Beherapen hauetan, aurreztu ezustekoak zure banku-kontuan!
2023-06-26
Beherapen hauetan, aurreztu ezustekoak zure banku-kontuan!
Heldu da uda eta, horrekin batera, hemen dira oporrak eta, nola ez, baita beherapen-garaia edo merkealdia ere. Garai hau egutegian gorriz markatuta daukate dendek (bai fisikoek bai lineakoek), baita shopaholics edo erosketazaleek ere.
Baina egun hauek ziberdelitugileentzat orobat bereziak dira, erosketa-egunok gure informazio pertsonala lapurtzen saiatzeko aprobetxatzen dituztelako.
Zer teknika erabiltzen dituzte ziberdelitugileek erasotzeko?
- Webguneak: lineako erosketa bat egin nahi dugunean, gure banku-datuak eta datu pertsonalak eman behar ditugu. Informazio hori sartzen ari garen webgunea oso segurua ez bada, baliteke gure datuek ezezagunen esku amaitzea.
- Wi-Fi sare publikoak: pasahitzez babestuta ez dauden eta WPArik (Wi-Fi sarbide babesturik) ez daukaten Wi-Fi sareetan, hala nola aireportuetakoetan, edonor sar daiteke, ziberdelitugileak barne. Sareok ez dituzte bertan nabigatzen duten erabiltzaileak kontrolatzen, eta delitugileek nahikoa dute sare irekira konektatuta egotea gure gailuetako datuak eskuratu ahal izateko. Halaber, gure komunikazioak joan-etorriaren bidean atzeman ditzakete; eraso horri «man in the middle» esaten zaio.
- Phishinga: ziberdelitugileek erakargarriak iruditzen zaizkigun eskaintza faltsuak sortzen dituzte gure arreta lortzeko eta gure informazioa eskuratzeko. Batez ere garai honetan, opor-kontuez baliatzen dira edo gure bidaiekin lotutako ustezko kalte-ordainak emateko gai direla baieztatzen duten enpresak erabiltzen dituzte. Phishingeko mezuek esteka edo fitxategi bat dakarte eta, gure kredentzialak sartzen baditugu edo fitxategia deskargatzen badugu, gure gailua malwarearekin infektatu eta informazio guztia eskuratu dezakete.
Urtero, ziberdelitugileek gero eta eraso sofistikatuagoak garatzen dituzte eta, horregatik, modu seguruan nabigatzen ikasi behar dugu, aholku hauei jarraituz:
- Berrikusi ondo webguneen estekak: atzitzen ari zaren webgunearen URLa HTTPS letrekin hasi eta giltzarrapo berdea eduki arren, horrek ez du esan nahi webgune gaiztoa ez denik. Frogatzen duen gauza bakarra da webgunearen eta zure artean transmititzen diren datuak zifratuta daudela eta agintaritza batek eman duela ziurtagiria. Hori dela eta, domeinu-izena arretaz egiaztatu behar duzu beti.
- Egiaztatu webgunearen egiazkotasuna, beste erosle batzuen erreferentziak bilatuz eta konparatuz. Horrela, maula bat ote den egiaztatu ahalko duzu.
- Kontuz Wi-Fi sareekin: lineako erosketa bat egin nahi duzunean, ziurtatu Wi-Fi sare pribatu batera (hots, sarbide mugatuko sare batera) konektatuta zaudela eta sarea pasahitzez babestuta dagoela. Ezin baduzu hori egin, erabili zure datu mugikorrak Wi-Fi sare publiko batera konektatu beharrean, batez ere lineako ordainketaren bat egingo baduzu.
- Babestu zure kontuak autentifikazio-faktore bikoitz batekin, inork ezin dezan zure banku-txartelarekin ezer erosi zure baimena eduki gabe. Neurri horrek, pasahitz sendoak eta seguruak erabiltzearekin batera, ziberdelitugileen lapurretetatik babesten ditu gure kontuak.
- Erabili erosketa-metodo seguru bat, Paypal adibidez. Horrela, ez dituzu zure banku-datuak sartu beharko zure erosketa jatorri eta egiazkotasun ezezaguneko webguneetan egiterakoan.
Zibersegurtasuna funtsezko pieza bihurtu da gure eguneroko bizitzan, mundu digitalaren aurrerapena dela eta. Gozatu udaz zibererasorik gabe eta jar itzazu praktikan aholku hauek.
Zein da zure erreakzioa?