«Batez ere honetaz nago harro: Zaramako kideok beti egon gara elkarturik»

«Batez ere honetaz nago harro: Zaramako kideok beti egon gara elkarturik»

16 min.

«Batez ere honetaz nago harro: Zaramako kideok beti egon gara elkarturik»

Hemen ere entzun dezakezu

Roberto Moso, Zaramako abeslaria eta kazetaria Roberto Moso musikari eta kazetariarekin jardun gara solasean. Santurtzin jaio zen Moso, 1960an, eta taldeak hala erabakita, Zaramaren lider bihurtu zen 1977an, rocka eta euskara asaldatu zituen taldearena, alegia. Rockzaleek gehiago ikusten zioten Zaramari oportunismotik punkzaletasunetik baino. Euskaltzalerik itxienei, berriz, zera iruditzen zitzaien, rocka abesteak lohitu egiten zuela euskararen araztasuna. Entzun, eta egin zaitez gure podcastaren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen edo Spotifyn, edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Post honetan pasarte honen transkripzioa aurkituko duzu, editatua, irakurgarri egon dadin.  

ROBERTO MOSO. Ulertzen dut Iñaki izenekoen ezinegona, eta sentitzen dut haiek hala sentitzea. (Barrez) Gertatu ohi zait: «Aizu, zu zara “Iñaki” kantua abesten zuena, ezta?». A zer matraka! Aspergarria, zinez. Eskerrik asko, e? Aspergarria, zinez; nekagarria…   IRATI JIMÉNEZ (LABORAL Kutxa). Orain arte ez naiz arazo horretaz ohartu, egia esan…  

ROBERTO. Bada, gertatu, gertatzen da… Belaunaldi jakin bateko Iñaki guztiei joan zaie norbait horrelako zerbait esatera.  

IRATI (LK). Kazetaritza ikasi zuen, gero irakasle izango zelakoan; baina, rock-talde bat antolatzeak bertako irratien ateak zabaldu zizkion, bai eta musika-aldizkariren batenak ere. Radio Euskadin hasi zen 1983an, eta denetik egin du irratian lau hamarkada hauetan: albistegiak, kultura-saioak…

Telebistan, berriz, ez zen luzaroan aritu, baina emankorra izan zen haren jarduna; izan ere, ETBren historian arrakastarik handiena izan duten bi umore-saioetan esku hartu zuen: Vaya semanitan eta Wazemanken, hain zuzen ere. Literaturari ere ekin zion: mikrokontakizun-liburu bat argitaratu zuen (Polvo), eta Euskal Rock Erradikalaren aitzindari eta sustatzaile izan zen taldeetako baten lider gisa izandako bizipenak jasotzen dituen Flores en la basura. 1977an, euskaraz abestuko zuen rock-talde bat sortzea bururatu zitzaien lau laguni, Ezkerraldeko taberna batean zeudela. Ez zekiten jotzen, ez zekiten abesten, eta euskara ere apenas zekiten…, baina garrantzizkoena bazeukaten. Taldeari Zarama izena jartzea otu zitzaion abeslariari, Roberto Mosori.  

ROBERTO. Garai hartan, euskararen oso aldekoak ginen gu, baina oso euskara gutxi genekien. Beraz, hiztegi batean bilatu genuen izena. Aurrezki-kutxa batek argitaratua zen hiztegia, berdea; hiztegi arrunta. Batez ere bizkaierazko hitzak nahi genituen. Izen trinkoa nahi genuen, sendoa, punk kutsukoa. Eta Sarama —S-z— jarri genion taldeari, horrela baitzekarren hiztegiak. Artean, Santurtzin «saramero» deitzen zitzaien zaborra biltzeko kamioiei. Jakina, euskal jatorria zuen hitzak, eta polita iruditu zitzaigun. Halako bakarra geratzen zenez, bada… Huraxe hautatu genuen. Geroago, Eskorbuto ere nik bataiatu nuen. Zoriontsuagoa izan zen bigarren bataioa.  

IRATI (LK). Horretaz galdetu behar nizun, hain justu ere. Hiri-kondairak dioena egia bada, zuk bataiatu zenuen Eskorbuto.   ROBERTO. Bai.   IRATI (LK). Taldekoen itxura fisikoagatik hautatu al zenuen izena?  

ROBERTO. Egia esan, hitzaren soinuagatik izan zen, batez ere. Eta indarra duelako.  

IRATI. Indar handia, bai.  

