2011ko erreforma fiskala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2011ko erreforma fiskala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

4 min.

2011ko erreforma fiskala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Gure finantza-gida praktikoan txertatu genuen "Ezagutu 2011ko erreforma fiskalaren oinarri nagusiak" postean, foru-lurraldeetan izan ezik estatu osoan indarrean izango den zerga-erreformaren alderdi nagusiak laburbiltzen saiatu gara. Era berean, beste post batean Nafarroako erreforma fiskalaren gakoak ikusteko aukera dago. Ildo horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean jarriko diren erreformen gakoak aztertuko ditugu. Batez ere Ondarearen gaineko Zergan, PFEZ delakoan eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan izango du eragina erreformak.

Aipatu lurraldeetako Batzar Nagusietan onartu dituzten erreformak honako foru-arau hauetan jaso dira:

  • Araban: Abenduaren 22ko 18/2011 eta 19/2011 Foru Arauak.
  • Bizkaian:
    • Abenduaren 28ko 4/2011 Foru Araua, Ondarearen gaineko zergari dagokionez.
    • Gainontzeko zergen kasuan, Foru Arauaren proiektua hartu da oinarri, izan ere, behin betiko onarpenik ez baitu oraindik jaso.
  • Gipuzkoan: Abenduaren 26ko 5/2011 eta 6/2011 Foru Arauak.

Ondarearen gaineko Zerga

Onartutako araudia 2011ko eta 2012ko ekitaldietan bakarrik aplikatuko da, hau da, 2012an eta 2013an aitortuko diren horietan. 2013ko ekitaldirako (2014an aitortuko den horretarako) arau berria onartuko dela aurreikusi da.

Aurreko araudiarekin alderatuta, honako hauek dira aldaketa nagusiak:

  • Ohiko etxebizitzaren konputuan, gutxieneko salbuetsia honako hau izango da:
    • Gipuzkoan: 300.000 €,
    • Araban eta Bizkaian: 400.000 €
    Beraz, hortik beherako ondareak ez dira aitortu behar, eta gainontzekoek, berriz, aldearen arabera ordainduko dute zerga. Adibidez, Gipuzkoan, 250.000 euroko etxebizitza ez da aitortu behar, eta 400.000 eurokoagatik, berriz, 100.000 eurori dagokiona ordaindu beharko du jabeak.
  • Likidazio-oinarria zehazteko, gutxieneko salbuetsiaren kenkaria ezartzen zaio zerga-oinarriari, 700.000 €koa Gipuzkoan eta 800.000 €koa Araban eta Bizkaian.
  • Zerga-kuota kalkulatzeko likidazio-oinarriari ezartzen zaion karga-tasa berbera da hiru lurralde historikoetan, eta honako taula honen arabera kalkulatzen da:
Likidazio-oinarrien mugaKuota osoaTasa
0 eta 200.000 euro bitartean0 euro% 0,2
200.000,01 eta 400.000 euro bitartean400 euro% 0,3
400.000,01 eta 800.000 euro bitartean1.000 euro% 0,5
800.000 eurotik aurrera3.000 euro% 0,9

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga

(Ondoren aipatuko ditugun terminoak hobeto ulertzeko, Errenta Aitorpenaren kontzeptu orokorrak atala irakur dezakezue, gure finantza-gida praktikoan)

2012ko ekitaldian (2013an aitortu beharrekoan) PFEZ zergan indarrean sartuko diren aldaketa nagusiak honako hauek dira:

