2014? zoriontsua

2014? zoriontsua

3 min.

2014? zoriontsua

Baduzue Fiscal Cliff delakoaren berri? Termino horren itzulpenik erabiliena "amildegi fiskala" da eta epe laburrean munduko ekonomiaren ziurgabetasunetako bat bihurtu da. 2011ko udan legegile estatubatuarrek zerga-politikako neurri-sorta bat aurreikusi zuten, demokraten eta errepublikarren arteko akordioa bultzatzeko presio-mekanismo gisa, aurrekontu-defizita murrizte aldera. Neurri horiek aplikatuz gero, Amerikako Estatu Batuetako ekonomia atzeraldian sartuko litzateke, eta horrek eragin negatiboa izango luke munduko ekonomian. Galdera berehalakoa da. Lortuko da akordiorik? Momentu honetan, dirudienez, akordioa lortzeko probabilitate handia dago. Akordioa lortzen bada, AEBko ekonomiak % 2ko inguruko hazkundea izango du 2013an.

Garapen-bidean dauden ekonomiak dezeleratzen ari dira? Azken urteetan munduko ekonomiaren hazkundea bultzatu duten herrialdeen inguruan zalantzak daude. Esaterako, Txinako ekonomiaren inguruan. Egia esan, Asiako erraldoia bere hazkunde ekonomikoa orekatzeko lanean ari da. Hain zuzen, nazioarteko merkataritzaren narriadura dela eta, barne-eskaria indartzea da helburua. Horrek Txinako ekonomia % 8,1etik (2012. urtean) % 8,5era (datorren ekitaldian) haztea ekar dezake. Orokorrean, Asiako herrialdeek % 4,7ko hazkunde tasari eutsi egingo diote datorren urtean, 2012ko datuak berdinduz. Aldiz, Latinoamerikako eta Ekialdeko Europako herrialdeak % 3,8 eta % 3,1 haziko dira, hurrenez hurren. Beste berri on bat ere badugu: munduko ekonomia % 2,7 haziko da 2013an, eta aurtengo hazkundea baino bi hamarreko handiagoa izango da.

Une honetan, etorkizunean berri onak besterik izango ditugun galdetuko diezue zuen buruei. Uste dut erantzuna badakizuela. Hain zuzen, denak ez dira berri onak. Berri txar bat ere badugu eta ziurrenik aipaturiko bi berri onak ez dira nahikoa izango. Dakizuenez, Europari buruz ari gara. Europako arazoak, oraindik konpondu gabe dagoenak, askotariko alderdiak hartzen ditu barnean. Zor subiranoaren krisia faltsuan itxi da, eta oraindik ez zaio erantzun eraginkorrik aurkitu. Baliteke, aldi berean epe laburreko eta ertaineko arazoak konponduko dituen konponbide “bat” (edo hainbat) aurkitzea oso zaila delako. Baina 2014an Banku Batasuna gauzatuko dela amesten eta sinesten badugu –dirudienez, Europako liderrak buru belarri dihardute horretan lanean–, arazoa konpontzeko oinarri sendoak jartzen ariko gara. Gainera, ordurako, Estatu askoren zorren hazkundeak sabaia joko du. Laburbilduz, amets kutuna, baina horrek oztopo bat du: Datorren urtea, 2013a! Gertu-gertu dugun urtea. Atzeraldi-ingurune batean jarraituko dugula dirudi, eta BPGak behera egingo duela, 2012an bezala. Horrek lan-merkatuaren aldagaiak are gehiago kaltetuko ditu. Zoritxarrez, arazo handia da hori. “Amets” egin dezagun… beharbada irtenbidea gertu izan dezakegu.

Azterketa hau Euskadiko Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin, gaurkotasuneko hainbat gai ekonomikori buruz zer ikuspuntu duen ikusiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?