Euskarak eman du salto kualitatibo ikaragarria

Euskarak eman du salto kualitatibo ikaragarria

4 min.

Euskarak eman du salto kualitatibo ikaragarria

Hemen ere entzun dezakezu

Martxelo Otamendi Tolosan jaio zen, 1957an, eta 36 urte zituen Euskaldunon Egunkaria zuzentzeko aukerari baietz esan zionean. Adin golfoa zeukala dio eta beti animatu dela erraz abentura berriei baietz esatera. Izan ere, euskara ikasle izatetik segituan pasatu zen irakasle izatera eta Tolosako udal euskaltegian langile izateari utzita joan zen telebistara. Martin Ugalde Kultur Parkean, Berriak dituen bulegoetan egin diogun elkarrizketa luzean zer irudituko litzaiokeen galdetu diogu 36 urteko Martxelo Otamendiri zuzendu duen proiektu txikiak egin duen bide luzea.

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.

MARTXELO OTAMENDI. Hil zenean Joxemi Zumalabe egin zioten omenaldi bat Txindokiko Larraitzen. Eta hor landatu zuten zuhaitz bat. Eta ni joan nintzen ekitaldi horretara. Ni orduan ETBn ari nintzen. Joan nintzen ekitaldi horretara. Eta Joan Marik denborarekin esan zuen, ikusi ninduenean esan zien ondokoei, behar zuten zuzendaria, eta Iñaki Uria pasako zen zuzendari izatetik kontseilari ordezkari izatera eta Joan Marik esan ziela “hori da gure mutila”.

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). Ordutik hiru hamarkada joan dira eta tarte guzti horretan mutil hura euskarazko egunkari bakarraren zuzendaria izan da. 1993ko ekainaren 6an hartu zuen Euskaldunon Egunkariaren gidaritza, bera zen zuzendaria epailearen aginduz itxi zutenean eta berak jarraitu du zuzendari 2003az geroztik, Berria egunkarian. Berez, euskara irakasle izatetik zetorren, baina bazeukan eskarmentua kazetaritzan. Egin egunkariaren euskarazko gehigarrian errezetak idazten ibili zen sasoi batean eta Euskal Telebistan aurkezle, gidoilari eta programa zuzendari Babel, Ikimilikiliklip edo Flamingo berria saioetan, besteak beste. Egonean giro izeneko eguerditako magazina aurkezten zegoen Joan Mari Torrealdai eta Egunkariako taldea ate deika etorri zitzaizkionean. Aste bete eskatu zien erabakiari buelta batzuk emateko baina duela ia 30 urte Euskaldunon Egunkariaren zuzendaritzari baietz esateko aski izan zituen Martxelo Otamendik egun bi.

MARTXELO. Hori esan nien denbora pixka bat behar nuela pentsatzeko. Aste bete barru erantzungo niela. Bigarren egunean deitu nuen. Baietz. Baina itxaroteko. Eta itxaron egin zidaten. Orduan Egunkaria jaio zen 3 urte lehenago, ez zeukan ere espektatiba bat izateko eta gaur iritsi da izatera, beste proiektu asko bezala herri honetan pentsatu genuena baino askoz gehiago…

IRATI (LK). Multimediagoa…

MARTXELO. Bai, askoz gehiago izatera. Bai, eta gero jende kopurua. Ni sartu nintzenean egiten genituen hogeita hamabi orrialde eta orain jada ekonomia arrazoiengatik eta medioen krisagatik kontenituago gabiltza baina nik ezagutu nuen garaia, boikotaren garaia Jaurlaritzaren partetik, eta handik urte betera egin zen akordioa Joseba Arregirekin, eta hasi ginen umeentzako gehigarriak, gazteentzako gehiagarriak, jende gehiago, jende gehiago, plantilla dexente handitu genuen. Nik ez ditut ezagutu penuriazko hiru urte horiek, ni sartu nintzenean ere egoera ez zen ona eta gogoratzen naiz orduan paga extra batzuk atzeratu egiten ziren baina, bai, gero egin duen ibilbidea eta hartu duen izena eta landu duen kalitatea eta sortu duen taldea, kazetariena. Baina baita ere gainontzeko zerbitzu guztietako taldea ona da eta beti daude gauzak hobetzeko baina uste dut sortu zenean zeuden espektatibak gainditu egin dituela. Sortzaileek esaten zidaten, Joan Marik esaten zidan, sortu zen urtebeterako eta a ber zenbat gehiago atera zitekeen. Gaur egun enpresa sendo bat da, dituena 160 langile, fakturatzen ditu urtean hamar-hamaika milioi euro…

IRATI (LK). Enpresa asko daude txikiagoak…

MARTXELO. Bai, da euskalgintzan dagoen enpresarik, Elkarrekin…

IRATI (LK). Elkarrekin batera jende kopururik handiena, ez?

