Banka ulertzea: oinarrizko hiztegia (1. zatia)

Banka ulertzea: oinarrizko hiztegia (1. zatia)

4 min.

Banka ulertzea: oinarrizko hiztegia (1. zatia)

Urtearen hasieran galdetu genizuen zer jartzea nahi zenuten blog honetan, eta zuen zalantzak aztertzeko eta proposatutako gaiak lantzeko konpromisoa hartu genuen, gainera. Askok banku-erakunde batean ohikoak diren teknizismoak ulertzeko zailtasunengatik kexu azaldu zineten. Izan ere ohiko hizkeran erabiltzen ez diren hitzak erabiltzen ditugu.

Hitza hitz. Gaurkoan, finantzei buruz aritzean gehien erabiltzen diren termino batzuk zerrendatuko ditugu, horietako bakoitzaren esanahia ulertzen laguntzeko.

Hitz asko direnez, bi zati “jasangarriagotan” banatzea pentsatu dugu. Beraz, oraingo honetan lehenengo zatia azalduko dugu, eta datorren astean gainerako kontzeptuei helduko diegu. Eta inor ez dadila ikaratu, ez baitugu horren inguruko azterketarik egingo ;-)

Amortizatzea: beste esanahi batzuk ere izan ditzakeen arren, finantza-alorrean amortizatzea zorra pixkanaka-pixkanaka ordaintzea da. Finantza-erakundeok dirua maileguan ematen dugunean, denboran tartekatutako ordainketen bidez itzultzen zaigu. Ordainketa horietako bakoitza amortizazio bat da.

Balioen burtsa: bezeroentzako eragiketak egiten diren merkatua da. Era guztietako baloreak erosi eta saltzen dituzte: bonu publiko eta pribatuak, sozietate anonimoetako akzioak, partaidetza-tituluak, etab. Hori guztia araututako ingurune batean egiten da, prozesu osoaren legezkotasuna, ziurtasuna eta gardentasuna bermatzeko. Lehen burtsak XVII. mendean sortu ziren. “Burtsa” hitzaren jatorrian Van Der Buërse familiak Brujasen zuen eraikina dago, bertako armarrian hiru burtsa edo larruzko diru-zorro ageri baitziren. Familia horrek merkataritza-topagune eta -bilkurak egiten zituen, gaur egun baloreen merkatuan egiten den bezala.

Zordunketa eta kreditua: banku-erakunde batean dugun dirua erabiltzen dugunean, eta zordunketa bidez edo kreditu bidez egin nahi dugun galdetzen digutenean, zera galdetzen digute: bankuan gordailuan dugun geure dirua erabili nahi dugun (zordunketa) ala banku-erakundeak bere dirua maileguan ematea nahi dugun (kreditua), gero berari itzultzeko.

Komisioa: beste esparru batzuetan, salmentaren truke jasotzen den ehunekoa izan daiteke komisioa (hortik dator “komisioan lan egitea”). Finantza-esparruan, ordea, finantza-erakundeek zerbitzu zehatz baten truke kobratzen dugun zenbatekoari esaten zaio komisioa. Ildo beretik, gure bezeroei egozten dizkiegun hirugarrenen gastuak ere komisioak dira.

Gabealdia: literalki, gabealdiak ezer ez dagoen aldia adierazten du; finantzen alorrean, ia esanahi berdina dauka. Aseguru batean, adibidez, hartzaileak kontratatu dituen zerbitzuak erabili ezin dituen aldiari esaten zaio gabealdia. Osasun-aseguru pribatuetan, adibidez, haurdun dauden bezeroek ez dute aldi batean haurdunaldi horren ondoriozko gastuak estaltzeko eskubiderik. Hipoteken kasuan, gabealdia esaten zaio mailegua sinatu eta lehen letra ordaindu arte igarotzen den denborari. Ildo beretik, bezeroak eta finantza-erakundeak ordainketarik ez egiteko aldi bat negozia dezakete: aldi horri ere gabealdia esaten zaio.

Klausula: zuzenbidean, kontratu, hitzarmen, testamendu edo beste antzeko edozein agiri publiko nahiz pribaturen xedapenetako bakoitza da. Hitzarmen guztietan bezala, finantza-kontratuetan (maileguetan eta abarretan) ere hartzailea nahiz finantza-erakundea lotzen dituzten klausulak daude.

Kuota: hainbat eta hainbat esanahi izan dezake, azken batean kuota bat zenbateko baten parte finko eta proportzionala delako. Adibidez, hipotekaren edo autoaren maileguaren amortizazioak kuotak dira.

Desgrabatzea: zerga baten oinarritik edo kontutik hainbat diru-sail kentzea. Adibidez, profesional autonomoek hiru hilean behin Ogasunari itzuli behar diote bezeroei kobratu dieten BEZa. Bada, lanak eragindako gastuen BEZa kendu ahal diote zenbateko horri.

BGAE:  Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan baino ez daude, eta Gizarte Segurantzaren zerbitzuak osatzea dute helburu. Beraz, osasunagatiko, istripuagatiko nahiz heriotzagatiko estaldurez gain, erretiroko ordainketak osatzeko aukera ere eskaintzen dute.

Euriborra: Europako banku-arteko eskaintzaren tasa da. Izan ere, Euribor akronimoa da: ingelesez, European, Interbank Offered Rate. Egunero argitaratzen da eta Europako merkatuko finantza-erakundeek elkarri maileguak egitean zer interes-tasa darabilten adierazten du. Dirua hainbat epetarako utz daitekeenez, hainbat Euribor daude epearen arabera (urtebeterako Euriborra, bost urterako Euriborra...).

Inbertsio-fondoa: inbertsio-fondoek partikularren eta pertsona juridikoen dirua bildu eta sozietateen esku uzten dute (bankuen esku, adibidez), hainbat finantza-tresnetan inberti dezaten.

Hipoteka: greko klasikotik datorren hitza da: ‘hypo’ (azpian) eta ‘teka’ (kutxa) hitzak bilduta sortu da. Gaur egun, greziarren ‘beheko kutxa’ edo ‘ezkutuko kutxa’ hori aipatzen dugunean, ondasun higiezinei lotutako mailegua dugu aipagai. Hala, titularra izango da ondasun higiezin horren jabea, baina ondasuna erosteko dirua eman zion erakundeari mailegua itzuli beharko dio.


Zein da zure erreakzioa?