Zure negozioaren forma juridikoa aukeratzeko irizpideak

Zure negozioaren forma juridikoa aukeratzeko irizpideak

4 min.

Zure negozioaren forma juridikoa aukeratzeko irizpideak

Negozio bat hasten dugunean, zer forma juridiko erabili erabaki behar dugu aurrena. Nahikoa da autonomo gisa alta ematea? Seguruagoa da sozietate mugatu bat sortzea? Edo kooperatiba bat sortzea? Funtsezkoa da gure negozioaren beharretara ongien egokitzen den forma juridikoa aukeratzea; izan ere, horrek eragina izango du enpresa gestionatzeko oinarrizko alderdietan eta erantzukizun handiagoak edo txikiagoak hartuko ditugu horren arabera.

Ekimen bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta, horregatik, beharrezkoa da berariazko azterketa bat egitea. Esaterako, autonomo gisa alta emateko izapide gutxi egin behar dira, baina erantzukizun handiena duen forma juridikoa da, beren ondarearekin erantzun behar baitute. Aldiz, sozietate mugatu baten kasuan, erantzukizuna mugatua da, jarritako kapitalarekin soilik erantzun behar baitute.

Forma juridiko ohikoenak

LABORAL Kutxako Gaztenpresa Fundazioak 462 negozio sortzen lagundu zuen 2014an: % 5 kooperatibak izan ziren, %  78 ondasun-erkidegoak edo pertsona bakarreko enpresak, eta % 17 sozietate mugatuak. Badaude beste forma juridiko batzuk, baina aipaturikoak dira ohikoenak. Ikus dezagun horien ezaugarri nagusiak, zein aukeratu erabakitzeko.

Autonomoa edo banakako enpresaria

Ez da beharrezkoa hasierako kapitalik jartzea, nahikoa da altaren berri ematea Ogasunean eta Gizarte Segurantzan. Erantzukizuna, aurretik esan bezala, mugagabea da, eta enpresa-jarduerari loturiko galerei eta zorrei beren ondarearekin erantzun behar diete. PFEZren bidez ordaintzen ditu zergak. Hori dela eta, urteko mozkina zenbateko jakin bat baino handiagoa bada (gutxi gorabehera 40.000 euro), hobe da sozietate zerga ordaintzea.

Ondasun-erkidegoa

Ondasun-erkidego batean bi pertsonak edo gehiagok jarduera ekonomiko bat abiaraztea erabakitzen dute, enpresa sortzeko ondarea partekatuz. Ondasun-erkidego bat eratzea nahiko erraza da, eta ez da beharrezkoa hasierako kapitala jartzea. Halere, horien kasuan, erantzukizuna pertsonala eta mugagabea da, autonomoen kasuan bezala. Erkideek beren enpresa-ondarearekin eta ondare pertsonalarekin erantzuten diete sozietatearen zorrei.

Sozietate mugatua

Sozietate mugatuen onura nagusia hau da: erantzukizuna jarritako kapital sozialera mugatzen dela. Sozietate mugatu bat martxan jartzeko gutxieneko kapital soziala 3.000 eurokoa da, eta, enpresa txiki eta ertainen kasuan, sozietateen gaineko zerga % 24koa da.

Sozietate mugatuen barruan Sozietate Mugatu Unipertsonalaren kasua dugu. Banakako ekintzaile batzuek aukeratzen dute, autonomo gisa alta eman beharrean. Denbora behar da eta izapideak egin behar dira (Sozietate Mugatua sortzerakoan egiten direnak), baina hainbat onura fiskal lor ditzakegu eta, batez ere, gure erantzukizun pertsonala mugatzen du.

Kooperatiba

Kooperatiba-sozietateetan langileak dira jabeak eta enpresaren gestioaz arduratzen dira. Gainera, honako balio hauek defendatzen dituzte: elkarrekiko laguntza, erantzukizuna, demokrazia, berdintasuna, ekitatea eta elkartasuna. LABORAL Kutxan harro gaude kreditu-kooperatiba izateaz, eta behin baino gehiagotan azaldu dugu lan-kooperatiba bat sortzeak dituen abantailak. Hona hemen ezaugarri nagusiak: 3 bazkide behar dira gutxienez, bakoitzak 3.000 euroko gutxieneko kapital-ekarpena egin behar du (2.000 euro Nafarroan) eta jarritako kapitalak mugatzen du bazkide bakoitzaren erantzukizuna.

