Birus informatikoak prebenitzeko aholkuak

Birus informatikoak prebenitzeko aholkuak

4 min.

Birus informatikoak prebenitzeko aholkuak

Teknologiaren garapena gailu informatikoen hobekuntzaren eta erabileraren eskutik joan ohi da, eta eguneroko bizitzako alderdi ugari errazten digu, baina, ziber-mehatxuen arriskua ere hor dugu eta, tartean, eraso-tekniketan boladan daude malware deritzenak, programa gaiztoak.

Malware bat zera da, sistema informatiko bat kaltetzeko, aldatzeko edo kontrolatzeko software gaizto bat, jabea ohartu gabe edo haren baimenik gabe.

Zer da birus informatiko bat?

Malware mota bat da, beste programa batzuk infekta ditzakeena, autoerreplikatzeko gai eta beste ordenagailu batzuetara heda daitekeena. Kontu handia izan behar da, bide ezberdinetatik sar baitaiteke: erantsitako fitxategiak dituzten mezu elektronikoetatik, ustez legezkoak diren aplikazioak deskargatzerakoan, mezularitza-zerbitzuen bitartez, software zaharretatik, baita publizitate-bannerren bitartez ere.

Birus informatiko baten biktima izateak, jakitea komeni zaizun arrisku garrantzitsuak ditu:

  • Datuak galtzea: birus informatikoek zure sisteman gordeta dauden fitxategiak eta datuak ezabatu edo kaltetu ditzakete.
  • Informazioa lapurtzea eta espioitza: birus batzuk zure informazio pertsonala edo konfidentziala biltzeko eta monitorizatzeko diseinatuta daude, hala nola pasahitzak, kreditu-txartelen zenbakiak, etab.
  • Sistemaren errendimendua murriztea: birusek zure sistema moteldu dezakete, baliabide baliotsuak kontsumitu eta akatsak eragin, zure produktibitateari eraginez.
  • Birusa beste sistema batzuetara zabaltzea: birusak sareen eta kanpoko gailuen bitartez heda daitezke eta, horrek, beste sistema batzuk infektatzeko arriskua areagotzen du.

Ziber-segurtasunari dagokionez gaizki jardutearekin lotutako arrisku ugari dago. Hori dela eta, zenbait jardunbide egoki gomendatzen dizkizugu:

  • Erabili software ofiziala: garrantzitsua da softwarea legezkoak eta fidagarriak diren iturrietatik eskuratzea; horrela, softwarea birus informatiko batek infektatuta etor dadin saihestuko duzu.
  • Egin sarritan eguneraketak: sistema eragileek eta beste programa batzuek segurtasun-akats ezagunak eta zaurgarritasunak zuzentzen dituzten adabakiak eta eguneraketak ekartzen dituzte askotan. Ziber-gaizkileek balia dezaketen edozein segurtasun-arrakala ixten lagunduko dizu horrek.
  • Saihestu iragarki eta mezu emerjenteak: ez egin klik iragarki eta mezu horietan; itxi, barrura sartu gabe. Blokeorako tresnak ere erabil ditzakezu, esposizio-arriskua murrizteko.
  • Instala ezazu antibirus bat: antibirus-softwareak malwarea detekta eta ezaba dezake, zure sistema kaltetu baino lehen. Gogora ezazu antibirusa beti eguneratuta eduki behar duzula.
  • Egiazta ezazu edukia eta bidaltzailearen jatorria: analiza ezazu edozein bidetatik (SMS, e-posta, webguneak) iristen zaizkizun esteken domeinua, legezkoa den edo, aitzitik, erakunde baten lekua hartzeko imitazio bat ote den egiaztatzeko. Jar iezaiezu arreta berezia mezu elektronikoen bitartez iristen zaizkizun erantsitako fitxategien luzapen bikoitzei (adibidez, “.pdf.rar”), PDF fitxategi itxura emanez, fitxategi gaiztoak izan baititzakete.

Birus informatikoak gure lineako segurtasunerako mehatxu serioa dira. Jarraitu ziber-segurtasuneko jardunbide egokiei, eta arriskua murriztu ahal izango duzu.

Gogoratu, izan zaitez ziber-segurua, zeure esku dago.

 


Zein da zure erreakzioa?