Bigarren eskuko autoa erosteko jakin beharreko guztia

Bigarren eskuko autoa erosteko jakin beharreko guztia

4 min.

Bigarren eskuko autoa erosteko jakin beharreko guztia

Automobil hori nahi duzu, jada ez duzu zalantzarik. Ondo pentsatu ondoren, motorra eta karrozeria egoeran onean dituela egiaztatu ostean, erabakia hartu duzu eta ados jarri zara laster zurea izango den autoaren saltzailearekin.

Baina, erabiltzen hasi aurretik, administrazio-kontu batzuk egiaztatu beharko dituzu eta salerosketako agiriak izapidetu. Zer eta nola egin behar duzun azalduko dizugu. Gogoratu, gure banka eta aseguruen eredu paregabeari esker, LABORAL Kutxaren laguntza izan dezakezula bai zure ibilgailua finantzatzeko eta bai horren asegurua egiteko ere.

Bigarren eskuko autoa erosteko jakin beharreko guztiaBigarren eskuko autoa erosteko jakin beharreko guztia

Bigarren eskuko automobila erosi aurretik...

  • Egiazta ezazu ordainduta dagoela azken ekitaldiko Zirkulazio-zerga edo Trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga.
  • Eta ziurta ezazu autoak Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) gainditua duela.
Gainera, automobilaren benetako egoeraren berri izateko:
  • Kontsulta ezazu DGT edo Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen erregistroa eta eskatu ibilgailuaren aurrekariei buruzko txostenak. Horrela, erosiko duzun ibilgailuak kargarik, ordaindu gabeko isunik edo enbargo-agindurik ote duen jakingo duzu. Ziurtagiri digitala baduzu online egin dezakezu, edo Probintziako Trafiko-buruzagitzaren egoitzan bertan, aurretiko hitzordua eskatuta. 8 euro inguru ordaindu eta lasai geldituko zara.
  • Eskatu ibilgailuaren mantentze-liburua eta aurreko konponketa-lanen fakturak, eta egiazta ezazu benetan duen antzinatasuna, kilometro-kontagailuan azaltzen den kilometro-kopurua benetakoa ote den jakiteko. Trafiko Zuzendaritza Nagusian txosten osoa eskatuta emango dizkizuten datuak erabil ditzakezu horretarako.

Bigarren eskuko autoa erosteko izapideak

Ibilgailuaren eskualdatzea ziurtatzeko eta harekin segurtasun osoz ibiltzeko pausoak:

Salerosketa-kontratua.

Hobe da kontratuaren bi ale egitea, alde bakoitzak erosketa-kontratuaren kopia bat gorde dezan.

Ibilgailuaren titulartasuna aldatzea.

Horretan ere, hobe da bi ale eskatu eta betetzea. Orri guztiak bi aldeetatik sinatuta daudela egiaztatu behar da, eta guztietan sinatze-ekitaldiaren data eta ordua azaltzen direla, berbera bi kopietan. Une horretatik aurrera egin daiteke adostutako zenbatekoaren ordainketa. Ondoren, saltzaileak 10 eguneko epea izango du Trafikoko agintaritzari ibilgailuaren titulartasunaren eskualdatzea jakinarazteko. Zenbateko txiki bat ordaindu beharko du —9 euro baino gutxiago—, betiere 10 egun horien barruan guztia izapidetu ez baduzu eta saltzaileari zure izenean dagoen zirkulazio-baimenaren kopia bidali ez badiozu.

Ondare-eskualdaketen gaineko zerga ordaintzea.

Ibilgailua erosi duenak ordaindu beharko du Ondare-eskualdaketen gaineko zerga (OEZ) dagokion Ogasun sailean. Zerga hori 30 eguneko epean ordaindu behar da. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ez du salbuespenik, baina Nafarroan ez dute OEZ ordaindu behar bi baldintza hauek betetzen dituzten ibilgailuek: 10 urteko edo gehiagoko antzinatasuna izatea (betiere ibilgailu historikoaren izendapenik ez badute) eta 40.000 eurotik beherako balioa izatea (garraiobidearen erabilera-koefizienteak aplikatu aurreko balioa). Zergaren kudeaketan aplikagarriak diren batez besteko salmenta-prezioak onartzen dituen aginduaren arabera zehazten da ibilgailuaren balioa.

Erregistroan izena ematea.

Hori da azken izapidea. Ogasunetik igaro eta gero, bigarren eskuko automobilaren titularra zarenez, Trafiko Zuzendaritza Nagusira joan behar duzu autoa Ibilgailuen Erregistroan sartzeko. 30 egun dituzu hori egiteko eta dokumentu hauek beharko dituzu:
  1. a) Zure NANaren kopia, eroslea zarenez, eta baita saltzailearena ere.
  2. b) Automobilaren salerosketa-kontratua, bi ale. Kopia bat saltzailearentzat eta bestea eroslearentzat.
  3. c) Titulartasuna aldatzeko
  4. d) Automobilaren agiriak: IAT txartela, zirkulazio-baimena eta titulartasuna aldatu ahal izateko ordainduta egon behar den udal-zergaren ordainagiria.
  5. e) Ondare-eskualdaketen zergaren ordainagiria (Nafarroan aipatu ditugun kasuetan izan ezik).
Agiriak Trafiko Zuzendaritzan aurkezten dituzunean, ibilgailuaren titulartasuna eskualdatzeari dagokion trafiko-tasa ordaindu beharko duzu, 50 eurotik gora. Ez ahaztu txartela, ez baitute eskudirurik onartzen. Ordaindu ondoren, ibilgailuaren zirkulazio-baimena emango dizute eta izapide guztiak burututa izango dituzu.

Izapide-kontuak saihestu nahi al dituzu?

Apur bat gehiago ordaindu eta izapideak betetzea saihestu nahi baduzu, gestoria baten zerbitzuak kontrata ditzakezu. Horrela, gestoria bera arduratuko da guztiaz. Hasteko, txostenak eskatu eta aztertuko ditu ordaindu gabe egon daitezkeen isunak edo beste karga batzuk kudeatzeko, eta, bukatzeko, ibilgailua zure izenean jarriko du Erregistroan. Horretarako, baimena sinatu beharko duzu agiriak zure izenean izapidetu ditzaten; aurrerago, ibilgailua zeure egingo duten agiri guztiak sinatu beharko dituzu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Aseguruak