MARTXELO. Jende kopuru aldetik Elkarrekin batera, Elhuyar, horiek dira handiak. Eta ez zen jaio horrela, jaio zen…

IRATI (LK). Gainera, bizkarrezurtu egiten du…

MARTXELO. Bai, bai. Gaur egun erreferentea da prensan, eta euskalgintzan ere bai eta bai, bai, uste dut. Harritu egingo litzateke orduko Martxelo orain gauden egoeran egonda, iritsi garen lekura iritsita.

 

IRATI (LK). Gaur egungo Berriak ez du orduko Euskaldunon Egunkariarekin antz handirik. Orduan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak lortzeko ekinean zebilen proiektu hasberria zen, orain euskalgintzari lotutako hedabiderik handiena da, Sareko proiektu zabala, tokiko gehigarriak, Berria telebista eta beste hainbat adar dituen komunikazio-proiektu multimedia zabala. Proiektu horretan Martxelo Otamendik egin duen ekarpenik handiena mundua kontatzeko anbizioa izan dela uste du. Hizkuntz-komunitate baten egunkaria egitea, bai, baina mundua kontatzen duena, ez bakarrik komunitate horretan gertatzen dena.

MARTXELO. Gaur egun digitalizazioarekin ez duzu izan behar oso enpresa aberatsa eta diruduna egiteko halako gauzak. Digitalizazioak jarri gaitu pobreak eta aberatsak gertuago eta gero eta gehiago, ez bakarra, baina gero eta gehiago dago zure arrakasta zure kapazidadean. Diruak laguntzen du, diruak beti laguntzen du, baina gero eta gehiago dago zure kapazidadean. Eta zuk aspiratu behar duzu egitera gauzak. Imanol Murua joan zenean Atlantara esan nion, orduan Carl Lewisen sasoia zen, eta esan nion “ikusi nahi zaitut Carl Lewisen prentsaurreko batean, ezkerretara Washington Post-eko kazetaria eta eskubitara, New York Times-eko kazetaria.

IRATI (LK). Arrakasta handiena hori bada ezinbestean jakin beharko dugu kontrakoa: 30 urte hauetan zer da lortu ez duena?

MARTXELO. Nire porrotik handiena periodikuan da, gure periodikua ez dela irakurtzen tailerretan.

IRATI (LK). Unibertsitate lizentziadunak izango dira gehienak, ez?

MARTXELO. Hori da. Garai bateko eskema zaharrean, ez? Tailerra eta bulegoak, gurea irakurtzen da, irakurtzekotan, irakurtzen da bulegoetan. Profesionala den jendeak irakurtzen du gurea. Eta ez dugula lortu irakurtzea modu nabarmen batez, ze beti egongo da jendea, tailerretan. Nahiz eta tailer horiek egon oso zonalde euskaldun batean, eta jende horrek euskaraz egin ikasketak, eta euskaldunak izan eta hori.

IRATI (LK). Tailerretan irakurtzea ez du lortu Otamendik baina bai Berria proiektua sendotzea. Euskaldun Egunkariaren zuzendaritzara iritsi zenean, proiektua Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jasotzeko ekinean zegoen. Berriak hitzarmena sinatu zuen 2019an  Jaurlaritzarekin, komunikazio jarduera indartzeko eta proiektuaren egonkortasun ekonomikoa bermatzeko. Horrek ez du esan nahi, jakina, etorkizuna irabazita dagoenik.

