Bide berriak eta mundu berriak sortzen dituzten poetek txunditu egiten naute

Bide berriak eta mundu berriak sortzen dituzten poetek txunditu egiten naute

6 min.

Bide berriak eta mundu berriak sortzen dituzten poetek txunditu egiten naute

Hemen ere entzun dezakezu

Leire Bilbao, poeta eta idazlea

 

Durangoko Bizenta Mogel liburutegian, bere irakurle taldearekin biltzen den areto zabal, eguzkitsuan bildu gara Leire Bilbaorekin. Bertan, Durangon bizi da duela 10 urte, baina jaio Ondarroan jaio zen, 1978an, eta Bilbon, Deustun ikasi zuen Zuzenbide Ekonomikoa. Lehen idazlanak, ostera, lehen bertso-paperak, jaioterrian egin zituen, Ondarruko Zubi-zahar ikastolan, ikasleak trebatzera eta, bide batez, bertsolari gazteak fitxatzera agertu zen bertsolari ezin handiago batekin, Jon Lopategirekin. 

 

LEIRE BILBAO. Nik uste dut hasi ginela inkontzienteki, esanda “berdin zait zer esaten duten besteek”, esatea hau da nik egin nahi dudana edo egingo nukeena eta irakurlean pentsatuta bai baina ez salmentetara begira edo irakurle zehatz batzuetara begira. Ez dugu horretarako idazten. Badakigunez irakurleak ere ez direla hainbeste ba behintzat hartu dezagun hizkuntza gutxi batetik idazten dugunok, genero txiki batean idazten dugunok zer daukagu galtzeko. Ez badaukagu dena irabazteko, ezta? Orduan, erabili dezagun hori, ba, gure borroka egiteko eta esan nahi ditugunak esateko, eta prejuiziorik eta konplexurik gabe esateko, hau da nire egia orain. 

 

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). Egia bat esateagatik etxea, izena, alabak, emaztea, eskua eta mingaina ere galtzeko prest zegoela deklaratu zuen Bilboko euskaldunberri batek inauguratu zuen, joan den mendearen erdialdean, Lizardik, Lauaxetak, eta Mirandek iragarritako euskal poesia modernoa. Ordutik, Gabriel Arestik bere aitaren etxea defenditu zuenetik, gauza asko aldatu dira euskal literaturan. Tabernetan kantuz eta plazetan bertsoz, mendez mende, bere hizkuntza zaharrean ahozko tradizioa bizirik mantendu zuen basa koblakarien herriak topatu du bere idatzizko literatura modernoa. Ugaldu dira irakurleak, argitaletxeak, liburudendak, editoreak, idazleak, poesiaren gaiak eta moldeak. Gabriel Arestik ehun-berrehun irakurle zituen jendarte bati egia prometitu zionetik, literaturaren etxea poesiaz bete da, eta aitarena ezezik etxe hori amarena ere bada orain, eta amaren alabena. Asaba zaharren baratza ongarritzera etorri direlako emakumeak, euren poesia egitera, gure gonbidatuak bezala, euren egia esatera. Berak, gure gonbidatuak, hitzik soberan ez duen estilo batekin egin du, indarrez betetako sinboloen artean nabigatuz, iluntasunari begiratzeko beldurrik gabe eta haur literaturaren esparruan bi Euskadi Sari lortzen zituen bitartean. Pasioz, zintzotasunez, bikaintasunez. Leire Bilbaok bertsoak egin zituen nerabezaroan eta poesia gero, baina poeta haurtzaroan sortu zen, poeta guztiak sortzen diren leku berean, bere baitan.

 

LEIRE. Nik uste dut buruan idazten dugula. Orduan bai imajinatzen dut ez dakit ze adinetako Leire etxetik ikastolara bidean, buruan istorioak idazten. Beti izan naiz oso ume ipuin zalea edo istorio zalea. Eta orduan nahiz eta idazten idazten eta lehenengo ipuinak suposatzen dut ikastolan egingo nituela, ni EGBkoa naiz, noski eta 6.-7. maila egingo nituen, 12, 11 urterekin, baina bai gogoratzen dut ume istoria zale hori, buruan fantasiaz betea zegoena. Joaten zen Saturrango hondartzara edo Arrigorriko liburu batekin. Itsasoari begira egon beharrean, liburu bat aurrean zeukana.

