bezala ez jardutea eta, esaterako, erosketak gure izenean ez egitea lortuko dugu.Kontuz...
- ...zure banku-kontuan arraroa iruditzen zaizun zerbait ikusten baduzu. Berrikusi zure kontuetako mugimenduak aldizka eta begiratu ezagutzen ez dituzun diru-mugimenduak dauden ala ez, baita horiek txikiak badira ere. Metodo ez oso etikoak erabiliz, norbaitek zerbitzuren batean alta eman eta denbora igaro ahala kantitate txikiak kobratzen saiatzea gerta liteke.
- ...kreditu-txartel edo mailegu bat eskatzera joan eta uko egiten badizute, ageriko arrazoirik gabe. Arraroa da, baina norbaitek zure identitatea usurpatu eta dirua zure izenean eskatzen badu, berankorren zerrendan egotea gerta liteke.
- ...zure fakturak posta elektronikoz jasotzeari uzten badiozu eta zuk horrelakorik eskatu ez baduzu.
- ...inoiz erosi ez dituzun produktuen fakturei eta zorrei buruzko erreklamazioak jasotzen hasten bazara.
- Izan zaitez arduratsua zure datu pertsonalak babesteko orduan. Ez utzi Interneten zuri buruzko informazio pertsonala ager dadila, ezta beharrezkoa ez den beste edonon ere: ez daitezela zure helbidea, jaioteguna eta NAN agertu. Eta ez itzazu zure bankuko kontu-zenbakia edo, are gutxiago, bertan sartzeko gakoak eman.
- Berrikusi aldian behin zure banku-kontuko mugimenduak. Eta zure datu pertsonalak aldatzen dituzunean, jakinarazi iezaiozu zure bankuari.
- Erabili gako seguruak zure txarteletan eta konexio informatikoetan (kasu horretan, aldatu itzazu aldizka –ez da beharrezkoa hilean behin aldatzea–, eta erabili, gutxienez, 8 digituko gakoak, zenbakiak, letra larriak eta letra xeheak nahastuz); ez erabili esanguratsuak izan daitezkeen datak horiek errazago gogoratzeko –ezkontzak, jaiotegunak...–, oso erraz bilatu baitaitezke.
- Ez eman informazio pertsonalik telefonoz edo Internetez, informazio hori nori eta zertarako ematen diozun guztiz seguru ez bazaude.
- Ez eraman zurekin pasaportearen edo jaiotza-agiriaren gisako dokumentuak, horiek erabili behar dituzunean salbu.
- Kutxazainean zure kontuaren laburpena jasotzen baduzu, suntsitu ezazu. Negozioko agiriekin –fakturak eta abar–, birringailu bat erabiltzea eta arazo guztiak alde batera uztea da onena. Pentsa ezazu horietan zenbat informazio pertsonal agertzen den.
- Behar dituzun bitartean, gorde faktura guztiak –eta dokumentuak– leku seguru batean.
- Ordenagailuari dagokionez, ez utzi saioa irekita erabili behar ez duzunean. Ahal izanez gero, babestu posta elektronikoaren gisako web-orriak bi urrats bidezko egiaztapen-sistema erabiliz. Horrela, inork ez ditu zure pasahitzak erabiliko zure telefono mugikorrerako sarbiderik ez badu.
- Ez fidatu datu pertsonalak eskatzen dizkizutenean. Legitimoak badira, ez dira posta elektronikoz edo bat-bateko mezularitza bidez eskatzen. Zalantzaren bat baduzu, galde iezaiozu, ustez, jakinarazpena bidali dizun enpresari edo erakundeari.
- Ez sartu iruzurrezko posta elektroniko horietan agertzen diren esteketara eta ez deskargatu erantsitako fitxategiak.
- Ez erantzun mezu horiei. Ezabatu itzazu. Ahal izanez gero, jakinarazi iezaiezu zure kontaktuei iruzurra egiten saiatu direla. Asko eskertuko dizute.
Zein da zure erreakzioa?