MARTXELO. Medioa dago ziurgabetasunean. Eta dauden medio alternatiboak sarean… Hori da ETBrekin gertatu dena. Lehen, garai batean, bazegoen Televisión Española 1, Televisión Española 2, eta Donostian, Nafarroan aldean, frantsesak. Gero etorri ziren Hegoaldean Espainiako pribatuak. Gero etorri da dena, mundu osoa. Ba, gure kasuan berdin. Lehen egoten ziren hiru lau egunkari eta orain dago mundu osoa. Eta daude beste entretenimendu batzuk gure garaian ez zeudenak. Gure garaian edo liburu bat irakurtzen zenuen edo periodikua irakurtzen zenuen edo joaten zinen zure herriko futbol zelaira partidua ikustera. Baina ez zegoen besterik egiteko, ez?

IRATI (LK). Erabateko ziurtasunik ez dagoela ezin hobeto ikasi zuen 2003ko otsailean, Juan Del Olmo epaileak Egunkaria ixteko eta 10 lagun atxilotzeko erabakia hartu zuenean. 7 urte geroago, erabakia legez kontrakoa izan zela ebatzi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Handik bi urtera, Estrasburgok zigorra jarri zion Espainiari Otamendiren tortura salaketak ez ikertzeagatik. Berriak, itxieraren ostean sortu zen proiektuak, 20 urte egingo ditu 2023an eta orduan utziko du Otamendik zuzendaritza, 65 urterekin. Batera ospatuko dira orduan Berriaren 20 urteak, Otamendiren 30ak zuzendari bezala, zuzendari berriaren kargu-hartzea eta Europako hizkuntza gutxietuetan argitaratzen diren komunikabideen urteroko batzarra.

Ez dakit zuk imajinatzen dituzun beste urte asko Berrian, ze kostatzen da apur bat imajinatzea Berria Martxelo Otamendi gabe, hori aitortuko dizut.

MARTXELO Ni jubilatuko naiz datorren urteko ekainean.

IRATI (LK). Bai. Beraz, imajinatu beharko dugu Martxelo Otamendi berria gabe eta Berria Martxelo Otamendi gabe. Eta zuk ere bai Martxelo Otamendi Berria gabe.

MARTXELO. Bai. Nik zor diet…

IRATI (LK). Azken ikasturtea orduan.

MARTXELO. Bai. Ni, berez, adinez, jubilatu beharko nuke abenduan.

IRATI (LK). A, bai? Ez nekien.

MARTXELO. Nola, datorren urteko ekainean Berriak beteko dituen 20 urte eta nik beteko ditut 30 urte zuzendari. Ordezkoaren zeremonia egin behar da. Eta gero gainera MIDASeko batzarra izango den, orduan egingo dugu kointziditu arazi urteurrena, zuzendari aldaketa, MIDASen nazioarteko batzarra.

IRATI (LK). Urte polita tokatzen da orduan.

MARTXELO. Bai, ekainaren 16-18ko asteburu horretan Donostian antolatuko dugu festa handi bat. Bestela tokatzen zitzaidan abenduan. Eta nik garbi esan nien hauei “niri tokatzen zaidanean legalki banoa”. Banoa esan nahi dut utzi behar zaielako atzekoei. Hemen urte askotan funtzionatu du “el síndrome de Arkonada”…

IRATI (LK). “No pasa nada, tenemos a Arkonada” esaten zen, ez?

MARTXELO. Ez horregatik. Nik esaten dudana da ez zen sekula lezionatzen, ez zioten sekula tarjeta gorririk ateratzen, orduan beti zen titularra, orduan beti ordezkoak pasatzen zituen hiru-lau urte jokatu gabe eta esaten zuen “me voy al Mirandés porque ya vale”.

IRATI (LK). Ez jokatzeko…

MARTXELO …banoa. Eta hemen gertatu dena da, beti brometan esaten dudana, hemen zuzendari ordeak aldatzen dira baina zuzendaria… eta orduan, bukatu da. Bukatu da eta gainera bakean utziko ditut.

IRATI (LK). Bakean utziko dituela dio ez duelako izan nahi kargua utzi eta enbarazu egiten jarraitzen duten zuzendari horietako bat. Iritsi zaio taldeari, LABORAL Kutxan gure lanaren oinarritzat jotzen dugun giza-komunitateari, ondorengoa aukeratzeko unea.

MARTXELO. Nik egin nahi dut, egin nahiko nuke, Felipe Gonzalezek esan eta egin ez duena. “El jarrón chino. El famoso jarrón que se coloca en una esquina y, si no le preguntas, no habla”.

IRATI (LK). Ba, ez du egin.