 

IRATI (LK). Igual itsasoari buruzko liburu bat…

 

LEIRE. Bai, bai. Han joaten nintzen, liburua hartu eta hondartzara. Nire osaba Julianek esaten zidan “Leire, orri zuria baino zuriago egongo zara”. Eta bai, txikitatik izan naiz irakurzalea eta ez dakit zergatik ere. Ze nire etxean ez zegoen liburu asko. Nire aita itsasgizona izan zen eta orduan ez nuen asko ikusten eta ama, zoritxarrez, nahiko gazte zelarik hasi zen bista galtzen baina ni oso irakurzalea nintzen eta amak beti oparitzen zizkidan liburuak. Ba, Andu Lertxundiren Madame Kontxexi, oso maitea nuena, edo Tom Sawyerren edo Jules Verneren komikiak. Orduan, bai, suposatzen dut buruan idazten nuela.

 

LEIRE. Orduan jarri gintuzten bertso paperak idazten, ez dakit zenbat urte izango nituen, 12-13 urterekin edo, lau errimarekin, lau errima oinarrizko. Arra, bizarra,barra-barra, gitarra edo halako zerbait, eta pixka bat ikusi zuten zeintzuoi, ze umeri, ze umeak ginen gustatzen zitzaigun hitzaren jolasa. Ze azken finean hori zen, ez? Hitzarekin jolastea. Eta gogoan dut ikastolako jantokian aritzen ginela, denbora ipini kronometrotuta eta bertso paperak idazten. Eta, orduan, ba, ez dakit Lopategik zerbait ikusi zuen nigan eta ikastolatik, Zubi-zaharretik ni hautatu ninduen, Lekeitiotik beste mutiko bat, Berritxutik beste bat, Etxebarritik beste bat, Markinatik beste bat, eta han joaten ginen bere Ford Orionean eskolaz eskola, ikastolaz ikastola bertsotan. Orduan bertso paperetatik hasi nintzen ni gehiago poesiatik baino.

 

IRATI (LK). Eskolak eraman zuen bertsolaritzara eta kasualitateak, poesiara, hain maite duen literatur generora. Tira, kasualitateak edo, atzerrira bidaiatu eta hizkuntzak ikasteko gogoak.  Eta beste poeta batekin zein bere buruarekin egindako apustuak, horrek ere bai.

 

LEIRE BILBAO. Gogoratzen dut Lekeitioko jaietan, 16 urte izango nituen, 16-17, Urtzi Urrutikoetxea ikusi nuela eta berak zurito bat eskuan zuela esan zidan “Leire, bidaiatzera noa Europan barrena Urruzuno lehiaketa irabazi dut eta saria da Europara ez dakit ze lekutara bidaia”. Bai? Eta zer egin behar da horretarako?

 

IRATI (LK). Badago urruzunotarren belaunaldi luze bat euskal literaturan.

 

LEIRE. Bai, bueno, poema batzuk idatzi ditut, bertso paperak. Ba, datorren urtean ni ere bai. Gogoratzen naiz, ez naiz ni oso eskua mahaian ipintzeko eta horrelako enbatak, enbidoak botatzeko, baina datorren urtean ni ere bai. Eta aurkeztu nintzen Urruzunora poema single bakar batekin. Baina zortea nire alde egon zen eta hurrengo urtean…

 

IRATI (LK). Ze polita.

 

LEIRE. Gainera Urtzirekin tokatu zitzaidan.

 

IRATI (LK). Joan zinen Europan zehar.

 

LEIRE. Bai. Eta gustua hartu nion poesiari eta hitzaren jolasari.

 

IRATI (LK). Misterioa da poesia eta misteriotsuak dira poesiaren bideak. Kanpora atera, Europan bidaiatu, mundua ezagutu nahi zuelako idatzi zuen lehen poema eta kontrako norabidea egiteko erabaki zuen bertsolaritza utzita horretan segitzea. Barrura sartu nahi zuen, bere baitara bidaiatu, eta bere mundu intimoak deskubritu. Eta egarri hori asetzeko poesiaren ura behar zuen.