ROBERTO. Gogotik egin genuen barre. Taberna tipiko batean geunden. Han elkartzen ginen Santurtziko mutilok. Eskorbuto hitza esan eta badirudi botaka ari zarela. Es-kor-bu-to. Ja, ja, ja. Bada, horixe hautatu nuen.  

ROBERTO. Gogoan dut Donostiako taberna batean euskal musika bakarrik jartzen zutela. Irrika hori zuten. Edo irizpide hori, nahiago baduzu. Taberna horretara zihoan jendeak bazekien zer musika jarri behar zuten. Esango nuke huraxe zela taberna bakarra irizpide hori erabiltzen zuena; ez dut besterik gogoratzen. Hala bada, hara joan ginen gu, grabatu genuen lehenbiziko maketa besapean genuela: «Aizu, jarriko al duzu hau, mesedez?». Minutu eta erdiz jarri zuen, eta hauxe esan zigun: «bai…, baina ez. Ez da guk jartzen dugun musikaren tankerakoa…». Mundu guztiarentzat outsiderrak ginen gu.  

IRATI (LK). Bai, zeren eta euskal rocka egiten zutenak ere hor zeuden…  

ROBERTO. Akordatzen naiz nola begiratzen zigun jendeak lehenbiziko emanaldietan: «Zer planetatatik etorri ote dira hauek?» irakurtzen zitzaien aurpegian. Gure aldeko batzuk ere bazeuden, baina askoren aurpegietan ikusten genuen galdera hori, edo beste hau: «Txantxetan ari zarete, ezta?» (barre-hotsa).  

IRATI (LK). Gaztelaniaz abesten zen rocka glamour eskasekoa iruditzen zitzaion jende askori; euskarazkoa, berriz, zer esanik ez…   ROBERTO. Estigma handitxoa zen, ezta? Urtetan aurrera naizen honetan, oraindik ere galdetzen didate nola bururatu lekiokeen Ezkerraldeko norbaiti euskaraz abestea. Susmagarri samarrak izan gara beti… «Aprobetxategi samarrak zineten, agian? Beste inork eskura ezin zezakeen merkaturen baten bila ez zineten bada ibiliko?». Honenbestez, kiroltasunez hartzen ditut horrelakoak. Eta bakoitzak pentsa dezala nahi duena.  

IRATI (LK). Auskalo zer gertatuko zatekeen XX. mendearen erdi aldera country zuriaren ibaiadarrek eta bluesaren zein rythm and bluesaren uharrek rockean bat egin izan ez balute. Musika-emari hartatik jaio ziren rock gogorra, heavy metala eta punka, hots, 1970eko hamarkadan kultura-ekoizpena hankaz gora jarri zuten mugimendu kontrakulturalen adierazpen musikalak, aldarri xume eta erradikal hau oihukatzen zutelarik: «Egin zerorrek!». Horixe egin zuten, hain zuzen ere, Roberto Mosok eta haren taldekideek.   ROBERTO. Gogoan dut taldea osatzea erabaki genuen eguna. Santurtziko garagardotegi batean geunden, eta lan-banaketa egin genuen: «Hik, gitarra jotzen ikasi behar duk; hik, bateria jotzen; hik, euskara ikasi behar duk…». (Barre-hotsa) Bateriarena egokitu zitzaiona ez zen jotzen ikasteko gai izan. Gitarra-jotzaileak eta nik, aldiz, aurrera jarraitu genuen. Eta jende gehiago bildu genuen taldera. Horrela ibili ginen…  

IRATI (LK). Kontua da ondo atera zirela gauzak. Euskal Rock Erradikala deritzonaren talde aitzindarietakoa sortu berria zen, euskaraz abestea erabaki zuen Ezkerraldeko kuadrilla haren eskutik. Eragin handia izan zuen Zaramak sortzear zen mugimendu kulturalean, eta, noski, taldeko abeslariaren bizitzan. Izan ere, kazetaritza ikasi zuen, baina horretan jarduteko asmorik gabe, eta, azkenik, Muskaria aldizkariaren kolaboratzaile aritu zen lehenbizi eta, ondoren, musika-programak egiten zituzten zenbait irratsaiotan. Handik, berriz, Radio Euskadira jo zuen.  

