Banka ulertzea: oinarrizko hiztegia (2. zatia)
2014-03-26
Banka ulertzea: oinarrizko hiztegia (2. zatia)
Joan den astean finantza-hitzen hiztegi trinko honen lehen zatia aurkeztu genizuen. Ahalik eta argienak eta laburrenak izaten ahalegindu gara, teknizismoekin ez zorabiarazteko.
Hori bai, mesede bat eskatuko dizugu: hitz bat ezagutu ez eta horren esanahia jakin nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta egiguzu galdera iruzkinetan, Twitterren nahiz Facebooken. Gustura zabaldu eta hedatuko dugu agiri hau.
IBEX 35: baloreen burtsan eguna nola joan den esaten denean, batez ere Espainiako lau burtsetan (Madrilen, Bartzelonan, Bilbon eta Valentzian) kotizatzen duten enpresen artean likidezia handiena duten 35 enpresen gorabeherak aipatzen dira. Ez da batez besteko hutsa; hau da, enpresa bakoitzak duen pisua desberdin haztatzen da. Indize hori zer enpresak osatzen duten jakin nahi baduzu, Wikipediaren orrialde honetan aurkituko duzu zerrenda osoa.
PFEZ: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) da Espainian indarrean dagoen zerga-sistemako zergarik garrantzitsuenetako bat. Era progresiboan ordaintzen da, pertsona bakoitzaren ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta, eta zergadun bakoitzaren errentaren eta egoera pertsonalaren arabera (ea menpeko pertsonarik duen kargura, ea desgaituta dagoen...). Aldizkako zerga da gainera, urtean behar ordaintzen baita. Halere, enpresek langileei ordaintzen dietenaren zati bat gordetzen dute urteko ordainketa hori egiteko eta, hortaz, kontuak kitatzeko unea iristen denean, ordaindu beharrekoa baino gehiago ordaindu badugu itzuli egingo digute, eta soilik atxikipen txikiegia egin badigute ordainduko dugu falta zaigun zatia.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga kontsumoaren gaineko zerga da. Hartara, azken kontsumitzaileek ordaindu behar dute, eta bitarteko kontsumitzaileek, berriz, berreskuratzeko aukera dute, bezeroei kobratu diotenetik kenduta. Espainian % 21eko karga izan ohi da kontsumoko produktu eta zerbitzuetan, baina badira beste tasa batzuk ere: adibidez, hoteletan % 10 ordaintzen dugu, eta Kanarietan % 7 ordaintzen da. Munduko beste estatu batzuetan indarrean dagoen BEZaren tasen berri nahi baduzu, hemen kontsulta dezakezu.
Letra: leku batzuetan 'letra’ esaten zaie kreditu baten zenbatekoa itzultzeko eskuarki hilean behin egiten diren ordainketa finkoei.
Nomina: gauza askori esaten zaie ‘nomina’, baina gure bezeroekin euren nominaz hitz egiten dugunean, alta emanda dauden enpresan edo enpresetan eskainitako zerbitzuen truke hilean kobratzen duten zenbatekoaz ari gara.
UTB: Urteko Tasa Baliokidea (UTBa) finantza-produktu baten kostua edo etekin efektiboa ehunekotan (%) jakinarazten duen urteko adierazlea da. Gure dirua finantza-erakunde bati aldi baterako lagatzen diogunean edota, alderantziz, finantza-erakundeak gastu bati aurre egiteko guri lagatzen digunean, interes-tasa ez ezik (geroago arituko gara horri buruz), eragiketa horrek sortzen dituen gastu eta komisioak ere kalkulatu behar dira. Horixe da UTBa: interes konposatu bat, hainbat produktu edo inbertsio-aukera erosteko oso baliagarria dena. Askoz zehaztasun handiagoz azaltzen dute Espainiako Bankuaren webgunean (gaztelaniaz).
Interes-tasa: kreditu batean, interes-tasak esango digu diru horren zer ehuneko ordaindu beharko dugun urtean, hilean edo beste edozein alditan.
Transferentzia: finantza-sektorean, transferentzia esaten diogu diru kopuru bat kontu batetik beste batera (titularra berbera izan edo ez) lekualdatzeko eragiketari.
Asegurua: funtsean, aseguru-kontratu batean alderdietako batek besteari aldizkako zenbateko bat ordaintzeko konpromisoa hartzen du, eta trukean beste alderdiak kalte-ordainak ordaindu edo kapital bat emango dio kalterik jasanez gero, gaixotuz gero, etab.
Tasatzea: salgai bat tasatzen denean, balio ofiziala aitortzen zaio. Etxebizitzen kasuan, bitartekari espezializatuen (tasatzaileen) bidez tasatzen dira: etxebizitza aztertu eta etxearen balioaren inguruko txosten bat ematen dute.
Kreditu-txartela: Oso jende gutxi dago objektu horiek zer diren ez dakiena: normalean plastikozkoak izaten dira, banda magnetiko edo mikrotxip batekin, eta zenbakia erliebean idatzita. Finantza-erakundeok pertsona baten aldeko txartela ematen dugunean, titularrak, modu batean edo bestean identifikatu ondoren, sistemari atxikitako negozioetan ordaintzeko aukera izango du. Lehen txartelak XX. mendean sortu ziren Estatu Batuetan, eta 1950etik eta 1960tik aurrera masifikatu egin ziren. Kreditu-txartelak erabiltzen direnean, dirua ez da berehala kontutik deskontatzen: normalean hilean behin egiten da.
Zordunketa-txartelak: txartel-kredituetan ez bezala, erosketa bat egiten den bakoitzean dirua zuzenean kentzen da kontutik. Bankuak ez du mailegurik eskaintzen aldi horretan.
Pentsio-plana: aurreikuspen-planak aurrezki produktuak dira. Haien bidez, kapitala metatzeko aukera dugu, etorkizunean pentsioa osatzeko eta, bien bitartean, zerga arintzeko aukerarekin. Guk eskaintzen ditugunei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, hemen ikus ditzakezu.
Aurreikuspen-plana: pentsio-planek bezala, produktu horiek zerga arintzea dakarte eta erretirorako aurrezteko aukera eskaintzen dute. Ezberdintasun bakarra zera da: Euskal Autonomia Erkidean baino ez daudela.
Mailegua: mailegua esaten dugunean, geroago itzuliko diguten zerbait lagatzea adierazi nahi badugu, finantza-esparruan, finantza-erakundeok geroago epeka itzultzeko betebeharrarekin lagatzen dugun diruaz ari gara.
Zein da zure erreakzioa?