Gure negozioaren forma juridikoa aukeratzeko aholku gehiago

Enpresa mota ohikoenen gako nagusiak ezagututakoan, aholkatzen dugu gure beharrak eta interesak aztertzeko puntu zehatz batzuk aztertzea:

  • Sustatzailearen edo sustatzaileen erantzukizuna. Kontuan izan beharreko irizpide erabakigarrienetako bat da. Enpresa-proiektuaren garapenean norainoko erantzukizuna hartzeko prest dauden erabaki behar dute sustatzaileek. Erantzukizuna kapital-ekarpenera mugatua egon daiteke, edo mugagabea izan, hau da, enpresaren zein beren ondarearekin erantzun beharko dute.  Enpresa-arriskurik badago, hobe da merkataritzako sozietateen alde egitea (Sozietate mugatua horietako bat da), pertsona fisikoak elkartzeko forma errazen ordez.
  • Proiektuaren behar ekonomikoak. Kapital-ekarpen handia egin behar bada, enpresa desegitearen eta likidatzearen ondorioak aurreikusi behar dira. Horrek, normalean, merkataritza-formetara eramango gaitu. Gainera, proiektuaren alor ekonomikoak eragina izaten du erabakian, gutxieneko kapital bat eskatzen baita sozietate jakin batzuk eratzeko.
  • Alderdi fiskalak eta soziolaboralak. Forma juridiko batzuek zerga desberdinak, hobariak eta salbuespenak izan ditzakete. Hain zuzen, sozietateek sozietateen gaineko zerga ordaintzen dute; ondasun-erkidego bateko kide bakoitzak, aldiz, PFEZ (Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), banakako enpresariek bezala. Kontuan izan behar da autonomoek sozietate batek baino zerga gehiago ordaindu behar dituela, mozkin handiak izanez gero. 40.000 eurotik gorako urteko mozkinen kasuan, hobe da sozietate bat sortzea. Bestalde, bazkide-langile gisa sozietate baten parte bagara, eta ez kapitalista soilak, kooperatiba-sozietatearen forma juridikoa aukeratuko dugu. Mozkin handiak baditugu, sozietate batekin baino zerga gehiago ordainduko dugu.
  • Sustatzaile kopurua. Sustatzaileak hainbat pertsona direnean, forma juridikoa hauetariko bat izango da: ondasun-erkidegoa, merkataritza-formak edo gizarte-ekonomia (lan-sozietateak edo kooperatibak); izan ere, horiek hobeto antolatzen dituzte sustatzaileen arteko harremanak eta proiektuak huts eginez gero jarraitu beharreko bidea. Sozietate Mugatuak pertsona bakarrekoak ere izan daitezke.
  • Izapide errazak. Errazagoa da sozietate zibilak eratzea, ondasun-erkidegoak eratzea edo autonomo gisa alta ematea (banakako enpresaria), sozietate mugatu bat edo kooperatiba bat eratzea baino.
  • Jarduera mota. Jarduera batzuek forma juridiko jakin batzuk eskatzen dituzte; esaterako, finantza-edo aseguru-erakundeak Sozietate Anonimo gisa eratu behar dira.
  • Laguntzak eta dirulaguntzak. Batzuetan, enpresa ekimen berriei laguntzeko araudi erregulatzaileek forma juridiko jakin batzuen alde egiten dute.
Korapilatsua iruditzen zaizu? Ez kezkatu. Forma juridikoari buruzko zalantzarik baduzu, zatoz LABORAL Kutxaren Gaztenpresa Fundaziora. Egokiena aukeratzen lagunduko dizute, zure enpresari itxura ematen eta merkatuan sendotzen. Ez zaitez martxan jarri ekintzaileen GPSra jo gabe!


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Finantza azterketa