ROBERTO. Ez nago kexatzeko moduan, egia esan. Gainera, sekula ere ez nukeen pentsatuko horrek guztiak bide instituzionalagoetatik jotzeko aukera emango zidanik, baina aldatu egin ziren garaiak, eta Radio Euskadin —esate baterako— Zaramaren kontzertuetara gustura joaten zen 27 urteko mutil bat jarri zuten buru. Urtebete lehenago, pentsaezina zen halakorik gertatzea. Eta urte hartan bertan ere, nahiko zaila.

Gogoan dut telefonoz deitu zidala, musika-programa baterako jende bila ari zen eta; ni, berriz, Muskaria aldizkariko kolaboratzailea nintzen sasoi hartan. «Radio Euskaditik deitzen dizut» entzun nuenean, lehenbizi zera pentsatu nuen, Zarama taldeari buruzko elkarrizketa bat egiteko hots egin zidala, ez lanpostu bat eskaintzeko. Larunbatetan musika-programa bat egitea eskaini zidan, izan ere, puska batean hizketan jardun ondoren. Hasieran, sinesgaitza iruditzen zitzaidan inork eskaintza hori egitea niri, gizaki apal honi, 35 disko besterik ez baineuzkan etxean… Agian ez ziren hainbeste izango. Jakina, buru-belarri ibili behar izan nuen han eta hemen disko gehiagoren bila. Eta Zaramaren arrastoari jarraikiz etorri ziren, harrigarriki.  

IRATI (LK). Ate asko jo zituen, disko gehiago eskuratu zituen eta, hurrengo urtean, ez zuen zalantzarik izan oposizioetara aurkezteko lanpostu hura bereganatzearren. Hala, bada, Zaramaren ahotsa Radio Euskadiko ahotsetako bat ere bihurtu zen 1984an. Garai gogorrak ziren; latza zen krisi ekonomikoa, biziak lan-gatazkak, eta asaldatuta zebilen gizartea. Egunez, horretaz aritzen zen Roberto Moso irratian. Gauez, berriz, abestu egiten zuen, Zaraman.  

ROBERTO. Ezkerraldeko langile-familia bateko semea naiz ni; beraz, oposizio-deialdia egin zenean, ezin nuen esan: «Ez, zeren eta agian nire musika kuttunarekin bat ez datozen gauzak egin beharko ditut…».

Zalantzarik gabe aurkeztu nintzen oposizioetara, jakinik edozein arlotan jardun beharko nuela: albistegiak, gaueko saioak, tokatzen zena… Ohartzen nintzen, noski, plazer handirik eragiten ez zidaten gauzak egin beharko nituela irratian. Denetik egin dut, egia esan. Baina beti saiatu naiz «plazer-irratia» deritzon horretarako tarte bat egiten. Zorionez, ia beti lortu dut helburua. Baina, bai, denetik egokitu zait. Are gehiago: tokatu zizkidan gauzetatik batzuk fardel galantak ziren, eta horiek dira batzuetan gehiena gogoratzen ditudanak. Esate baterako, Euskaldunako langileen borroka gogorren berri ematea egokitu zitzaidan. Eta ez zen oso atsegina egunero lanera joan beharra eta, gainera, arrisku fisikoa jasatea.

Benetako arrisku fisikoa. Baina urteek aurrera egin ahala, jabetzen naiz hura izan zela nire ibilbideko faserik interesgarriena eta kontatzea gehiena merezi duena. Beste batzuk, berriz, aspergarriagoak ziren: teletipoen zain egoten ginen («ea zer bidali digun EFE agentziak…», «KPIa hainbat puntu igo da…». Noski, bigarren horietan ere ordu asko eman genituen.  

IRATI (LK). Musika eta irratia, irratia eta musika. Roberto Mosoren bizitzan, ezin dira erraz bereizi: musikari zor dio irratian egin duen lanaren zatirik handiena, eta irratiari musikan egin duen lanaren puska handi bat. Dena ongi dabil diskoan adierazi zuen Mosok albistegietako kazetari gisa Euskal Herriaz zuen irudia. Zaramaren disko onenetako bat da; onena, agian. Musika eta irratia, irratia eta musika. Euskal Rock Erradikalaren sorreran ere izan zuen eragina binomio irabazle horrek.  

