2013rako autonomoentzako zerga- eta lan-berritasunak

2013rako autonomoentzako zerga- eta lan-berritasunak

4 min.

2013rako autonomoentzako zerga- eta lan-berritasunak

Consulting PROk, Euskadiko Kutxaren bezero diren autonomoentzako eta negozio txikientzako aholkularitza-zerbitzuak, 2013tik aurrera kolektibo horiei eragin diezaieketen zerga- eta lan-berritasun nagusiak bildu ditu. Hemen aurkituko duzue horien laburpena.

PFEZaren atxikipenak autonomoei

2013an, profesional autonomoen fakturetan, % 21ekoa izaten jarraituko du atxikipen-tasak (profesional autonomo berrientzat, % 9koa izango da). 2014rako, aurreikusten da atxikipenen tasa % 19koa izatera itzuliko dela (% 7koa profesional berrientzat).

Fakturazio-arau berria

Fakturazioari dagokionez, hiru berritasun azpimarra daitezke:
  • 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, tiketak ez dira onartuko gastu bat justifikatzeko kontabilitateko agiritzat.
  • 400 eurotik beherako eragiketen kasuan, faktura sinplifikatuak jaulkiko dira (faktura osoak baino sinpleagoak, baina tiketak baino informazio gehiagorekin).
  • Faktura elektronikoak paperekoaren balio bera izango du.

Eskudiruzko ordainketen muga

Urriaren 29ko 7/2012 Legearen 7. artikuluak ezartzen duenaren arabera, eskudiruzko ordainketak mugatuta daude zenbait eragiketatan:
  • 2.500 euroko edo gehiagoko eragiketetan –edo atzerriko monetan balio hori dutenetan–, esku hartzen duten alderdietako batek enpresari edo profesional gisa jarduten badu, ordainketa ezin izango da eskudirutan egin.
  • Dena den, ordaintzaileak frogatzen badu Espainian zerga-egoitza ez duen pertsona fisikoa dela, eta enpresari edo profesional gisa jarduten ez badu, zenbateko hori 15.000 eurokoa izango da, edo haren kontrabalioa atzerriko monetan.
  •  Adierazitako zenbatekoak kalkulatzeko, eragiketa edo ordainketa guztien zenbatekoak batuko dira, ondasunen edo zerbitzuen ordainketa zatikatzen den kasuetan.
  • Muga hori ez da aplikatuko kreditu-erakundeetan egiten diren ordainketen eta diru-sarreren kasuan.

Lanbide arteko gutxieneko soldata

Lanbide arteko gutxieneko soldata % 0,6 handitu da langile guztientzat, eta orain eguneko 21,51 eurokoa edo hileko 645,30 eurokoa da.

Soldata hori jarduera bakoitzeko legezko lanaldiari dagokio, eta eguneko soldataren kasuan, ez da igande eta jaiegunetako zati proportzionala zenbatuko. Lanaldi laburragoa eginez gero, zati proportzionala jasoko da.

Gutxieneko soldatan, dirutako ordainketak soilik zenbatzen dira. Gauzazko soldata jasoz gero, horrek ez du, inola ere, gutxieneko soldataren dirutako zenbateko osoa murriztuko.

Diruaren legezko interesa

Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera, diruaren legezko interesa % 4koa izango da 2013. urtean. Diruaren legezko interesa da Administrazioek, Ogasunak eta Gizarte Segurantzak aplikatzen dutena; esate baterako, zergadunek egin beharreko ordainketak zatikatzen edo geroratzen badira (hala nola zergen likidazioen edo Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketen geroratzeetan).

Bestalde, arau berberak adierazten du zergen legezko berandutze-interesa % 5ekoa dela. Interes hori aplikatuko da partikular edo enpresa batek Administrazioarekin zatikatutako edo geroratutako eragiketa bat ordaintzen ez badu.

Pentsioen erreforma

Aurten, pentsioen erreforma jarri da indarrean. Horrek erretiro-adina 67 urtera igo du, eta 37 urte kotizatu beharko dira, eta ez 35 urte, gehienezko zenbatekoa kobratzeko.

Erretiro-adinaren aldaketa horrek eragin progresiboa izango du. Urteko hilabete bat luzatuko da lehen sei ekitaldietan eta urteko bi hilabete ondorengo bederatzi ekitaldietan. 2027tik aurrera, 67 urtekoa izango da erretiro-adina.

  • 2013an 65 urte betetzen dutenek pentsioaren % 100 kobratzeko eskubidea izango dute 65 urte eta hilabete bat betetzen dutenean.
  • 2018an, pentsioaren % 100arekin erretiratzeko lege-adina 65 urte eta 6 hilabetekoa izango da.
  • 2027an, 67 urtekoa izango da.
Erreformaren ondorioz, pentsioaren % 50 kobratzeko eskubidea izateko, gutxieneko aldia 15 urtekoa izango da.

Kalkulu-aldia

Orain arte, pentsioa kalkulatzeko langilearen lanbide-karrerako azken 15 urteetako batez bestekoa ateratzen zen. Dekretu berriaren arabera azken 25 urteak hartuko dira kontuan. Luzapen hori progresiboki egingo da 2022ra arte.

Erretiroari begira, autonomo-kuota honela egokituko da:

  • 47 urtez beherako autonomoek eta 2013ko urtarrilaren 1ean 47 urte eginda dituzten autonomoek gutxieneko (858,60 €) eta gehienezko (3.425,70 €) oinarrien artean aukeratu ahal izango dute, baldin eta 2012ko abenduko kotizazio-oinarria 1.870 eurokoa edo handiagoa izan badute.
  • Aldiz, 2013ko urtarrilaren 1ean 47 urte beteta dituzten eta hileko 1.870,50 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten langile autonomoek hileko 1.888,80 eurora igo ahal izango dute, gehienez ere.
  • 2013ko urtarrilaren 1ean 48 urte baino gehiago dituztenei dagokienez, haien kotizazio-oinarria 925,80 eta 1.888,80 euro artekoa izango da, salbuespenak salbuespen (autonomo bat hiltzen bada, eta haren ezkontideak 45 urte baino gehiago baditu eta negozioaz arduratzen bada, 858,60 eta 1.888,80 euro artekoa izango da).


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Autonomoentzako aholkularitza