Bizi-aseguruari buruzko mito faltsuak desmuntatzen

Bizi-aseguruari buruzko mito faltsuak desmuntatzen

4 min.

Bizi-aseguruari buruzko mito faltsuak desmuntatzen

Bizi-asegurua da aseguru-merkatuko tradizionalenetakoa eta, beraz, ezagunenetakoa. Teorian behintzat, pertsona gehienek bizi-asegurua zer den eta zertarako balio duen gutxi gorabehera argi ikusten duten arren, kontsumitzaileek aurrez pentsatutako ideia asko izaten dituzte estaldura horri buruz, eta, sarritan, iruditeri kolektiboan mito batzuk geratzen dira, errealitatetik oso urrun egon arren, pertsona askok nolabaiteko arbuioa sentitzen dutelako bizi-asegurua kontratatzeko aukera planteatzen denean.

Hauek dira aseguru horri buruz dauden mitoetako batzuk:

  1. Biztanleriaren zati handi baten artean zabaldu den lehenengo pertzepzio okerra da aseguru horrek ez duela erabilera handirik, eta askotan bankuek hipoteka bat emateko eskatzen dutelako harpidetzen dela. Finantza-erakundeen ohiko jarduera bada ere, egia esan, babesa ematen die bankuari, aseguratuari eta haren senideei. Ez dezagun ahaztu, familiaren diru-sarrera gehienak ematen dituen pertsona zenduz gero, haren maiteek zorraren ordainketa beren gain hartu beharko luketela, eta hori zama astuna izango litzateke urte askoan. Uste orokorra dago Estatuak, alarguntza-pentsioa edo zurztasun-pentsioa bezalako tresnen bidez, horrelako arazoak konponduko dituela; baina, egia esan, kalkuluak egiten baditugu, ikusiko dugu gehienetan ez direla nahikoak izaten.
  2. Bizi-aseguruaren gainean dagoen beste aurreiritzietako bat "letra txikiarena" da. Izan ere, kontsumitzaileek uste dute, garaia iritsitakoan, ez dutela dagokien kalte-ordaina kobratuko duten segurtasunik. Haien ustez, konpainiek beti argudia dezakete beren kasua ez dagoela ustekabeko arrazoiren batengatik estalita. Gaur egun, zaila da horri eustea; izan ere, Espainiako araudiak murrizketa handiak ezartzen baititu klausula mugatzaileak aplikatzeko, eta, polizak estaltzen ez dituen egoerak biltzen dituenean, bereziki nabarmendu behar dira kontratuan, bezeroa erabat jakitun izan dadin.
  3. Hirugarren mitoa da bizi-aseguruak heriotza-kasuan bakarrik estaltzen gaituela, eta, egia bada ere hori dela berme nagusia, ez du zertan estaldura bakarra izan. Gero eta gehiago dira baliaezintasuna, gaixotasun larriak, mendekotasuna edo ehorzketen estaldura bezalako egoerak kontuan hartzea ahalbidetzen duten polizak.
  4. Zenbaitek uste du, gaixotasunen bat izanez gero, ezin duela bizi-asegururik kontratatu. Hori ez da hala. Gaixotasun batzuk aseguru-etxeak pertsona bat aseguratu gisa baztertzeko arrazoi izan daitezke, baina badira baztertzaileak ez diren beste gaixotasun asko ere. Argi dago, egoera horretan, enpresak arrisku handiagoa hartzen duela eta azterketa mediko bat eska dezakeela bere balorazioa egiteko. Hortik abiatuz, batzuetan baldintza espezifikoak edo prima handiagoa ezar dezake, baina aseguruaren harpidetza izapidetuko du.
  5. Pertsona askok uste dute seme-alabak edukiz gero bakarrik duela zentzua bizi-aseguru bat kontratatzeak, baina bakarrik bizi direnentzat ere baliagarria izan daiteke. Horren adibide garbia da aseguratuak baliaezintasun bat duenean, eta horrek eguneroko arazoetarako lan egitea eta bere kabuz baliatzea eragozten dionean. Baliaezintasun iraunkorreko estaldura duen bizi-aseguru batek konpentsazio ekonomiko bat eskaintzen du, egoera arintzeko eta, are gehiago, eguneroko bizitzako zereginetan laguntzen digun pertsonaren zerbitzuak ordaintzeko.
  6. Jende askok uste du bizi-asegurua gazteentzako produktu bat dela eta adinekoen irismenetik kanpo dagoela. Pertzepzio hori ere benetakoa izatetik urrun dago, batez ere biztanleria zahartzen ari den eta bizi-itxaropena handitzen ari den azken garaietan. Entitate gehienek adinaren araberako mugak jartzen dizkiote horrelako polizak harpidetzeari, baina merkatuak irtenbideak eskaintzen dizkie muga-adina gainditzen dutenei.
  7. Azkenik, jende askok pentsatzen du bizi-asegurua garestia dela, "ez duela merezi" eta hobe dela aurreztea. Iritzi hori eztabaidagarria da, bizi-aseguru baten prezioa pertsona bakoitzaren ezaugarrietara eta beharretara egokitu daitekeelako, baina, gainera, arazo bat du: bizi-aseguru batek eskain dezakeena konpentsatzeko adina aurrezteak urte dezente eskatzen ditu, eta ezerk ez digu gure biziraupena bermatzen, ez epe luzera, ez laburrera. Bat-batean zenduz gero, oso litekeena da pilatutako aurrezkia ez iristea gure maiteen beharretara, ezta baliaezintasunen bat izanez gero.

 

Zalantzak dituzu? Jakin nahi duzu zure oraingo aseguruak behar bezala babesten zaituen? Konpromisorik gabe informatu LABORAL Kutxan!


Zein da zure erreakzioa?