 

LEIRE. Bertsotan arituko nintzen 21-22 urte arte baina momentu baten oso argi ikusi nuen nahikoa zela. Ari nintzen, 17 urterekin eskola arteko txapela ere irabazi nuen eta egiten nituen bertso paperak eta nik gustuko nuen. Baina gero ikasketak zirela eta Bilbora joan nintzen eta aritu nintzen Santutxuko bertso eskolan ere entrenatzen, ze azken finean hitza hori da, entrenatzen aritzen ginala. Baina bizitzaren kontuak, momentu batean ari nintzela erabaki nuen amaitu zirela plazak eta barrura begiratzeko gogo gehiago neukala, kanporako irudi eta kanporako bapateko jardun hori baino barrura begiratzeko. Nire barruko kalara, nire barruko portura. Eta horretarako poesia lagunago nuen. Denbora pasatu zen, noski, eta bertsotan jada hartuta daukazunean oinarri bat, errimarekin jolasten duzunean, metrika baten jolasten duzunean nik nahi nuena zen, esaten dena aita hil edo matar al padre eta horrekin guztiz hautsi eta bertso librera jauzi eta hainbat irakurketaren ostean eta neure barne prozesu baten ostean etorri zen Ezkatak, 2006.

 

IRATI (LK). Lehen liburu batean ohikoa izaten da poeta bere ahotsaren bila ibiltzea, baina 28 urterekin Ezkatak argitaratu zuenean, Leire Bilbao bere ahots poetiko propioaren jabe zen. Sortu baino agertu egin zen poeta bat euskal literaturan. Handik 5 urtera etorri zen Scanner, beste biluzte bat, klinikoagoa eta 9 urte geroago bere azken poemarioa, momentuz behintzat, amatasunaren explorazio poetiko gogoangarria, bere jaioterriko esaera batekin titulatu zuena: Etxeko urak.

 

LEIRE Baina bai Etxeko urak da esamolde bat oso ondarrutarra, berez datorrena pertsona batek familia bateko uretatik edan duela, iturburua dagoela, badakizu, hor zurruztada bat eta denok busti gaituena

 

IRATI (LK). Oso polita da

 

Badaude etxeko modu batzuk, etxeko ohitura batzuk eta konturatu gabe denok daukagu edo aitaren, amaren, izebaren zera bat. Busti gaituena barruraino eta gure zainetan daramagu hori. Eta hor, ba, nik nahi gabe, Ondarruko kresala. Eta orduan berez ateratzen da. 

 

IRATI (LK). Konserberetako langileak, arrainei burua kentzen dietenak, beraiena bailitz bezala, emakume horiek agertzen ziren Ezkatak lanaren lehen poeman. Inguruan zituen andreak, boterez jantzitako emakumeak aukeratu zituen poesia boteretsu bati hasiera sinboliko indartsu hori emateko.

 

LEIRE. Momentu baten Ezkatak-ekin bai izan zen hautu kontzientea, lehen liburuko lehen poema da konserberan lan egiten duten emakumeen inguruan. Niretzat bazen garrantzitsua zertaz eta emakumeetaz hitz egitea eta konserberetaz hitz egitea eta hor, isilik eta zapalduta ez dakit den hitz zuzena, ezta? Baina hor pixka bat menpean dauden emakumeetaz hitz egitea eta orduan bai izan zen hautu bat itsasoaz hitz egitea, itsaso izateko aitzakia, ba, ni eta nire inguruaz hitz egiteko. Baina ez ni pertsonal bat, izan dadila ahots hori, ni poetiko hori beste ni batzuen ahosgora edo bozgorailu, beti esaten dugu “poeta e un fingidor”, ezta? Eta orduan badago hor mozorro bat eta mozorro hori ahalik eta egia antzekoena edo egiazkoena itxurarazi eta horrekin, ba, bidaiatu du nire poesiak, nahiz eta nitaz asko duen, noski. 29.25

 

 

IRATI (LK). Duela 15 urte idazten hasi zenetik, gure gonbidatuak bi Euskadi Sari lortu ditu,  Xomorropoemak eta Barruko hotsak lanekin, eta poeta handien izenak daramatzaten beste hainbat: Lizardi, Lauaxeta, Etxepare eta Galiziako PEN Clubaren Rosalia de Castro. Munduko poesia kaierak bilduman Nijole Miliauskaite lituaniarraren poema itzuliak argitaratu zituen eta bere poemak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte, aurten azkena Etxeko urak, Aguas madres tituluarekin, gaztelaniaz. Teatroa ere egin du, Durangoko Marmar taldearekin. Rafa Ruedak, Maddie Oihenart eta Jabier Muguruzak, besteak beste, bere poemak kantatu dituzte, eta bi disko-liburu egin ditu, Musua eta Bizi-poz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin. Ez da geldirik egon Leire Bilbao. Baina poesia egiteko bere denbora hartu du. 15 urte, hiru poema liburu.

