Euskal enpresen inguruabar ekonomiko eta finantzarioak aztertuko ditugu, Beñat Herce Lezetarekin
2022-11-02
Euskal enpresen inguruabar ekonomiko eta finantzarioak aztertuko ditugu, Beñat Herce Lezetarekin
Urriko lehenbiziko astelehena Finantza Hezkuntzaren Eguna izaten da, eta, aitzakia horrekin, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean Ekonomia eta Finantza Alorreko arduradun Beñat Herce Lezetarekin aritu gara solasean Laboral Irratia Enpresa podcastean.
LK Enpresa: Zer dela eta sortu da Finantza Hezkuntzaren Eguna eta zergatik da hain garrantzitsua?
Beñat Herce: Finantza-hezkuntzaren alorrean, badugu nolabaiteko gabezia bat; izan ere, ez digute gaitasunik eman txikitatik aukerak ebaluatzeko edo finantza-erabakiak hartzeko. Eta horren ondorioz sortzen diren ereduek eta ohiturek arazoak ekarri ohi dituzte. Hori dela eta, Finantza Hezkuntzaren Egunaren helburua da gai horri buruzko ezagutzak eta trebetasunak hobetzea, bai eta kontzientzia piztea ere, zer falta dugun eta zertarako behar den falta dugun hori.
LK Enpresa: Harremanetan egon ohi zara tokiko enpresekin eta beste zenbait eremu geografikotakoekin. Zer mehatxuri egin behar izaten diete aurre arlo horretan?
Beñat Herce: Arlo ekonomiko-finantzarioari dagokionez, enpresa-sare interesgarria dugu, baina ez dituzte oso negozio-eredu errentagarriegiak. Beraz, kostuen egituran edozein aldaketa agertzen zaienean, estres-gertakariren bat izan ohi dute. Finantza-egoerari dagokionez, nahiko enpresa-sare osasuntsua dugu, zorpetze-maila onargarria duena. Alabaina, nolabaiteko likidezia-dopina izan dute azken urteotan. Horrekin zera esan nahi dut, gure enpresa-sareak sufritu egin duela pandemiarekin, eta erakundeek neurriak hartu dituztela, zeinak gutxituz joan baitira denbora igaro ahala. Egungo panoraman, berriz, beste ezaugarri batzuk ditugu aurrez aurre: gora egin dute inflazioak eta interes-tasek. Aurreikuspenen arabera, ondore hori ez da izango oso positiboa enpresentzat etorkizun hurbilean, eta, beraz, prestakuntza ona beharko dugu aurrez aurre dugun egoerari erantzun irmoa emateko.
LK Enpresa: Inflazioaz edo lehengai batzuk garestitu izanaz aparte, nabarmenduko zenuke beste mehatxuren bat enpresen etorkizunari begira?
Beñat Herce: Jasangarritasuna. Agian ez da mehatxu bat, baina bai kontuan hartu beharreko alderdi oso garrantzitsua. Duela urte batzuetatik hona, Europar Batasuna negozio-eredu jasangarriagoak sustatzen ari da, eta, horren ondorioz, enpresek ildo horretan egin beharko dute aurrera apurka-apurka.
Horretaz gainera, gero eta gehiago hitz egiten da inbertsio eta finantzaketa jasangarriaz, eta, beraz, jasangarritasuna presente dago ekonomiaren eta finantzen esparruan ere. Alde horretatik, finantza-erakundeak lanean ari dira kontsiderazio berde hori behar bezala definitzeko, eta, hala, produktu-zorroa hobeto egokitzeko, ez partikularrentzat bakarrik, baita enpresentzat ere.
LK Enpresa: Ekonomia- eta finantza-arloan aditua zaren heinean, argitalpen ugari egin dituzu, eta hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu duzu analisi ekonomiko-finantzarioa eta enpresa-mundua hizpide hartuta —batez ere euskal enpresak eta enpresa-eredu jakin bat, kooperatiba—. Zer nabarmenduko zenuke proiektu eta argitalpen horiei dagokienez?
Beñat Herce: Mondragon Unibertsitatean egungo gaiak lantzen saiatzen gara, gure inguruko enpresentzat erronka diren auziak jorratzen. Laguntzen eta ekarpena egiten saiatzea da gure eginkizuna, enpresek egokitzeko aukera izan dezaten eta aurrez aurre dituzten aldaketak egiten asma dezaten.
Azken urteotan, epe luzerako finantza-egitura jasangarriak izateaz gainera, eraldaketa digitaleko gaiak ere ikertu ditugu. Aldaketa horiek txertatzerakoan, aitzindaria izan daiteke enpresetako finantza-saila ere, eta onurak ekar diezazkioke enpresari, prozesuak automatizatzearen poderioz. Hartara, denbora gehiago eman ahal izango dute balio erantsi handiagoko eginkizunetan.
Horretaz gainera, gure enpresa-ingurunearen ezaugarria da kooperatiba-eredua hartzen duten enpresen proportzio handia dugula; horregatik, azterlanak eta ikerketak egin ditugu halako enpresak ardatz hartuta. Enpresa horien formaren edo finantza-portaeraren berezitasunek interes handia pizten dute ikertzeko orduan.
LK Enpresa: Gustatuko litzaizuke zure partaidetza izan duen proiektu edo argitalpenen baten inguruan gehiago kontatzea, izan proiektu hori gaur egungoa edo aurrera begirakoa?
Beñat Herce: Kooperatiben gaiari gehixeago heltzea gustatuko litzaidake, auzi hori jorratu baitut berriki aurkeztu dudan doktorego-tesian. Alde horretatik, besteren finantzaketari dagokionez, kooperatiben finantza-portaera ez da oso desberdina gainerako enpresa-tipologien aldean. Baliabide propioei dagokienez, kooperatibek badituzte ondare garbi sendoa izateko hainbat tresna. Baina, hori hala izanik ere, nolabaiteko ahulezia sentitzen dute, ez baitituzte behar adina aukera funts propio horiek indartu ahal izateko. Errefortzu horretarako aukerarik ohikoena soberakin garbiak atxikitzea izaten da, eta, horren ondorioz, bazkideek enpresan bertan berrinbertitzea erabaki behar dute, itzulkin gisa banatu beharrean.
Ondorio garrantzitsu gisa, finantza-dibertsifikaziorako joera hartzera behartzen dituen garaia sumatzen da. Finantzaketa bide tradizionalen bidez konpondu izan da beti. Dena den, horrek nolabaiteko murrizketa ere eragiten die, agente gutxirengan kontzentratuta baitauzkate baliabide asko. Ikusten dugunez, gero eta gehiago ari dira irekitzen beste eragile-mota batzuetara, eskatutako finantzaketa eskuratze aldera, eta, prozesu samurrak ez badira ere, heldu egin behar zaie. Egokitu egin behar da haietara.
Zein da zure erreakzioa?