Artean, Kulturan, Gizarte Zientzietan edo Humanitateetan Euskal Herrian den curriculumik onenaren bila gabiltza, Eusko Ikaskuntzarekin batera

Artean, Kulturan, Gizarte Zientzietan edo Humanitateetan Euskal Herrian den curriculumik onenaren bila gabiltza, Eusko Ikaskuntzarekin batera

2 min.

Artean, Kulturan, Gizarte Zientzietan edo Humanitateetan Euskal Herrian den curriculumik onenaren bila gabiltza, Eusko Ikaskuntzarekin batera

Ikertzaile bat, zientziaren munduan entzutetsua den pertsona bat, edo kulturan ospe handia duen norbait. 19. urtez jarraian, Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos eta LABORAL Kutxa Euskal Herriaren kultur garapenari ekarpen handiena egin dion pertsonaren bila dabiltza, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako euskal curriculumik onenaren saria emateko.

Hautagai den pertsonak berak, unibertsitateko institutuek edo departamentuek eta zientzia- eta kultura-entitateek aurkez ditzakete izen handiko sari hori jasotzeko hautagaitzak. Saria 20.000 eurokoa da eta uda aurretik emango da jakitera irabazle bakarraren izena.

Aurkezteko prozedura eta epea

Prozedura berbera da kasu guztietan: Hautagaiek edo horiek aurkeztuko dituztenek hautagaiaren aurkezpen-gutuna egin beharko dute, eta horrekin batera Eusko Ikaskuntzaren inprimaki normalizatuan idatzitako Curriculum Vitaea bidali beharko da (erakundearen web-orrialdean eta edozein lurralde-bulegotan eskura daiteke). Dokumentazioa, paperean eta euskarri informatikoan, Eusko Ikaskuntzaren Donostiako Miramar Jauregiko bulego nagusietara bidali behar da 2014ko apirilaren 30a baino lehen, egun horretan amaituko baita aurkezteko epea.

Era berean, prozedurak bi ezaugarri berezi ditu:

Lehena, Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak eskubidea dutela aurreko urteetan irabazle izan ez diren hautagaiak aurkezteko, egoki baderitzote, eta horretarako, eurek eguneratuko dute curriculuma. Bigarrena, saria eskuratu ahal izateko irabazleak artikulu bat idatzi beharko du RIEV Eusko Ikaskuntzaren Nazioarteko Aldizkarirako, non bere lan-alorrean egin dituen ekarpen nagusiak zehaztuko dituen.

Epaimahaikideak eta aurreko irabazleak

 Julio Caro Baroja, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Joxe Azurmendi, Francisco Etxeberria, Mari Carmen Gallastegui… Nahikoa da aurreko irabazleen zerrenda ikustea (osorik hemen) sariaren garrantzia ulertzeko.

 Epaimahaiari dagokionez, honako kide hauek izango ditu:

Gainera, ebaluazioan espezialista diren itzal handiko bi laguntzaile izaten ditu epaimahaiak, Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak izendatutakoak.

Zer da Eusko Ikaskuntza - Sociedad de Estudios Vascos?

Eusko Ikaskuntza - Sociedad de Estudios Vascos erakunde zientifiko eta kulturala da, 1918an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Foru Aldundiek sortua, euskal kultura garatzeko baliabide egonkor gisa.

Ekarpen baliotsuak egin ditu, eta horien artean azpimarragarriak dira Euskaltzaindiaren sorreran izan zuen egitekoa, euskarazko lehenengo eskola-testuak koordinatzea, euskal kultura sistematikoki artxibatzearen eta dokumentatzearen aldeko apustua, edota arkeologiako prospekzio-lanei laguntza ematea. Izan ere, urte askotan Jose Migel Barandiaran izan zuen lehendakari.

Erakundearen web-orrian bere historiari eta funtzionamenduari buruzko nahi adina informazio aurkituko duzu, eta horrekin batera baita zure lan akademikoan, profesionalean edo ikertzailean oso erabilgarri izan dakizkizukeen baliabideak ere, hala nola, Auñamendi Entziklopedia Digitala (euskal kulturari buruz munduan den osatuenetakoa), euskal kulturari buruzko prentsako bilduma (1900-1975) edota euskal kantutegia (5.000 kantu baino gehiagorekin).


Zein da zure erreakzioa?