 

LEIRE BILBAO. Poema liburu batetik bestera gainera urte dexente pasatu izan dira nire kasuan behintzat poema bat argitaratu eta beste bat argitaratu orduko, eta nik bai izaten dut erresaka hori. Ni ez naiz kapaz poema liburu bat amaitu eta beste jartzeko. Denbora behar dut. Barruak eskatu behar dit. Teorian bai gustatuko litzaidake dinamika hori eta arautua egotea, programatuta eta esatea poema liburu bat egingo dut bi urtean baina ez.

 

 

IRATI (LK). Poesia idaztea ariketa literario berezia da. Benetako poesiaren ura ateratzeko bere baitako putzu sakonetan murgildu behar du poetak. Gorputzean sentitu hor badagoela zerbait. Poesiak berak esan behar dio noiz heldu den itsaso ezezagun horretan sartu eta ilunpetan bilatzen hasteko ordua.

 

LEIRE. Eta ez dakizu ze ur korrontek eramango zaituen. Poesia ezin duzu… behintzat ez dut sentitzen edozein momentutan jarri eta poema bat idatzi ahal dudala, ez, nik horrela ez dut sentitzen. Itsaso handi bat da, korronte asko ditu, eraman egiten zaitu. Batzuetan deitu egiten zaitu. Nik uste dut tenpo bat, norbere gorputzak igartzen du noiz nahi duen itsaso horretara biluzik salto egin. Ze bada ariketa inmersibo bat. Izan daiteke biluzte ariketa bat edo mozorrotze ariketa bat baina, azken finean, bada azal baten azpian sartzea eta jolas egitea. Eta horretarako igeri egin behar dozu luze eta zabal, eta ur azpian arnasa hartzen ikasi.

 

IRATI (LK). Gero, jakina, barruko korrontean dabilenari hitzak jarri behar zaizkio. Izendatu egin behar dira barrunbeetako misterioak. Poeta bakoitzak badu bere ahotsa, bere estiloa. Leire Bilbaorena ekonomikoa da. Esan nahi duena irudien bidez esaten saiatzen da eta hitz gutxitan botere asko konzentratzen du.

 

LEIRE. Bada garrantzitsua hitzen ordena. Ahalik eta gutxienarekin ahalik eta gehien esatea. Espazioa. Niri adibidez poema luzeegiak, bost orriko poema horiek nekatu egiten naute. Gehiago gustatzen zaizkit laburrak. Denok ditugu gure fobiak eta filiak. Eta nik, bai, garrantzi handia ematen diot ordenari eta belarriari. Poemaren musikalitateari eta gero irudiekin harrapa nazatela. Beste mundu bat erakusteko aukera ematen duten poetek, norberak ukitu ez duen lurralde bat ukitzeko aukera ematen dizutenek, ezta? bide berriak eta mundu berriak sortzen dituztenak, txunditu egiten naute eta hori nahi nuke mantendu. Ilusio hori eta deskubritzeko gogo hori.

 

IRATI (LK). Momentuz ez zaio falta idazteko ilusiorik eta gogorik. Baina idaztea ez da bakarrik idaztea. Idazle izatea ere bada, jendaurrean egotea, plazan leku bat okupatzea. Hori ez da beti erraza izaten, baina horretan ere laguntzen du esperientziak. 

 

LEIRE . Nik uste dut sortzailea orohar pertsona… barrurako pertsona dela, gusturago gaude gu barruan liburu batekin eta ariketa bat da kanpora atera beharra. Eta orduan ikasi egiten duzu kanpoan jartzen eta mozorro hori ipintzen eta esaten “bueno, benga, lehen ez, baina orain ezpainak gorriz pintatuko ditut plazara ateratzeko, mozorrotu nadin, eta egingo dut egin behar dudana, akto artistiko bat”. Nik uste dut desberdina dela idazlea eta pertsonaia. Eta batzuk zoragarri egiten dute eta nik asko miresten ditut pertsonaia publiko hori kudeatzen dakiten artistak, badira dena bat direnak eta natural eta zoragarri, baina beste batzuk kudeatu behar dute pertsonaia hori nola egin hori sare sozialetan, oso zaila iruditzen zaidana, eta nik benetan ez dakit hori nola kudeatu behar den, plazan, elkarrizketetan, eta orokorrean. Orduan nik uste dut hori urteek erakusten dutela, borroka hori beti dago eta, batez ere, oso gaztetxo hasten bazara bertsotan eta oraindik zure identitatea eta ideiak, ez beti politikoak, baina politikoak ere, eta sozialak eta dena definititu gabe zaudenean, plazara ateratzea zentzu guztietan oso zaila da. Horretarako urte asko, kilometro asko eta irakurketa asko behar dira, eta niri esposizio hori konstantea ere pertsonalki ez zait asko gustatzen. Ez da erraza oreka hori topatzea, esposizio publikoarena, ezta? Egon beharra dago, esan beharra dago, eta kultura egiten dugunok edo kulturan sinesten dugunok bindikatu eta erreinbidikatu behar dugu eta hor egon behar dugu bakoitza bere ahotsarekin, hori da onena, ahots anitz bat egotea. Nire kasuan batzuetan joan naiz esaten “poesiaren defentsa egiten dut”, irakurri nion neure buruari elkarrizketa baten. Ze hain da genero minoritarioa… zertarako balio du poesiak? Ba poesiak horretarako balio du, ezertarako balio ez duenez ba denerako balio du. Baita ekonomian ere. Egin dezagun poesia ekonomian. Zergatik ez. Bakoitzak badauka bere defentsa area. Eta nik erabaki dut edo gustatuko litzaidake nik sinesten ditudan horietan, behintzat, esatea honegatik borrokatu behar dugu.

