Ba al dakizu nola bete adiskidetasunezko istripu-aitorpena?

Ba al dakizu nola bete adiskidetasunezko istripu-aitorpena?

4 min.

Ba al dakizu nola bete adiskidetasunezko istripu-aitorpena?

Adiskidetasunezko istripu-aitorpenak mende laurden bete berri du, eta denbora-tarte horretan hainbat eta hainbat gidarik buruhauste bat baino gehiago saihestu du horri esker. Gidari arretatsu eta zuhurrenak ere izan dezake istripu txikiren bat; ez da ohikoa bolantean milaka kilometro egin ondoren beste ibilgailu bat ukitu ere ez egitea. Horrelakoetan, adiskidetasunezko istripu-partea lagungarri izango zaigu burokrazia-kontuetan ez galtzeko: izapideak arindu eta errazten ditu, eta gure aseguru-konpainiarekin bakarrik hitz egin behar dugu horretarako. Ba al dakizu dokumentu hori erabiltzen?

Zer egin istripua gertatuz gero

Istripua gertatzen bada garrantzitsuena segurtasuna da: lehenik eta behin geure burua babestu beharko dugu (ezingo dugu lagundu zuhurtziagabekeriagatik biktima bilakatzen bagara, borondate onez aritu arren), gero ingurunea segurua dela egiaztatu (arriskua modu egokian adierazi) eta zurituei lagundu. Zaurituengandik hastea izaten da lehen erreakzioa, baina jokaera horrekin tragedia areagotu daiteke. Eta zaurituak daudenean edo istripua esanguratsua denean, 112 telefonora deitu behar dugu beti, bertan esango digute zer egin behar dugun.

Baina zorionez, istripu gehienak ez dira larriak izaten. Kalte materialak eta egoera ezatsegin horri dagokion urduritasuna izaten dira ondorio ohikoenak. Batez ere kasu horietan izango zaigu lagungarri adiskidetasunezko istripu-partea. Dokumentu horretan, istripuan inplikatutako bi aldeek gertatu dena adierazten dute.

Nola bete behar da adiskidetasunezko parteaAseguru-adituak atseginez emango dizkizu dokumentu horren ale batzuk, ibilgailuko eskularru-kutxan eraman ditzazun. Nahiago baduzu, internetetik jeitsi dezakezu adiskidetasunezko partea PDFan. (Gogoratu gaur egun ez dela derrigorrezkoa aseguru-dokumentazioa gainean eramatea, baina hala ere komenigarria da, denbora aurreztuko baituzu poliziak zure poliza egiaztatzea erabakitzen badu).

Betetzerako orduan, honako aholku hauek hartu behar dituzu kontuan:

  • Istripu bakoitzean, inplikatutako bi alde badaude, adiskidetasunezko parte bakarra bete behar da, bi kopia dituena, inplikatutako alde bakoitzarentzat bana.
  • Bete ezazu letra larriz (irakurterrazagoa da) eta boligrafoz (ez erabili lapitza).
  • Idazkera landua saihestu: erabili esaldi laburrak eta ahalik eta argienak, mendekorik gabe eta beharrezko ez diren osagairik gabe. Zenbat eta zuzenagoa hobe. Iradokizun hori ez da inongo kapritxoa, izan ere, egoki idatzitako partea errazago izapidetuko baita, batez ere inplikatutako bi aldeak bat badatoz zer gertatu den eta erantzulea nor den azaltzean.
  • Banandu bi kopiak eta gorde ezazu zure aseguru-konpainiari prozesa dezan eman beharko diozuna.
  • Betiere komenigarria da adiskidetasunezko partean adierazitakoa egiaztatuko duten lekukoak izatea. Gertatu dena ikusi dutenen harremanetarako datuak jaso itzazu.
  • Zauritutakoei buruzko azalpen luze eta zabalik ez duzu eman behar partean. Zaurituren bat badago nahikoa da 3. puntuan adieraztea. Polizia arduratuko da gertatutakoari buruzko atestatua egiteaz, eta hori eskuragarri izango duzu hurrengo hilabetean.

25 urte zerbitzu ematen

Adiskidetasunezko istripu-partea mekanismo konplexu baten alde agerikoena da: ezbeharren konpentsaziorako informatika-zentroa (Centro Informático de Compensación de Siniestros - CICOS). Trafiko-istripuetako espedienteen kudeaketa automatizatua egiten du. Sistema horrek informatizatu egin ditu datuak eta aseguru-konpainien arteko saldoen konpentsazioa. Asegurudunentzako abantailarik handiena? Euren konpainiarekin bakarrik jarri behar direla harremanetan: barne-mekanismo baten bidez aseguru-konpainiak elkarren artean koordinatzen dira. Hau da, Bankaseguruetako zure kudeatzailearekin konpon dezakezula guztia.

Iaz CICOSek 1,6 milioi ezbehar izapidetu zituen, eta abian denetik epaitegietara iristen diren istripuen kopurua nabarmen murriztea lortu du. Sistema hori sortu aurretik gidari bakoitzak bere konpainiari adierazi behar izaten zion ezbeharraren partea. Bi aseguru-konpainiek informazioa partekatu arte ez zitzaien izapideei ekiten. Horrela, istripu arin baten ondoriozko kalteak konpontzeko hiru hilabete ere behar izaten ziren sarritan.

Orain, berriz, gure adiskidetasunezko partearen kopia aseguru-konpainiari ematen diogunean hasten da prozesua. Ondoren, sistema konplexua (eta zorionez bezeroarentzako gardena) jartzen da abian, konpainiek erabaki dezaten nork nor konpentsatu behar duen. Horrela, besterik gabe.

Istripu gehienak (% 93) automatikoki ebazten dira sistema horren bidez. Eta gainontzekoetan (adiskidetasunezko partea sinatzen ez denean edo erruduntasunari buruz aldeak bat ez datozenean), sistemak berak adierazten du zein den biderik egokiena auzia konpontzeko. Horrela bakarrik lor daiteke erreklamazioari ekin eta zazpi egunetara, batez beste, kaltetuek kalte-ordaina jasotzea.

Beraz, gure aholkua garbia da: eraman itzazu beti zure ibilgailuaren eskularru-kutxan adiskidetasunezko istripu-partearen pare bat kopia. Arazo asko saihestuko dituzu.


Zein da zure erreakzioa?