Euskara LABORAL Kutxan, zure eskubidea, gure konpromisoa
2014-04-02
Euskara LABORAL Kutxan, zure eskubidea, gure konpromisoa
Beste horrenbeste eskubideri gertatzen zaiona pasatzen zaio euskaraz bizitzekoari ere: norbere eskubidea gauzatzeko besteen errespetua, laguntza, ahalegina, borondatea eta zubigintza behar direla. Tartean, finantza-erakundeena eta, jakina, geurea ere bai. Beti daukagu buruan zure eskubideak gure konpromisoa eskatzen duela eta horregatik kontatu nahi dizugu zer egin dugun, zer egiten dugun eta zer egingo dugun konpromiso hori mamitzeko. Inaxio Garro, LABORAL Kutxako euskara zerbitzuen arduradunak kontatuko digu zertan gabiltzan izenean ezezik euskara izanean ere bizirik mantentzeko.
Bezeroekiko konpromisoa: informazioa eta arreta, euskarazGure bezeroek euskaraz arreta jasotzeko eskubidea dutelako gure bulego bakoitzean langile euskaldun bat behintzat izatearen konpromisoa dugu. Telebanka telefono-zerbitzuak ere euskaraz egin dezake arreta. Eta gure banka elektronikoa ere euskaraz eskeintzen dugu, ordenagailuan zein sakelako telefonoetan.
Informazioa euskaraz bidaltzen diogu nahi duen guztiari. Momentuz, 67.540 dira euskara soilik aukeratu duten gure bezeroak. Hona zer dioen Inaxio Garrok:
“Informazioa eta dokumentazioa euskaraz jasotzeko eskubidetik haratago, modu proaktiboan bultzatu dugu eta bultzatuko dugu gurekin idatzizko harreman osoa euskaraz izatea. Bezeroen hizkuntza-beharrak ere asetu behar ditugula garbi daukagu. Bezeroei euskaraz egiteko aukera ematea gure nortasunaren eta izaeraren berezko ondorio zuzena da, eta horrela dago jasota gure Estatutuetan eta erakundearen Plan Estrategikoan. LABORAL Kutxaren irudiko, bezeroak nahi duen hizkuntzan artatua izatea kalitatezko zerbitzuari balio erantsia ematea da, ahozko zein idatzizko harremanetan. Horri erantzun nahi zion joan den abenduan ‘Euskaraz ere, naturaltasunez’ lelopean bezeroen artean abian jarritako kanpainak, euskara naturaltasunez erabiltzea funtsezkoa delako”.
Gizarteari ere, euskaraz: publizitatea eta komunikabideak
Gure bezeroak ez diren herritarrei ere euskaraz informazioa ematea, horixe da gure beste ardura nagusietakoa. Gure produktu eta zerbitzuak euskaraz eskaintzen ditugula jakin dezaten eta gure jardunaren berri nahiago duten hizkuntzan jaso dezaten. Hauxe konpromiso horren zehaztapena:
“Komunikabideei dagokienez, LABORAL Kutxak egiten dituen publizitate mota guztietan (iragarkiak irratietan, prentsan, sare sozialak…) hizkuntza biak erabiltzeko konpromisoa daukagu, ezarrita dauden irizpide batzuen arabera. Kartelei dagokienez, ordea, euskaraz zintzilikatutako kartelak gutxienez erdiak izan behar dira, berdin Tolosan edo Tuteran edo Balmasedan. Halere, herrialdetik herrialdera exijentzia handiagoa da, euskal hiztunen kopuruaren arabera. LABORAL Kutxak euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatuta daukan udalerriei begira, hitzarmenak berak jasotzen dituen konpromisoen arabera jokatzen da”.
Enpresa-jarduna euskalduntzea
Euskara ez da munduari begira erabiltzeko tresna soilik, langile guztien eskubidea ere bada. Enpresa-jarduna euskaraz izan dadin, hona zer egiten dugun:
“Duela hilabete inguru Zuzendaritza batzordeak hiru urterako Euskararen Plan Estrategikoa onartu zuen (2014-2016). Hor markatzen dira hurrengo urteetarako lerro estrategikoak, helburuak eta egin beharrekoak. Horren eraginez, urtero egiten da Gestio Plana, lehenago aipatutako Euskararen Plan Estrategikoak ezartzen dituen helburuetan oinarrituta. Horren kontrola eta koordinazio-lana Euskararen Talde Teknikoak egiten du hilabete eta erdiro, egin beharrekoak aztertu, baloratu eta, horrela irizten bazaio, neurri zuzentzaileak proposatzeko”.
Euskalgintza bidelagun
Zorionez, euskararen aldeko apustuan ez gaude bakarrik. Euskalgintzan lanean diharduten eragileak beti bidelagun hartu ditugu.