ROBERTO. Faktore askok egin zuten bat une hartan. Jo… Batzuetan pentsatzen jartzen naiz eta, zaila litzateke hura errepikatzea. Franco hil ondorengo sistema koloka zegoen… Alde batetik, usteltzen ari zen; bestetik, gizartea aldaketa-prozesu batean zebilen. Zirrikitu batzuk geneuzkan. Gaur egun nekez irudika daitezkeen zenbait aukera, zenbait zirrikitu zeuden orduan. Radio Euskadi sortu zenean —irrati publikoa, hots, denon artean ordaintzen duguna—, adibidez, ez geneukan bitartekorik SER Irratiaren edo Radio Nacionalen programazioaren parean jartzeko. Hori zela eta, musika-saio bat jarri genuen prime time delakoan; Pablo Cabezaren Saioa, alegia. Hora 25ren eta antzeko puntako programen ordutegi berean ematen zen Cabezarena, irratia gehien entzuten den orduetan.

Hasieran, musika anglosaxoia eta oso jeneralista jartzen zuen, baina denboraren poderioz tarte bat eskaintzen hasi zen hemengo taldeei ere: La Polla Recordsi, Eskorbutori, Hertzainaki, guri… Gainera, horretaz guztiaz maiteminduz joan zen. Hala, bada, sistemaren aurkako musika entzuten zen hemengo irrati publikoan entzule gehieneko ordutegian: La Polla Records, Eskorbuto eta abar. Ez dirudi horrelako egoerarik errepika daitekeenik, ezta? Zaila ematen du.

  IRATI (LK). Identifikatzen beti errazak ez diren zenbait elementuren aleazio konplexuak izaten dira horrelako fenomeno kulturalak sorrarazten dituzten testuinguru sozialak. Punkaren aktibismo sortzailea, gatazka sozialen eta militantzia politikoaren maila, diktaduraren amaierako giro soziala… dena izan genuen lagungarri. Baita tabernak ere.  

ROBERTO. Gure garaian, ia egunero egoten ginen tabernetan. Gogoratzen dudanez, kazetaritza-fakultatetik zuzenean tabernara joaten nintzen. Eta horrela izaten zen egunero. «Hobi» haietatik atera zen «eskorbuto» izena, haietan kontatzen genien lagunei «begira zer ergelkeria bururatu zaidan»… Sormenaren hobiak ziren, azken batean. Eta zenbat eta hobi gehiago, kaleko giro handiagoa, horrelako landarean ernatzeko leku egoki gehiago…, bada orduan eta aukera gehiago horrelako mugimenduak sortzeko. Nire ustean, ez da hain garrantzitsua zer iturritatik edaten duen norberak; kontua da norberak jasotzen duena non partekatua edukitzea.  

IRATI (LK). Nolanahi dela ere, 1980ko hamarkada hartan egokiro lerrokatu ziren izarrak: talentua elkartu egin zen, eta espero ez zuen arazo batekin egin zuen topo sistemaren aurkako musika erradikalak, punkak berekin ekarri zuenak: arrakasta izan zuen.   ROBERTO. Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta beste zenbait tokitan gertatu zena jazo zen hemen ere. Amateur izatetik profesional izatera aldatu ginen. Eta profesionalizazioak berekin dakar taldeen arteko harremanak jada ez izatea hain onak, bakoitzak bere interesak baititu; bestalde, galdu egiten dira bat-batekotasuna eta freskotasuna, eta mugimendua desegin egiten da. Azkenean, bakoitzak bere bidetik jotzen du. Oso ospetsua dena oso ospetsua da, eta hain ospetsua ez denak…, bada, non edo han saiatu behar.  

IRATI (LK). Pixkanaka, itzaliz joan ziren 1980ko hamarkada eztandagarri hartako Euskal Rock Erradikalaren suteak. Sei disko eta kanta-bilduma bat plazaratu zituen Zaramak 1984tik 1994ra bitartean, Iñaki zer urrun dagoen Kamerun kanta abesti mitikoa ere tartean zela. Batzuetan, melodia etortzen zen lehenbizi burura; beste batzuetan, letra. Batzuetan, lotan egonda agertzen zen inspirazioa.  

ROBERTO. Guk, bi norabideetatik jotzen genuen. Hertzainak taldekoek noizbait esan zidatenez, eurek letra sortzen zuten lehenbizi eta, ondoren, abestia; guk, musika lantzen genuen lehenbizi eta, gero, haren hariari jarraituz saiatzen ginen letra txertatzen. Baina alderantzizko bidetik etorri zitzaigun gure arrakastarik handiena. Izan ere, etengabe zebilkidan buruan esaldi hura…  

IRATI (LK). Eta hala dabilkigu gaur egun ere kanta hura entzun dugun guztioi. Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun abestiaz ari gara.   ROBERTO. Bai, baina grazia egiten dit. Izan ere, Compay Segundori behin entzun nionez, Chan kantua ametsetan etorri omen zitzaion burura. Halako batean, lotan zegoela. Niri ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Iñaki, zer urrun dagoen Kamerunen leloa etengabe nerabilen, kantuaren gainerako osagaiak iritsi aurretik.  