 

IRATI (LK). Poesian bihotzez sinesten du, baina ez du poesian soilik sinesten. Haur literaturaren esparruan, adibidez, sinesten du Leire Bilbaok, konbentzituta dago ez direla irakurleak infantilizatu behar. Edozertaz hitz egin ahal zaie haurrei eta gazteei, hizkuntza gutxituak, gerra. Horretako modua topatzen da kontua. Eta horretan ere idazleak ez du bere burua mugatu behar.

 

LEIRE. Beti saiatzen naiz idazle moduan eta ilustratzaile kategoriazkok dauzkagu eta nik euki dut zortea hainbatekin lan egiteko, pixka bat harago joaten eta norbere burua proban ipintzen eta nik gogoratzen dut oraindik Maiteri esan nionean, egin behar dut poema liburu bat hotsen inguruan, zaraten eta hotsen inguruan. Esnatzen garenetik lokartzen garen arten zenbat hots dauden. Eta kontatu egun baten, ume baten, ez dakigu neska-mutiko, lehenengo pertsonan esnatzen zarenean ze zarata ateratzen zure begiradak, begiak zabaltzen, zure giharrek, zure ideiek, hortzak garbitzean ze zara dagoen, arropak janztean, eranztean, komunera joatean, jatean, besarkaden soinua, musuen soinua, dezepzioaren soinua, ogitartekoaren soinua, txokolatearena, gailetena, amaren kafea… Egunean zehar hainbeste hots daukazgu ez ditugunak eurengan erreparatzen eta hori ere poesia da, ezta? Eta orduan haur eta gazte literaturak batez ere niri hori ematen dit. Zabaltzen dit mila aukera, jolasteko, amesteko eta nire burua funanbulista bezala proban jartzeko, ia kapaz izango naizen soka horretan, buruan dudanaren, ehuneko ehunean ez, baina hein batera, ehuneko batera lortzeko hori liburu baten edo poema batzuetan plasmatzen, islatzen. Eta nik oso ondo pasatzen dut.

 

IRATI (LK). Haur literatura eta poesia. Ez daude hain urrun ariketa bat eta bestea. Haur literatura egiteko idazleak onomatopeiak, sinboloak, hitz jokuak, irudien arteko asoziazioak erabili behar ditu, poesiari berezkoa zaion tresneria. Eta poesia egiteko idazleak munduari harriduraz begiratu behar dio, gauza bakoitzari galdetu zer den, lehen aldiz ikusiko balu bezala, haurren modura.

 

LEIRE. Eta pixka bat haur literatura jo dut baina poesiak ere baduka hori, ez? Edozer adinetan ari naiz, estrañamendu hori, ilusio hori, gauzak begi berriekin ikusteko, ez? Eta nik uste dut horregatik maite dudala poesia. Dena ahaztu eta berriz sortzeko. Muinera joateko. Eta ilusio horiekin, begi berriekin ikusteko mundua. Edo ideia bat edo egoera bat. Ariketa hori egitea. Benga, kendu dezagun erratzarekin zikina kendu, eta ikusi dezagun dena posible dela, badagoela beste modu bat egiteko kontuak. Rosario Castellanos esaten zuen bezala, “hay otro modo”.