“Urteak dira gure 34 sukurtsaletan ‘Bai euskarari ziurtagiria’ eskuratu genuela, bertan zerbitzua euskaraz ematen dela bermatuz. Beraz, akordioak dituen atalak eta konpromisoak mahai gainean jarri eta aldian-aldian dagokion balorazioa egiten da. Bestalde, UEMA, Debagoiena, Buruntzaldea eta Goierriko 34 udalekin gure bulegoetan euskararen presentzia areagotzeko hitzarmena sinatua daukagu, ahozko eta idatzizko harremanetan eta kartelerian eragiteko. Aspaldikoak direnez, urte honetan konpromisoak berrikusteko erabakia hartu dugu, garai eta behar berrietara egokitu ahal izateko”.
Mende erdi lanean
LABORAL Kutxa marka gaztea da baina Ipar Kutxak zein Euskadiko Kutxak hamarkadetan eman zuten zerbitzua. Areago, euskararen guztiz erasokorra zen testuinguruan jaso ziren. Ordutik bide luzea egin da eta mugarri bat baino gehiago jarri da.
“Kanpoko eta barruko bezeroei euskarazko zerbitzua emate aldera, 30 urte dela sortu zen gurean Euskara Zerbitzua. Gizartea aldatuz joan den moduan, euskararen beharrak ere aldatu egin dira, eta aspaldiko erronkek ez dute gaurkoekin zerikusirik. Begien bistakoa da aurrera egin duela alor honetan LABORAL Kutxak, eta euskararen erabileran urrats nabarmenak eman dira naturaltasun osoz, zerbitzu egokiena bilatzea xedetzat hartuz: hizkuntza irizpideen eskuliburua (publizitatea, kanpoko eta barruko komunikazioa, aplikazio informatikoak, hizkuntzen kudeaketa…), euskara ikasteko araudia, Euskararen Plan Estrategikoak, Hizkuntza Batzordea eta Euskararen Talde Teknikoa, laneko hizkuntza eskakizunak, etabar”.
Etorkizunerako iparrorratza: Euskararen Plan Estrategikoa
“LABORAL Kutxan bezeroei harreman komertzial guztiak euskaraz izateko aukera emango zaie eta hautu hori egiten duen bazkide orok aukera izango du lanean eta laneko harremanetan euskaraz egiteko. Horretarako, entitateak jarrera proaktiboa erakutsiko du, langileen gaitasunetan eraginez eta erabilera bultzatuz”. Horixe dio Euskararen Plan Estrategikoaren bisioak datozen urteetara begira dioena eta horixe izango da Inaxio Garroren esanetan erronka nagusia. Horretarako, dio, “bezero euskaldunen konplizitatea beharrezkoa izango da”.
LABORAL Kutxa, izana eta… izena?
Caja Laboral-Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bategin zutenean eta LABORAL Kutxa marka ezagutzera eman zenean izen euskaldunagoa faltan bota zuenik izan zen. Izenaren aukeraketan, ostera, euskara indartuta atera dela dio gure euskara arduradunak:
“Kanpoko pertzepzioa ez dut ezagutzen, baina zinez aitor dezaket entitate berriaren izena adostea prozesu luzea izan zela, eta hainbat alderdi hartu ziren kontuan. Labur-labur adierazita, LABORAL izenari eutsi nahi izan zaio gizartearen zati handi batek horrela identifikatzen gintuelako, sinplea zelako eta bilakaera bati erantzuten ziolako; KUTXA, ordea, jarduneko lan-eremua da, Ipar Kutxaren bat-egitea erakutsi nahi izan da, eta sorrerako bi entitateen jatorri euskaldunari erreferentzia egiten zaio. Izena eta logoa aldatu egin ziren, baina izana lehengo bera da. Joan den urtera arte, Madrilen, Zaragozan, Logroñon, eta Euskal Herritik kanpoko sukurtsal guztietan Caja Laboral baino ez ginen; gaur egun, ordea, Euskal Herritik kanpo ere LABORAL Kutxa gara. Begira zenbat irabazi duen izenaren euskal kutsuak beste batzuen begietara!”
Zalantzarik? Galderarik? Kexurik? Iradokizunik?
Ez zuretzat gorde. Utziguzu iruzkina hementxe edo gure gizarte sareetan. Etorri gure bulegoetara edo, nahiago baduzu, jarri gurekin harremanetan erantzunak@laboralkutxa.com helbidean eta eskatu Arrasatera etorri eta gure egoitza ezagutzeko aukera. Euskararen arloan egiten dugun guztia kontatuko dizugu.
Zintzo. Garden. Zure eskubideak gure konpromisoa eskatzen duelako.
Zein da zure erreakzioa?