BGAE-en fiskalitate berria

BGAE-en fiskalitate berria

4 min.

BGAE-en fiskalitate berria

LABORAL Kutxa BGAEakPertsona askok, erretirorako dirua aurrezteko, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde (BGAE) bat aukeratzen dute, fiskalitate abantailatsua duelako. Halere, beste hainbat alderdik bezalaxe, horrek ere murrizketak jasan ditu, datorren ekitaldian indarrean sartuko direnak. Horregatik, aurtengo urte-amaieran BGAErako zenbat diru gorde pentsatzen ari bazara, beharbada kalkuluak egiteko eta aldaketa horiek zure poltsikoari nola eragingo dioten ezagutzeko garaia da.

Dagoeneko hitz egin dizugu BGAE-ei buruz. Euskal Autonomia Erkidegoan soilik dugun aurrezteko produktua da, ohiko pentsio-planaren antzekoa. Horren abantaila nagusia da lehen ekarpena egiten duzunetik 10 urte igarotakoan aurrezturiko dirua berreskura dezakezula. Pentsio-planek, berriz, jarritako kapitala egoera kritikoetan erreskatatzeko aukera soilik eskaintzen dute: gaixotasun larriak, ezintasuna, heriotza edo epe luzeko langabezia.

Erretiro aurretik dirua eskuratzeko aukerari, BGAE-en fiskalitate abantailatsua –gainerako pentsio-planen berbera– gehitzen zaio. Baina, etxebizitzaren desgrabaziora eta beste eremu batzuetara heldu diren murrizketak finantza-produktu horretara ere heldu dira. Zer egoeratan geratu den azalduko dizugu.

Araba eta Bizkaia Gipuzkoarekin parekatuko dira

Aurtengo ekitaldira arte, Arabako eta Bizkaiko herritarrek urtero 6.000 eurorainoko ekarpena egin ahal zuten, zerga-oinarria txikitzeko. Zerga aplikatzen zaion kopurua da zerga-oinarria: esaterako, urtean 24.000 euro gordin irabazten bagenituen eta BGAEari gehienezko ekarpena (6.000 euro) egiten bagenion, ekitaldian 18.000 euro gordin irabazi bagenitu bezala ordaindu behar genituen zergak.

Gipuzkoan, urteko gehieneko zenbatekoa mila euro txikiagoa zen: hau da, urtean 5.000 eurokoa, 400 euro hilean baino zerbait gehiago. Datorren urtetik aurrera, kopuru hori (2014ko PFEZari dagokiona) behealdetik berdinduko da: hiru lurralde historikoetan oinarri-zerga murrizten duten ekarpen partikularren muga 5.000 eurotan finkatuko da.

Horrek esan nahi du zenbateko hori baino gehiago ezingo dela jarri? Inolaz ere ez: gure BGAEan nahi beste kapital aurrez dezakegu, baina urteko 5.000 eurotik aurrera ez du zerga-oinarria murrizteko onura fiskala izango. Hori dela eta, diru gehiago badugu, gure egoerara hobeto egokitzen den beste finantza-produktu bat kontratatzea komeni zaigu. Erreforma hori sustatu duten alderdien arabera, familia gehienek ez dute horrenbeste aurrezteko gaitasuna.

Ekarpen partikularrez gain, enpresek beren langileen BGAE-etara ere ekarpenak egin ditzakete. Kasu horretan, gehienezko muga urtean 7.000 eurokoa da. Hortaz, urteko gehienezko guztizkoa 12.000 eurokoa da, egin daitezkeen ekarpen partikularrik eta enpresa-ekarpenik handienak egiten badira.

Pentsio-planen (BGAE-en edo ohikoen) fiskalitateak Euskal Autonomia Erkidegoan Espainian baino abantaila hobeak eskaintzen ditu. Izan ere, Espainiaren kasuan, ekarpen partikularra eta enpresarena batuta egin daitekeen gehienezko ekarpena 10.000 eurokoa da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunak onartzen duten gehienezko zenbatekoa baino 2.000 euro txikiagoa.

Aukera gutxiago

Datorren errenta-aitorpenean indarrean sartuko diren berritasunetako bat da 52 urtetik gorakoek beren BGAErako egin ahal zituzten ekarpen bereziak kendu egingo direla. Orain arte, adin horretatik gorakoek gainerakoek baino kopuru handiagoko ekarpenak egin ahal zituzten. Horrela, aurreztea sustatzen zen. Aurrerantzean, ezin izango da hori egin eta gainerakoei eragiten dizkieten arauak jarraitu beharko dituzte.

Gainera, erretiro-adinean sartzean ekarpenak deduzitzeko aukera ere kentzen da, eta ekitaldi berean erreskataturiko ekarpenen dedukzio fiskala ezingo da egin.

Azken finean, finantza-produktua sinplifikatzen duten eta abantaila batzuk murrizten dituzten aldaketak dira. Edonola ere, hori aldaketen ikuspegi orokorra baino ez da. Horregatik, zure kasua pertsonalki tratatzea eta gehien komeni zaizuna aholkatzea nahiko genuke.

LABORAL Kutxako zure gestore pertsonalak atsegin handiz lagunduko dizu. Gainera, aurtengo urte-amaieran zure BGAEan 2.000 euroko ekarpen bat egiten baduzu, opari bat dugu zuretzat: BQ mugikorra edo tableta. Hortaz, zure etorkizunean zeuk agintzen duzula jakiteak saria du.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Inbertsio estrategiak