MARTXELO. Horregatik esaten dut. Berak ez du egin. Baina nik egin nahi dut. Galdetzen badidate, “aizue, Irati Jimenezek ez digu elkarrizketa bat eman nahi”, ba nik deituko dizut, baina bestela ez. Jendea bakean utzi behar da. Niri eskatzen badidate, “aizue, Martxelo, egin ezazu elkarrizketa bat, hurrengo sei hilabeteetan periodikuaren ez dakit zeren inguruan”, bai. Baina ni etorri hona esatera zer egin behar den egon naizenean 30 urte eta egin ez ditudan gauzak, 30 urte egiteko aukera izan dudanean, egin ez, eta ez nagoenean etorriko naiz esatera egin behar duzuela?

IRATI (LK). Bai, itsusia litzateke norbaitek esatea momentu batean, “eta zergatik ez zenuen zeuk egin?”

MARTXELO. Horixe, horixe.

IRATI (LK). Berriaren eta euskarazko komunikabideen etorkizunaz galdegiten diogunean, ziurtasun erabatekorik gabe hitz egiten du, ez baita erraza ekosistema digitalean bizirik irautea, baina konfiantzaz, herri honek euskararen arloan asko egin duelako aurrera, egoera askoz okerragoetan.

MARTXELO. Gaur egun gazte batentzat eramatea periodiku bat besapean, rara avis. Muxu bat emango diot. Baina garai baten periodikua eramatea besapean bazen “ni banaiz, ni periodiku honetakoa naiz”, hori asko gertatu zen Egin-ekin, Deia-ekin. Gertatzen zen El País-ekin jaio zenean, Madrilen. Zeuden Ya, ABC, Alcázar. Frankistak. El Paísekin joatea bazen progre izatea, bazen pegatina bat ere. Avui Catalunyan…. Hori dena historiarako kontuak dira. Uste dut herri honetan… nik konfiantza handia daukat. Garai okerragotan atera da, frankismo gorrian euskal kantagintza, teatroa atera zen. Eta gaur egun daukagu inoiz euki dugun belaunaldi prestatuena, inoiz euki dugun prestatuena daukagu. Gaur egun guk eta Euskal Telebistak antolatu dezakegu mahai bat genetistekin, psikologoekin… Nik daukat onkologa bat azalpen guztiak euskaraz ematen dizkidana. Emakume bat, leitzarra, nafarra. Ematen duena Euskadi Irratiko esatari zientifiko bat gauzak azaltzen. Eta hori bezala daude asko. Euskarak eman du salto kualitatibo ikaragarria.

IRATI (LK). Onkologoa dio duela urte batzuk, 2016ko maiatzean medikuek eztarriko minbizia zuela esan ziotelako. Zorionez, Osakidetzan jasotako arretari esker gainditu egin zuen, eta ez zuen galdu ez osasuna ez hitz egiteko jarioa.

 

Zorionez, Anjel Alkain aktoreak bikain imitatzen duen Otamendik ez du galdu umorea ere, naturaltasun handiz konparatzeko, adibidez, bere minbiziarekin gertatu zitzaiona eta gaurko euskalgintzaren egoera, bigarrenaren kalterako.

MARTXELO. Daramazkigu urte asko diagnostikogintzan. Diagnostikoak egin eta egin. Niri minbizia topatu zidaten, egin zidaten biopsia bat, diagnostiko bat. Esan zidaten, “hau daukazu eta zure tratamendua da hiru kimio, 30 radio eta daukazu probabilitate handi-handi bat ondo ateratzeko”. Ni sendatuta nago, sendatu ninduten 4 hilabetetan, baina ez zuten pasa diagnostikatzen 10 urte nire minbizia.

IRATI (LK). Erabakiak hartzeak adorea eskatzen du baina adorez hartutako erabakiak eskatzen ditu hizkuntzaren egoerak. Maila zientifiko eta tekniko handia lortu baitu euskarak, hezkuntzarako hizkuntza bihurtu da, bere batasuna dauka, baditu komunikabide propioak, eta alor guztietako adituak. Baina hiztunen kopuruak bultzada bat behar du.

MARTXELO. Kualitatiboki euskarak eman du azken 50 urte hauetan salto bat sekulan euki ez duena. Dauka posizio seguru bat. Kuantitatiboki goaz mantso. Hor goaz oso mantso. Hizkuntzaren errekuperazioan, hiztunen kopuruan goaz mantso. Eta hiztun sendoen zerean mantsoago oraindik.