  • Gizarte-aurreikuspeneko sistemetara (BGAE, pentsio-planak, etab.) egindako ekarpenei dagokien kenkaria mugatu egingo da:
    • Gipuzkoan:
      • Urteko ekarpen pertsonalak ezingo dira 5.000 €tik gorakoak izan (ekarpen handiagoa egin arren 5.000 €ri dagokion kenkaria bakarrik aplikatuko da).
      • Urteko ekarpen pertsonalen eta enpresa-kontribuzioen arteko batuketa ezingo da 12.000 €tik gorakoa izan. Emaitza hortik gorakoa bada lehentasuna emango zaie enpresa-kontribuzioei dagozkien kenkariei. Horrela, gure enpresak urtean 8.000 euro bideratzen baditu gure BGAEra eta guk 5.000ko ekarpena egiten badugu, enpresaren 8.000 euroen kenkaria izango dugu, baina gure ekarpenetik 4.000 eurori dagokiena bakarrik.
      • 67 urtetik gorakoek ezingo dute inongo kenkaririk aplikatu gizarte-aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenengatik.
    • Araban eta Bizkaian ere txikiagotu egin dira mugak:
      • Urteko 6.000 €ra ekarpen pertsonalen kasuan (zergadunek beste 500 €ko kenketa egin dezakete 52 urtetik gorako urte bakoitzeko, gehienez 12.500 €ra arte).
      • Enpresa-kontribuzioen batuketa ezingo da 8.000 €tik gorakoa izan.
      • Urteko ekarpen pertsonalen eta enpresa-kontribuzioen arteko batuketa ezingo da 12.000 €tik gorakoa izan.
  • Gipuzkoan, likidazio-oinarri orokorraren tarifan hiru tarte berri finkatu dira (orain arte  errenta-zenbateko horiek % 45eko tasa marjinala izan dute):
    • 90.000 €tik gora tasa marjinala % 46koa izango da. Horrela, 90.000 eurotik gorako zenbatekoaren % 46 ordainduko da.
    • 120.000 €tik gora tasa marjinala % 47koa izango da. Horrela, 120.000 eurotik gorako zenbatekoaren % 47 ordainduko da.
    • 175.000 €tik gora tasa marjinala % 49koa izango da. Horrela, 175.000 eurotik gorako zenbatekoaren % 49 ordainduko da.
  • Aurrezkiaren tributazioa igo egingo da:
    • Gipuzkoan, orain arte indarrean egon den % 20ko tasa lehenengo 4.000 €ei bakarrik aplikatuko zaie. Gainontzeko aurrezki-errentari % 23ko tasa ezarriko zaio.
    • Araban eta Bizkaian % 20 aplikatuko zaie lehen 10.000 €ei. Gainontzeko aurrezki-errentari % 22ko tasa ezarriko zaio.
  • Ohiko etxebizitza erosteari dagokion kenkaria gutxiagotu egingo da 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera (aurretik erositako etxebizitzen kasuan lehengo araubideari eutsiko zaio):
    • Gipuzkoa:
      • Kenkaria % 15ekoa izango da, % 20koa 35 urtetik beherakoentzat eta famili ugarientzat (orain arteko kenkaria % 18koa izan da, %23koa famili ugarientzat eta 35 urtetik beherakoentzat).
      • Kenkariaren urteko gehienezko zenbatekoa 1.500 €ra jaitsi da,  2.000 €ra 35 urtetik beherakoentzat eta famili ugarientzat (orain arte zenbateko horiek 2.160 € eta 2.760 € izan dira).
      • Kreditu fiskal osoa 30.000 €tan finkatu da (36.000 €tan izan beharrean).
    • Araban eta Bizkaian:
      • Kenkari handiena izateko adina 35 urtetik 30era jaitsi da.
      • Kenkariaren urteko gehienezko zenbatekoa 1.800 €ra jaitsi da (2.300 €ra 30 urtetik beherakoentzat).
Aldaketa horiez gain, erreformak beste batzuk ere jasotzen ditu, gure ustez garrantzi gutxiago dutenak. Horien artean honako hauek dira azpimarragarriak:
  • 65 urtetik gorakoek ohiko etxebizitza eskualdatzean sortzen den irabazia salbuetsita dago lehen 220.000 €ei dagokienez. Beraz, muga hori gainditzen duen irabaziaren zenbatekoagatik tributatu beharko da.
  • Orain arteko tarifa-tarteak % 2 deflatatuko dira, eta baita ere baterako aitorpenari dagokion kenkaria eta kenkari orokorrak, ondorengoei, aurrekoei eta adinari dagozkienak.
  • 30.000 €tik beherako errenta dutenei bakarrik aplikatuko zaie osorik adinari dagokion kenkaria (35.000 € Araban eta Bizkaian), eta kenkaria gutxituz joango da 20.000 €tik gorako zerga-oinarritik gora (30.000 € Araban eta Bizkaian).

Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga

Zuzeneko ahaideen (ezkontidearen, aurrekoen eta ondorengoen) aldeko dohaintzak ez dira salbuetsita egongo, eta % 1,5eko tasa aplikatuko zaie hiru lurraldeetan. Hori da zerga horretan izan den aldaketa nagusia. Gipuzkoan 2011ko abenduaren 28tik aurrera izango da indarrean, eta Araban eta Bizkaian, berriz, 2012ko apirilaren 12tik aurrera.

Gainera, Gipuzkoan, zuzeneko ahaideen aldeko mortis causa oinordetza ere ez da salbuetsita egongo, eta % 1,5eko tasa ordaindu beharko da. Dena den, zergaren oinarriari 220.000 €ko kenkaria aplikatuko zaio oinordeko bakoitzeko.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Autonomoentzako aholkularitza Finantza kudeaketa