2019ko errenta-aitorpena online egitea, COVID-19ari aurre egiteko beste modu bat
2020-04-24
2019ko errenta-aitorpena online egitea, COVID-19ari aurre egiteko beste modu bat
Geratu etxean. Bizi dugun osasun-krisialdian, horixe da COVID-19aren aurka borrokatzeko armarik eraginkorrena. Konfinamenduak gure bizimodua ia erabat baldintzatzen duela ematen badu ere, digitalizazioari eta teknologia berriei esker gauza mordoa egin dezakegu etxetik, besteak beste, telelana eta zerga-betebeharrak betetzea.
Hala, aurtengo errenta-kanpainan aukera paregabea izango dugu errenta-aitorpena bide telematikotik egitean nola moldatzen garen ikusteko. Oraingoz, Foru Ogasunak hasi dira zergadunei etxera bidaltzen izapide horretarako beharrezkoak diren dokumentuak, hala nola gakoak eta aitorpen-zirriborroak. Jarraian, lurralde historiko bakoitzean egin beharreko izapideen berri emango dizugu. Dena den, zure aitorpena formalizatzean arazo edo zalantzaren bat baduzu, gogoratu zure gestore pertsonalaren laguntza jaso dezakezula, online edo telefonoz.
Nola egin daiteke errenta-aitorpena online Araban?
Arabako Foru Ogasunak errenta-aitorpena egiteko hiru modalitate eskaintzen ditu:- RentaRed. Aitorpen berria online egiten da laguntza-programa baten bidez. Programa horrek PFEZren eta Ondarearen inguruan indarrean den legedia hartzen du kontuan, eta aitorpena egiteko eta aurkezteko aukera ematen die bai partikularrei eta bai finantza-erakundeei, gestoriei, aholkularitza-zerbitzuei eta Foru Ogasunari berari ere. Aitorpena betetzeko, EGOITZAREN identifikazio-metodoetako bat erabili beharko duzu. Horren bidez, zure datu fiskalak inprimakian sartu ahal izango dituzu. Aitorpena berrikusi eta osatu ondoren, online izapidetu beharko duzu, beharrezkoa den dokumentazioarekin batera.
- RentaFácil. Arabako Foru Aldundiak zure etxera bidaltzen duen aitorpen-proposamena da.
- RentAraba. Aitorpena aurrez aurre egiteko modalitatea da. Aurretiko hitzordua eskatu behar da helbide elektroniko honen bidez: etiquetasrenta@araba.eus.
Errenta-aitorpena online egiteko aukera Bizkaian
Bizkaiko Lurralde Historikoan errenta-aitorpena online betetzeko, beharrezkoa da alta ematea Foru Aldundiak onetsitako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako tresnaren batean, eta, gainera, eskura izatea zergadun bakoitzak etxean jasotzen duen errenta-gakoa. Aitorpena aurkezteko epea maiatzaren 4an irekiko da, eta itxiera-data, berriz, pandemiaren aurkako borrokaren bilakaeraren arabera finkatuko da. Aitorpena egiteko, Foru Ogasunak laguntza-programa prestatu du eta zergadun guztien eskura dago apirilaren 14az geroztik. Programak aukera ematen du Ogasun eta Finantza Sailaren BizkaiBai bulego birtualarekin konektatu eta aitorpena Internet bidez aurkezteko laguntza jasotzeko. Kanpainari buruzko zalantzak argitzeko telefonoa ere badu Bizkaiko Ogasunak: 94 608 3000.Errenta-aitorpena Gipuzkoan
Gipuzkoan, apirilaren 15etik uztailaren 29ra arte egongo da zabalik errenta-aitorpena aurkezteko epea. Aitorpena online aurkez daiteke ZergaBidea zerbitzuan, gako operatiboarekin edo gabe. Horretarako, funtzionamendu-gida baten laguntza izango duzu aitorpena bi moduetara egiteko. Errenta-aitorpenaren inprimakia betetzeko, eskuz sartu ahal izango dituzu datu guztiak, edo bestela, autolikidazio-proposamena deskarga dezakezu, etxera iritsi zaizun proposamenean azaltzen den onarpen-kodea sartuta. Zalantzarik baduzu, aurretiko hitzordua eskatzeko aukera eskaintzen du Gipuzkoako Foru Ogasunak, errenta mekanizatua esaten zaiona ordenagailutik egiteko.Errenta-aitorpena online aurkezteko aukera Nafarroan
Nafarroako Foru Ogasunaren kasuan, aitorpena online aurkezteko epea datorren maiatzaren 11n irekiko da, eta oraingoz ez dute erabaki noiz arte egongo den zabalik. Izapideak bide telematikoz sinatzeko, beharrezkoa da ziurtagiri digital bat instalatuta izatea nabigatzailean edo NAN elektronikoa erabiltzea. Jarraian, Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean sartu beharko duzu aurkezpen telematikoa egiteko.Osasun-larrialdiaren egoera dela eta, aurten ezingo duzu gure bulegoetan egin errenta-aitorpena. Dena den, gogoratu LABORAL Kutxako gestore baten laguntza jaso dezakezula zure aitorpenarekin lotutako izapideak betetzeko. Harremanetan jartzeko, erabili Online Bankako «Kontaktua» atala.
Zein da zure erreakzioa?