Bankuz nola aldatzea

Bankuz nola aldatzea

2 min.

Bankuz nola aldatzea

Bankuz aldatzeak oso nekagarria edo konplexua dirudi, baina gure entitatearekin gustura ez bagaude, ez dago aldaketa ez baloratzeko moduko arrazoirik. Bankuz aldatzea ez da dirudien bezain zaila. Aldaketa LABORAL Kutxaren aldekoa izatea espero dugu, baina horrela ez bada ere, beharrezko informazioa izan dezazula nahi dugu.

Berrikusi ditzagun eman beharreko urratsak:

Gaur egun dugun kontuaren baldintzak: Gure bankuarekin nolabaiteko iraunkortasuna sinatu izana gerta liteke, eta hori behar bezala jakin behar dugu beste banku edo kutxaren batekin edozein izapide abiarazi aurretik. Entitatearekin lotura garrantzitsuren bat badugu ─hipoteka bat, adibidez─, entitatez aldatzeak izapide eta traba nahiz gastu gehiago eragingo dizkigu; horregatik, are gehiago aztertu behar dugu erabakia.

Entitate berriak eskaintzen dizkigun baldintzak baloratzea: Zer komisio ordainduko ditugu kontua mantentzeagatik, txartelak erabiltzeagatik eta gehien egiten ditugun eragiketengatik? Hori oso galdera garrantzitsua da, baina ez erabakia hartzeko orduan kontuan izan beharreko bakarra. Badira hura bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoak diren beste batzuk ere. Esate baterako, ba al dugu sukurtsalik gertu? Irekita al dago arratsaldez? Zer kutxazain-sare du erakundeak gure lanetik edo etxetik gertu? Nolakoa da eskaintzen digun online banka –horrelakorik izanez gero– edo banka telefonikoaren zerbitzua? Eskaintzen al du bezeroentzako ordainketa-pasabideen edo aseguru-adituen gisako beste zerbitzu interesgarririk? Tratu pertsonala, erabilgarritasuna, malgutasuna... irizpide horiek guztiak gure premien arabera baloratzea da onena, eta ez epe motza, eskaintza zehatzak edo irizpide bakar bat bakarrik aintzat hartzea, komisioena adibidez.

Nomina eta kobrantzak: Bankuz aldatu behar badugu, gure enpresari jakinarazi behar diogu, hark nomina kontu korronte berrian sar diezagun. Profesionalak edo autonomoak bagara eta kontuan kobratu beharreko fakturak egiten baditugu, fakturetan aldaketa adierazi eta ordaintzaileei haren berri eman beharko diegu.

Helbideratzeak: Banku-entitate batzuk gure ordainagiri guztiak helbideratzeaz arduratzen dira kontu bat irekitzen dugunean. Horrela ez bada, itxi nahi dugun kontuan helbideratuta ditugun gastu guztien zerrenda egin beharko dugu. Etxeko ordainagiriak (argia, ura, berokuntza, udal-zergak, jabekideen erkidegoari dagokion ordainagiria...), kotxearenak (asegurua, zergak) eta komunikazioekin eta aisialdiarekin lotutako ordainagiriak (telefonoa, internet, gimnasioko kuotak...) izaten dira ohikoenak. Ordainagiri guztiak ez dira hilekoak izaten, eta beraz, azken urteko mugimendu guztiak berrikustea komeni da, udalek urtero kobratzen duten ondasun higiezinen gaineko zergaren gisako ordainagiri garrantzitsuak helbideratzeaz ez ahazteko.

Txartelak eta banku-kontu batekin lotutako bestelako zerbitzuak: Kontuarekin batera, kreditu-txartelak edo zor-txartelak izango dituzu seguru asko. Horiek txartel berriak izan aurretik ez baliogabetzea gomendatzen da. Gauza bera gertatzen da beste zenbait zerbitzurekin, autobide-bidesarien ordainketa automatikoarekin, adibidez. Zure gaur egungo banku-entitateak zerbitzu hori eskaintzen badizu eta hori egunero erabiltzen baduzu, kontratatu zure erakunde berrian baja eman aurretik. Horrela, ez diezu abantailei momentu bakar batean ere uko egin beharrik izango.

Kontua baliogabetzea: Kontu batean saldorik ez izatea eta hura baliogabetzea ez dira gauza bera, eta oso garrantzitsua da hori gogoan izatea. Saldorik gabe uzten badugu, kontuak zenbaki gorritan amaituko du banku-erakundeak ohiko mantentze-gastuak kargatzen dituenean. Horrenbestez, erakunde berriarekin dagozkion izapide guztiak egin ostean, erakunde zaharrera joan eta kontua guztiz baliogabetu behar da. Bankuak kontua baliogabetu izana ziurtatzen duen dokumentazioa emango digu, eta beharbada komisio bat kobratuko digu hura baliogabetzeagatik. Esandakoa: ez da ideia ona komisioa aurrezteagatik kontuaren baliogabetze-izapideari uko egitea, epe luzera, kontuaren mantentze-gastuak eta zorpekoari dagozkion interesak ordaindu beharko baititugu.


Zein da zure erreakzioa?