Aurrezteko trikimailuak

Aurrezteko trikimailuak

4 min.

Aurrezteko trikimailuak

Aurrezteko trikumailuakBanku, aurrezki kutxa eta kreditu-kooperatiben arteko aldeak ikusi genituenean esan genuenez, finantza-erakundeak dirua jaso eta mailegatzeaz arduratzen diren bitartekariak dira. Hau da, batzuek gorde ditzaketen aurrezkiak beste batzuek behar dituzten mailegu bihurtzen dituzte.  Era berean, kredituok negozioak abian jartzen laguntzen dute, eta negozioek, berriz, lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituzte. Baina aurreztea ez denez erraza, horretarako gako batzuk eskainiko dizkizugu, erabilgarriak izango zaizkizulakoan.

Euskadiko Kutxan bideoa prestatu dugu, gure bezeroei eskura dituzten inbertsio-aukerak modu errazean azaltzeko, bakoitzak bere beharren eta lehentasunen arabera erabaki dezan. Baina, nondik atera daiteke inbertitzeko dirua? Gakoetako bat bakoitzaren “diru-ihesbideak” antzematea da.

Kontuan izan behar dugu gizakiok emozionalak garela, eta arrazionaltasun-sentimendu faltsua izan ohi dugula ustez ukigaia eta neurgarria den diruari buruz pentsatzen dugunean. Horregatik, gerora hobeto bizitzea ahalbideratuko diguten erabakiak hartzeko xedez, buruak gu engainatzeko erabil ditzakeen azpijokoak ezagutzea komeni zaigu.

Gastua eta aurrezpena gauzen prezioen arabera baloratzea izaten da buruak maizen egin ohi digun amarruetako bat. Aurreztutako 100 euro beti izango dira 100 euro, bai produktuak 200 euro balio baditu (% 50eko aurrezpena) eta baita 10.000 eurokoa bada (% 1eko aurrezpena), baina jende gehiagok zeharkatuko luke hiria produktu bat erdi prezioan erosteko % 1 “soilik” aurrezteko baino. Hau da, lortzen dugun aurrezpena modu erlatiboan hartzen dugu kontuan, elementu absolutua den arren. Zenbatekoa gutxietsi egin ohi dugu zenbaki handiago bati lotuta badago, baina egia esan, bi kasuetan aurrezten ditugun 100 euroekin gauza berberak eros ditzakegu. Agerikoa dirudi, baina jokaera hori oso hedatua dago.

“Apur bat gehiagogatik…” tranpa da

Buruak antzera jokatzen du gauza garestiak erosteko orduan, adibidez, automobila; seguruenik gehigarri batzuekin erosiko dugu azkenean, horren interesgarriak iruditzen ez bazaizkigu ere. Automobilak 12.000 euro balio baditu, nola ez ditugu beste 500 euro jarriko bestelako eserlekuak, hagunak edo musika-ekipo hobea izateko? Aparteko diru hori ez dugu gastu absolutu modura ikusten, gastu osoarekiko erlatibotzat hartzen dugu. 12.000 euroren aurrean 500eko gainkostuak “txikikeria” dirudi.

Automobilak benetan atsegin baditugu, zaleak bagara, gehigarriak inbertsio ona izan litezke, baina agian nahiago genuke 500 euro horiek beste gauza batean gastatzea edo zerbait gehiago aurreztu eta itsas bidaia batera joatea edo ordenagailua aldatzea.

Hona hemen gure defentsaren oinarri izan daitekeen argudioa: gastu hori egingo ez bagenu zer eros genezakeen pentsatzea. “Zenbat aurreztuko genukeen” bakarrik pentsatzen badugu gure buruak ez du irabazi modura ulertuko. Baina, aldiz, diru hori gustukoago ditugun beste gastu batzuk egiteko (orain edo etorkizunean) erabil dezakegula pentsatzen badugu, pozik hartuko dugu aurrezpen hori, eta benetan duen esanahia ulertuko dugu: zoriontsuago egingo gaituen zerbaitetarako dirua gordetzen ari gara. Azken finean, zenbat kontzertu eta antzerki-emanalditara joan gaitezke automobil modelo hobeagatik ordaindu beharreko 5.000 euroekin? Bietatik zein gastu dugu nahiago?

Finantzei aplikatutako psikologia

Azken batean, gure diru-sarrerekin ahalik eta zoriontasunik handiena lortzea da kontua. Aurreztean erabaki zaila hartzen dugu: atzeratu egiten dugu geure baliabideez gozatzea, gordetzen duguna geroago erabiltzeko.  Jokabide-finantzei buruzko TEDeko hitzaldi batean Daniel Goldstein irakaslea horri buruz mintzatu da, izan ere psikologia eta erabaki ekonomikoak uztartzen dituen arlo hori aztergai izaten hasi baita.

Gastatzearen eta aurreztearen arteko edozein erabaki “egungo niaren” eta “etorkizuneko niaren” arteko borroka da. Aurreztuz zoriontsuago egingo dugu izango garen hura. Daniel Goldstein psikologoa da, eta hainbat esperimentu egin ditu ulermenaren eta erabakiak hartzearen prozesuaren nondik norakoak erakusteko. Pertsonek gehien komeni zaiena aukeratu behar dutenean lagungarri izango dituzten tresnak lantzea du helburu. Adibidez, hainbat pentsio-planen artean bat aukeratzeko orduan ez du erakusten bezeroak erretiroa hartzean kobratuko duen dirua, baizik eta erosi ahal izango dituen etxebizitzen argazkiak. Bitxia bada ere, pertsonok hobeto ulertzen ditugu argazkiok zenbaki hutsak baino.

Aurreztea zer den grafikoki azaltzeko ere tresna informatikoa landu du Goldsteinek, non gazte baten aurpegiaren ondoan zahar batena azaltzen den. Bi argazkiak pertsona berarenak dira, eta bizitza bateko bi une erakusten dute. Erabiltzaileak bere pentsio-planean zenbat inbertitu duen erabaki dezake. Ezer ez gordetzea erabakitzen badu gaur egungo niak irribarre zabala erakutsiko du, eta etorkizunekoa, berriz, goibel azalduko da. Zenbateko handia jartzen badu alderantzizkoa gertatuko da. Gakoa tarteko irtenbidea aurkitzea da, etorkizunerako nahikoa aurreztea baina egungo baliabideetatik gehiegi hartu gabe.

Euskadiko Kutxan ere lan horretan lagungarri izango diren hainbat tresna prestatu ditugu. Honako erretiro-simulatzaile honekin, esaterako, erretiroan eragina duten hainbat aldagai erabil ditzakegu, pertsona bakoitzarentzat egokia den aurrezpen-profila lortzeko.

Tresna horiek helburu batekin aurrezten dugula erakutsi nahi dute: etorkizunean gastatu ahal izatea. Orain erosten duguna etorkizunean erabili ezin izango dugun dirua da, eta orain aurrez dezakeguna, berriz, hemendik urte batzuetara begira geure buruari oparitzen ari garen dirua da. Opari hori nahi al dugu?


Zein da zure erreakzioa?