IRATI (LK). Zorionez, eta sarritan larrialdi egoeran bizitzearen sentsazioa daukagun arren, talde lanak, hori ondo dakigu LABORAL Kutxan, bere emaitzak ematen ditu eta eman ditu euskararen arloan ere. Gauza asko dira ondo egin direnak eta estaturik gabeko hizkuntzen artean gutxi dira mundu osoan euskararen zerbitzu maila lortu dutenak.

MARTXELO. Gu alde horretatik egoera kualitatiboa daukagu luxuzkoa. Daukagulako… Aurreneko kluba dira munduko 6-7 hizkuntza super handik, arabiera, espainiera… gero daude… eta estatu hizkuntza direnak. Gero daude bigarren multzo bat, estatu hizkuntzak dira baina ez dira handiak, danesa, eslovakiera, esloveniera, hizkuntza txikiak dira baina estatu hizkuntzak dira. Horregatik euki litekeen guztia daukate beren hizkuntzan. Daude “las super grandes”, arabiera, ingelesa, txinera… gero daude estatu hizkuntzak baina estatu handietakoak ez direnak, eta daukate dena. Eslovakia, Eslovenia. Txekia, Danimarka…

IRATI (LK). Bertigorik gabe bizi daitezke.

MARTXELO. Bizi dira inongo angustiarik gabe. Guk daukagun angustia hori. Gero gaude estatu hizkuntzak ez garenak baina nahiko egoera onean gaudenak eta hor oso gutxi daude. Klub hori oso txikia da. Katalana, gu, gallegoa… askoz gehiago ez daude. Eta hor baditugu gu baino askoz handiagoak diren baina hurrengo taldean dauden hizkuntzak. Zerbitzu gehiago dauzkagu gure hizkuntzatan… Munduan estaturik gabeko hizkuntzen artean gu gara bigarrenak. Katalanak lehena, zerbitzuak eskaintzeko orduan. Zerbitzu pluraltasuna. Eta gu bigarrenak. Mundu osoan ez dago beste hizkuntzarik, estatu hizkuntzarik izan gabe, katalana kenduta, daukana guk daukaguna.

IRATI (LK). Eta inportantea da, dio Otamendik, talde horretan mantentzea, itzultzaile neuronalei esker hizkuntzen teknologiaren baitan hasi den iraultzan atzean geratu nahi ez badugu.

MARTXELO. Gu gaude hirugarren taldean. Eta ezin gara pasa, errespetu guztiarekin esanda, aimara, kechua, hualof, mandinga, biula.. gu baino hiztun gehiago dauzkatenak baina zerbitzuak ez dauzkatenak. Hora baldin bagoaz, “está jodido”. Guk segitu behar dugu izaten hirugarren taldekoak. Katalana, gu, eta askoz gehiago ez. Baina bigarrengoen zerbitzuekin. Eta orduan ez dakit ze hizkuntzek izango duten hizkuntz teknologien super desarrollo teknologiko horien zeintzuk egongo diren, hortxe egon behar dugu.

IRATI (LK). Multzo horretan egonda lortu zuen euskarak 2010an Google multinazionalaren itzultzaile automatikoaren zerrendan sartzea. Eta hor ezin da atzera egin.

MARTXELO. Hor baldin bagaude, parte teknologikoan, teknologian baldin bagaude, eta gero klub horretan baldin bagaude eta gero baldin badaukagu jendea hemen, belaunaldi batzuk tiratuko dutenak, ideiak garbi izango dituztenak eta “nik onkologia euskaraz esplikatuko diot honi” ondo goaz.

IRATI (LK). Ondo goaz. Akaso gutxiegi entzuten ditugun hitzak dira, egiteko asko dagoelako, arazoak falta ez direlako, baina egin beharrekoari ekiteko ez da komeni esperantza eta adorea galtzea. Tarteka, ondo dago, Martin Ugalde Kultur Parketik ateratzerakoan oraindik buruan dabiltzagun hitz horiek gogoratzea. Ondo goaz. Asko den ez dakigu, nahikoa den ere ez, baina bada zerbait eta ezin esan zerbait hori gutxi denik.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Elkarrizketak