Zure enpresa jasangarriagoa izan dadin lortzeko aholkuak

Zure enpresa jasangarriagoa izan dadin lortzeko aholkuak

4 min.

Zure enpresa jasangarriagoa izan dadin lortzeko aholkuak

“Jasangarritasuna” da modan dagoen hitzetako bat, Garapen Jasangarrirako Helburu ospetsuetan ere biltzen dena, baina zer esan nahi du zehazki? NBEk eman zion definizioaren arabera, etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzeko aukerak arriskuan jarri gabe egungo beharrak asetzea ahalbidetzen duena da jasangarritasuna. Gaur egun, garapen-bidean dauden 100 herrialdek baino gehiagok ahalegin espezifikoak egin behar dituzte egungo garapenak klima-aldaketaren mehatxua dela-eta etorkizuneko belaunaldietan inpaktu negatiboa izan ez dezala ziurtatzeko.

Hori dela-eta, gaur egun ditugun baliabide naturalak modu efizientean kudeatu ahal izateko, naturaren zaintza eta babesaren eta garapen ekonomiko eta sozialaren arteko oreka behar du nahitaez ingurumen-jasangarritasunak.

Baina lan-esparruari begiratzen badiogu, zer hartzen da zehazki enpresa jasangarritzat? Epe laburrera eta luzera begira balio bat sortzeko ingurumen-alderdiak eta alderdi sozialak kontuan hartzen dituen enpresa da jasangarria. Gainera, oso kontuan hartzen dute egungo eta etorkizuneko belaunaldien aurrerabiderako ekarpena, baita ongizatea sortzeko ekarpena ere. Horregatik, zure enpresa jasangarriagoa izatea lortzeko aholkuak biltzen dituen zerrenda bat egin dugu.

eAholkuak

  1. Kontrolatu energia-kontsumoa: Energia-kontsumoaren murrizketa sustatu behar duzu hainbat ekintzaren bidez. Ekipamenduak erabiltzen ez direnean gailu horiek itzaltzearekin edo klimatizazioaren tenperatura (berokuntza zein aire girotua) doitzearekin hasi zaitezke. Eguzki-plakak instalatzeko aukera ere kontuan hartu dezakezu kontsumo hori murrizteko, eta hori finantzatzen lagunduko dizuten dirulaguntza ugari daude gaur egun, hain zuzen ere.
  2. Hautatu tokiko hornitzaileak: Funtsezko alderdia dugu hau ingurumenarekiko gure konpromisoarekin koherentzia izatea lortzeko. Toki-hornitzaileak kontratatzeak hurbileko ekonomia bultzatzen eta gure karbono-aztarna murrizten lagunduko du. Lan-ingurunera aplikatutako zero kilometroa.
  3. Sustatu ingurumen-hezkuntza eta ingurumen-prestakuntza zure enpresan: Garrantzitsua da enplegatuak prestatzea balio jasangarriak onartu ditzaten eta balio horiek beren portaeran integratu ditzaten. Ekintza oso sinple batzuek markatu dezakete aldea, hala nola zenbait kubo jartzea birziklatzea sustatzeko eta berrerabili daitezkeen ur-botilak ematea.
  4. Sustatu garraiobide jasangarriak: Ibilgailu elektriko edo hibridoetan inbertitu behar duzu ahal duzun neurrian, eta langileen garraio kolektiboa sustatu, baita garraio publikoaren edo bizikletaren erabilera ere. Zenbait enpresak joan-etorriak bizikletaz edo oinez egitea hainbat modutan saritzen dute garraioaren ingurumen-inpaktua murrizteko.
  5. Kudeatu modu efizientean zure baliabideak: Zure enpresa fabrikazioan aritzen bada, betiere funtsezkoa da zure lehengaien kalitatea zaintzea: produkzio-baldintzak, garraio-baldintzak, materialen kudeaketa hondakin bihurtzerakoan…
  6. Zure produktuaren ekodiseinua: Produktu batek bere bizi-zikloan eragiten dituen ingurumen-inpaktuen % 80 diseinu-fasean sortzen dira. Horrenbestez, oso garrantzitsua da zure produktu edo zerbitzuak ingurumen-ikuspuntu batetik sortzea, betiere produkzio-prozesua kontrolatuz eta iturri berriztagarrietatik eratorritako materialak erabiliz.
  7. Neurtu eta murriztu zure ingurumen-aztarna: Berotegi-efektuko gasen kantitatea neurtzen duen ingurumen-adierazlea da karbono-aztarna, jarduera jakin baten ondorioz emititutakoa, eta murriztu nahi badugu, jarraipen bat egin behar da nahitaez. Horretarako, ingurumen-aholkularitzako zerbitzu bat kontratatu dezakezu edo zure kontura egin. LED bonbilak erabiltzea edo ezinbestekoak ez diren kasuetan joan-etorriak murriztea izan liteke adierazle honi eusteko modu bat.
  8. Aurreztu papera eta lehenetsi erreminta digitalak: Gaur egun, ia gauza guztietarako ditugu erreminta digitalak. Sustatu erreminta horien erabilera zure lan-ingurunean, paper-kontsumoa murrizten lagunduko du. Dena den, hori oraindik ere zaila iruditzen bazaizu, ez kezkatu, paper birziklatuaren erabilera ezarri dezakezu.
  9. Lagundu gizarte-ekintzetan: Ekintza jakin batzuetan jasangarritasunarekin kezkatuta dauden beste erakunde batzuekin batera parte hartzea onuragarria izan daiteke bi alderdientzat eta, are garrantzitsuagoa, ingurumenarentzat.
  10. Telelana: Telelanaren ezarpena ekarri zuen pandemiak hainbat eta hainbat enpresatan. Ezartzea posible den kasuetan, eragiten diren garraio-orduak murriztea lortuko dugu.

Izan ere, ez dago B Planetarik, baina oraindik ere hau salbatzeko garaiz gaude, eta LABORAL Kutxan urteak daramatzagu jasangarritasunaren inguruan ardura gero eta handiagoz jokatzen, eta horren adierazgarri dugu duela 20 urtez geroztik daukagun ISO 14001 ingurumen-ziurtagiria hau da, ingurumenaren zaintza eta jardueraren zuzeneko inpaktuaren murrizketa bermatzen duen ziurtagiria. Horregatik, gizartearekin eta ingurumenarekin dugun konpromisoaren zati gisa, jasangarritasuna txertatu dugu gure estrategian eta TCFD (Task Force on Climate-related Financial Disclosures) nazioarteko estandarra betetzeko konpromisoa hartu dugu.

Gogoratu guztien artean asko egin dezakegula eguneroko keinu txikiekin, etxean, bulegoan, unibertsitatean, ikastetxean edo garraioan.


Zein da zure erreakzioa?