  1. ZINTA. Eta lelo hori zebilkigun buruan Zaramak agur esan zuenean. Mugimendu kultural eta historiko berezi bateko disko esanguratsuak utzi zizkigun taldeak, eta zenbait abesti enblematiko. 1994an, bazirudien behin betikoa zela agurra; 15 urte geroago, usteak ustel. 2009an, bira bati ekin zion Zaramak. Emaitza: zuzeneko disko bat, zenbait kanta berri ere bazituena, eta esperientzia paregabea.

  IRATI (LK). Ondoren, nolakoa izan da itzulera. Azken urte hauetaz ari naiz…  

ROBERTO. Izugarria izan zen.  

IRATI (LK). Bai? Zein ongi!

ROBERTO. Zera bezalakoa da hori…, espero ez dituzun gauzen antzekoa. Adibidez, adinekoa izanik sexu-harremanak izatea. Gainera, kantatzeari ekin genion batez ere, eta alde batera utzi genituen txorakeriak. Izan ere, zarata handia zegoen gu kantuan ari ginen garaian, ezta? Tentelkeria oso maskulino batzuk ziren nagusi: nork txiza egingo urrutiago, nork egingo gaupasarik zoroena, nork egingo halako eta nork egingo bestelako, nor den benetakoa eta nor ez…; azkenean, egiten genuena okerrago egitea zekarren horrek guztiak. Garagardo-botila bat eskuan genuela irteten ginen abestera, esate baterako.

Oraingoan, ergelkeria horiek guztiak alde batera utzi ditugu; oztopoak dira, izan ere, geure buruari jartzen genizkion barrikada txikiak, segapoto samarrak baikinen. Oraingoan, gauza garrantzitsuak lehenetsi ditugu: musikaz eta kantuz gozatu nahi genuen, argi eta garbi erakutsi —eta ahalik eta modurik burutsuenean— nolakoa den benetako rock-kontzertu bat. Jada nahiko helduak ginen, baina inoiz ez bezala gozatu nuen. Lehenbiziko garaikoak bezain ona izan zen emanaldia. Gainerako gauza guztietan bezala, lehenbizikoa gozatzen da gehiena: lehenbiziko maitasuna, futbolean benetan jokatzen duzun lehen partida… Lehenbiziko aldiak beti gogoratzen dira, ezta? Bada oraingo hau ere lehenbizikoa balitz bezala gogoratzen dugu.

Oso oroitzapen ona dut bira horretaz. Kanta guztiak berriro jo genituen, hau da, bilduman sartu nahi genituen kanta guztiak. Ohartu ginenean, elkar besarkatu genuen: «Hara! Berriro lortu dugu! Osorik dago gure kanta-sorta!». Han ginen denok. Izugarrizkoa izan zen, izugarrizkoa.  

IRATI (LK). Aurpegia poztu egiten zaio gure gonbidatuari bere taldeaz hitz egiten duenean, batez ere hau galdetu diogunean: nola lortu duten rock-talde batentzat zailena eta, agian, baliotsuena den hori: elkarturik jarraitzea, rockaren anaitasun hauskor eta ahaltsu horretan segitzea. Ez baita erraza hainbeste urtez elkartuta edukitzea talde bat. Eta are gutxiago urteen ordez hamarkadez ari bagara.  

ROBERTO. Begira, zuk aipatu duzun horretaz nago harro, batez ere. Zarama taldeak oso kontuan izan zuen hori guztia. Ez dakit ohartu zaren kanta guztiek denon sinadura daramatela; izan ere, denon artean egiten genituen, egiazki. Talde askotan gertatu ohi da kontrakoa: «Ez, ez! Kanta hori niri bururatu zitzaidan! Gero, halakok moldaketak egin zituen». Bai, eta bateria-jotzailea, non zegoen? «Bateria-jotzailea dun-dun-dun hotsa egiten duen astakirten bat besterik ez da». Zuk diozuna, gutxi-asko. Bada, ez, bateria-jotzailea ez da dun-dun egiten duen astakirten bat. Kantaren sortze-prozesuan esku hartzen duen norbait da, nire ustez. Alde horretatik, elkarturik jardun zen Zarama, eta elkarturik jarraitzen du, kontuan izan baitzuen faktore hori, normalean kontuan izan ohi ez dena. Ez zait gustatzen harrokeriatan ibiltzea. Baina horretaz harro nago.  