 Beste modu bat

IRATI (LK). Beste genero batzuk baino publiko mugatuagoa dauka poesiak baina apasionatuak izaten dira gure eta gure gonbidatuaren moduan beste modu bat badagoela uste duten irakurleak. Leire Bilbaok ofizioz eta pasioz hitz egiten du beti irakurtzen, deskubritzen, maite dituen poetei buruz. Eta hala ere, hain da poeta hitz potoloa apur bat kostatu egiten zaiola oraindik ere bere burua modu horretan izendatzea. 

 

LEIRE. Bai, bai, bai. Orain ere asko kostatzen zait esatea, ez? Bueno, de hecho, “poesia idazten dut” esatea asko kostatzen zait, ze inguruan batzuetan arraro begiratzen zaituzte. Orduan errazagoa da esatea “idatzi egiten dut” eta normalean horrekin joan izan naiz. “Tarte libreetan idatzi egiten dut”. Ez “idazlea naiz”. Eta bai errespetua ematen didan hitz bat da.

 

IRATI (LK). Poeta dela esatea ez zaio bereziki erraza egiten. Zailagoa litzateke ostera poesiari uko egitea. Kantuak, ipuinak, teatro lanak sortzea zoriona da beretzat, eta poeta izatea, pribilegioa.

 

LEIRE. Kultura da libre sentitzen naizen leku hori. Egunak errutina asko ditu. Lanera joan behar gara, ofizinara joan behar gara, umeak hasi behar dirugu, erosketak egin behar ditugu, labadora egunean ez dakit zenbat aldiz ipini behar dugu eta fakturak ordaindu behar dira, hori da bizitzea. Eta zorionekoak gu, maite dugun esparru bat topatu dugunok, literatura kasurako, non horretan amets egin dezakegun eta sinesten dugun horretan sortu dezakegun, jolastu dezakegun eta hor pentsatu dezakegun mundu hobeago bat lortu dezakegula. Orduan niretzako literatura da espero dut, ez da karrera profesional motz bat deportistak bezala, 30 urterekin jubilatu behar direla, ez dakit ze…

 

IRATI (LK).. Gorputzak ez duelako ematen, ez?

 

LEIRE. Nik asko, asko, asko miresten ditut horretan sinesten duten eta edade batera ere oraindik ekinean dabiltzan sortzaileak. Xabier Amuriza batek, 83 urterekin oraindik gauza zoragarriak esaten eta egiten, Andu Lertxundi bat itzelezko eredua eman diguna bere zutabeekin, bere liburuekin, bere elkarrizketekin… eta bueno, zerrenda luze bat. Orduan nahi nuke pentsatu amets egiteko leku hau dala, ba, norberarekin eta luzaroan joango dena. Egon lehenengo planoan, bigarrenean, hirugarrenean edo laugarrenean. Hori gutxiengoa da erakusleihoa, gauza da sinestea eta disfrutatzea eta horrek bizirik senti araztea norbera. Lehen esan dugu: entusiasmoa, begi berriekin ikustea eta oraindik eukitzea gogoa gauza berriak esateko ez, ze dena esanda dago, baina norberak esateko.

 

IRATI (LK). Literaturak ez dauka poesia baino ur, zeremonia, misterio sakonagorik. Gizakiok elkarri ezkutatzen dizkiogun paisaia intimoak erakusten dizkigu; begi aurrean dugun mundua ikusten laguntzen du eta ikusten ez duguna errebelatzen; poesian, hizkuntzaren innobazio zentroan, hasten dira literaturaren loraldi. Elkarrizketatu berri dugun poeta bikainak esan digu: erratza pasatzen die hitzei. Hobeto ikusi, entzun, ulertu, tratatu ditzagun, eta bide batez geure burua ere eta geure ingurukoak ere hobeto tratatu ditzagun. Hitz egiterakoan ere, badela beste modu bat, hori erakusten digu poesiak. Bere zeremoniatik berrituta ateratzen dira berbak, berrituta mundua eta berrituta irakurleak. Geu atera garen moduan, Durangoko liburutegitik, elkarrizketa bukatzeko ordua heldu zaigunean, berrituta, eta oraindik ere poesiaz hitz egiten. Suspertuta sentitzen gara, ordu bete luzez hitz egiten egon ondoren, bukatzeko baino hitz egiten hasteko gogoz. Azken baten, hori da beharbada, poesiaren botererik handiena. Edaten dugun bakoitzean berritu egiten dituela geure egarri guztiak.


Zein da zure erreakzioa?