2014rako aurreikuspen ekonomikoak
2014-02-19
2014rako aurreikuspen ekonomikoak
2014. urtean abiatu berriak garen honetan, ikuspegi ekonomikotik sentsazioak nahasiak dira, gutxienez. Finantza-merkatuek oso jokabide ona izan zuten 2013ko azken hiruhilekoan, baina ekitaldi berri honetan, ordea, zalantzati hasi dira. Eta hori, hain zuzen, gertatu da Eustatek eta INEk egiaztatu dutenean Euskadiko eta Espainiako ekonomiek % 0,3 egin zutela gora iazko azken hiruhilekoan. Baten batek esan lezake Burtsak, merkaturik mediatikoenak, ekonomiaren ibilbidea aurreratu duela eta hazkunde-igurikimenak gauzatu aurretik bildu zirela. Alabaina, zer adierazten du orduan urtarrileko geldialdi horrek? Izan ere, ez dator bat Ekonomia Ministerioaren aurreikuspenekin ere, iazko erdi alditik hona ozen eta sendo adierazi baitu gure ekonomia goraka datorrela eta atzeraldia amaituta dagoela.
Ekonomia globala bihurtu den puzzlean ordena pixka bat ezartzekotan, ulertu egin behar da Euskadi eta Espainia krisitik irten ahal izateko, gainerako munduaren ibilbidea hartu behar dela kontuan ezinbestez. Gure barruko aldagaiak hobetuko dituen hazkunde-erritmoa lortzekotan, kanpo-sektorearen ekarpena nahitaezkoa dugu.
Ekonomia globalari dagokionez, aurreikuspenek diote aurtengo erregistroak 2013koak baino askoz ere hobeak izango direla. Zehazki, analistek eginiko aurreikuspenen arabera, batez besteko hazkundea % 2,4koa izango da 2013an, eta % 3,1ekoa 2014an. Baina gauzak ez dira horren argiak. Hazkunde globalaren errealitatea oso desberdina da eremuaren arabera. Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Alemanian eta Japonian hazkundea handi samarra izan liteke, batez ere lehenengo bietan, % 2tik gorako aurreikuspenekin. Asiako herrialdeari eta Europako lokomotorari dagokienez, zenbateko horretatik hurbil ibiliko dira.
Garabidean dauden herrialdeetan, berriz, egoera konplexuagoa da. Kasu batzuetan hazkunde-arazoak daude; beste batzuetan inflazio-arazoak edo zerga- eta kanpo-desorekak. Kontua ez da herrialde “guztiek” arazo “guztiak” dituztenik. Izan ere, horietako batzuek zentzuzko jardun ekonomikoa erakusten dute. Alabaina, merkatuek ez dute bazterkeriaz jokatzen eta AEBko Erreserba Federalak sustagarri ekonomikoak erretiratuko dituen iragarpenak beherakadak eragin ditu burtsetan, nazioarteko dirua zor-merkatuetatik irten da, epe labur eta ertainerako interes-tasak goratu egin dira, eta eremu horretako monetek balioa galdu dute. Azpimarratzekoa da Txinak egoera horretan duen garrantzia: Asiako erraldoiak arazoak ditu finantza-sektorean, higiezinen sektorean burbuila dagoen sintoma argiak daude, eta BPGd-aren aurreikuspenek diote 2014an hazkundea hamarren bat motelduko dela, hau da, % 7,6koa izango dela.
Ez dugu uste eremu horretan ezarri den desegonkortasuna momentuz mundu-mailako krisi bihurtuko denik, baina ukaezina da honako bi elementu hauek arazoak eragin litzaketela, baldin eta muturreraino iristen badira: Estatu Batuetan interes-tasak gora egitea, eta Txinan espero dena baino desazelerazio handiagoa gertatzea. Europako egoerari lotuta, Alemanian nahiz Erresuma Batuan BPGd-aren % 2 inguruko hazkunde-tasak espero dira. Euroguneari dagokionez, ordea, analisten arabera, batez besteko hazkundea % 1 ingurukoa izango da.
Zer aurreikuspen dago Euskadin eta Espainian?
LABORAL Kutxan darabiltzagun aurreikuspenen arabera, hazkunde apala egongo da bi eremu horietan. Zehazki, % 0,6ko tasa espero dugu Espainia osoan, eta % 0,8koa Euskadin. Bi kasuetan, barne-eskariak ekarpen txikia egingo dio hazkundeari -Euskadiren kasuan hamarren bat ekar liezaioke, eta Espainian baten bat kendu-, eta kanpo-eskariak aginduko du nolakoa izango den azken jokabidea. Ez da ulertzeko zaila; izan ere, kontsumo pribatuak ekarpen positiboa egingo duen arren, langabezia-tasa nahiz zorpetze pribatua handiak dira eta, hortaz, ezinezkoa da ekonomiaren motorrak izatea.
Halere, elementu nabarmen bat ikusi dugu: ekipamendu-ondasunetan egindako inbertsioek izan duten gorakada. Izan ere, barne-eskariaren susperraldi iraunkorra gertatzekotan, inbertsioa errealitate bihurtu behar da. Hori gertatzeko funtsezko oinarri bat dago: industria-sektoreak emaitzak eta aurreikuspenak hobetzea. Badirudi kanpo-sektorearen bultzadak eta balantze-zentralaren azken datuek hori baieztatzen dutela eta, hartara, oso litekeena da 2014an inbertsioak gorako bideari ekitea. Horrek, ondoren, lan-merkatua eta logikoki kontsumoaren bidez barne-eskaria hobetzea ekar lezake. Halere, zoritxarrez, hori gertatzekotan ez da aurten izango, eta ziurrenik 2015tik aurrera etorriko da. Azken batean, lan-merkatuari eta magnituderik garrantzitsuenari, langabezia-tasari, dagokienez, ez dugu uste aurten hamarren batzuk baino areago hobetuko direnik.
Laburbilduz, 2014 urte positiboa izango da, baina 2015etik aurrera ikusiko ditugu hobekuntzak lan-merkatuan, dagoeneko krisia gainditzeko bidean.
Zein da zure erreakzioa?