IRATI (LK). Arrazoi osoa duzu. Guri ere gauza bera gertatzen zaigu. Gauza on asko ditu LABORAL Kutxak, baina denon artean egiten ditugu. Eta hori da bere zer onena. Horregatik hunkitu gara Zaramako kantaria bere taldeaz mintzatzen entzutean.   ROBERTO. Nik ere izan nuen tentaldirik. Norbait inguratzen zaizu eta honelako zerbait esaten dizu: «Aizu, Roberto, garbi hitz egin dezagun». Benetan gertatu zitzaidan. «Irratian jarduten zara, baduzu halako karisma bat, eta ez zara abeslari aparta. Baina nik proposatzen dizudan taldean oso ondo egongo zinateke. Inbertsio on bat proposatzen dizut, nolabait esateko. Gitarra-jotzaile hori eta baxu-jotzaile hori aldatuko bagenitu, eta bateria-jotzaileari hobeto jotzen irakatsiko bagenio, bada… Horrela osatzen dira, taldeak, ezta? Ez dira gurea bezalako kuadrillak. Handik eta hemendik hartu behar dugu jendea, onen artean hautatu…». Eta tentaldi horiek pentsarazi egiten dizute, urrutirago jo dezakezula sinetsarazten, Bruce Springsteen edo antzeko norbait izatera irits zaitezkeela… Euskal Herriko erara, betiere: «Ummm, zergatik ez diogu gaiari adarretatik ekiten?». Baina, gero, jartzen zara zure taldekideei begira, eta pentsatzen duzu: «Ezta pentsatu ere! Neure ondoan nahi ditut!».  

IRATI (LK). Eta zure alabak? Izan ere, bi alaba ditu Roberto Mosok. Zer diote Euskal Rock Erradikalaren protagonistetako bat aita izateaz?  

ROBERTO. Lotsa pixka bat pasatu zuten, Garai batean. Gainera, batera suertatu ziren gure bira eta haien haurtzaroa. Orduan, haientzat dena zen… lotsagarria.  

IRATI (LK). Lotsa, noski…  

ROBERTO. Baina gainditu zutela esango nuke, eta orain nitaz harro daude biak. Txikiena, batez ere, gaztetxeak eta horrelakoak gustatzen zaizkiona. Nahiko ikuspegi irekia du, eta tarteka kontzertuetara, gaztetxeetara eta abarretara joatea gustatzen zaio. Geratzen direnetara, alegia. Gogoko ditu Rotten, En Tol Sarmiento… Beste gauza askoren artean, alde hori ere oso gustukoa du.   IRATI (LK). Beraz, lotsaren fasea igaro zuten, eta ez zaie axola.  

ROBERTO. Hala da, bai. Bat-batean, Go!azen saioan Iñaki kantua entzutean, «begira, begira…!» esaten dute.  

IRATI (LK). Polita izango da, ezta?  

ROBERTO. Bai, alde hori bai. Baina, beste batzuetan, bazoaz autoan eta esaten dizute: «Jar ezazu zure kantaren bat». Behin, Euritan jarri nien. Esaldiren bat koloreak aterarazteko modukoa du kanta horrek. Eta alabek esaten dizute: «Zuk zer abestu zenuen hor?». «Nik? Ezer ez!».  

IRATI (LK). Kantak egitean ez duzu horretaz pentsatzen; alegia, egunen batean zure alabek Spotifyn entzungo dituztela.   ROBERTO. Ez duzu pentsatzen umerik izango duzunik ere.  

IRATI (LK). Lagunekin talde bat osatzea eta bizitza horretan elkarrekin jotzea, hori zen gure ametsa. Ez da erraza heldutasunera iristea eta aldi berean rockak bere sinestunei egiten dien nerabe kutsuko promesari eustea, baina horretan oinarritzen da XX. mendea erdibitu zuen musika-tximista eta haren misterioaren zati handi bat. Elkarrizketa amaitzean eta gonbidatuari agur esatean, horixe galdetu diogu gure buruari: lortu ote dute helburua Roberto Mosok eta Zaramako mutilek? Hori litzateke etorkizunerako utz daitekeen lorpenik onena, zoriontsuena, ibaia erabat idortzen eta rockaren eliza eraisten denerako.


Zein da zure erreakzioa?