Euskarri teknikoaren iruzurra: zer egin eta nola saihestu

Euskarri teknikoaren iruzurra: zer egin eta nola saihestu

3 min.

Euskarri teknikoaren iruzurra: zer egin eta nola saihestu

Azken bost urteetan maula mota berri bat zabaltzen ari da, gero eta ohikoagoa eta eraginkorragoa: euskarri tekniko faltsuaren maula. Informatikaria dela dioen norbaiten deia edo mezua da (normalean Microsoft etxeko teknikaria, Windows baita sistema zabalduena), gure ordenagailuak birus arriskutsu bat duela, hacker bat ordenagailua kontrolatzen ari dela eta kanporatu egin behar dutela edo beste edozein larrialdiren inguruan ohartaraziz. Birusa desagerrarazteko aplikazio bat instalatu dezagula adieraziko digu horretarako, eta egiaz gu konturatu gabe datuak lapurtu ahalko dizkigun software gaizto bat (malware) da aplikazio hori.

 

Delitu-praktika hau puntu bateraino iritsi da ezen Microsoft etxeak berak komunikatu bat eman behar izan duen iruzur honen biktima izan gaitezkeela uste badugu nola jokatu behar dugun azaltzeko. Konpainiaren txosten baten arabera, honako ondorio hauetara iritsi ziren:

 

  • 5 erabiltzailetik 3k euskarri teknikoaren maula-saio bat izan dute 2021ean.
  • 6 erabiltzailetatik 1 engainatua izan zen maulak jarraitu zezan, eta biktimek maula-egileen erruz ehunka dolar galtzea eragin zuen horrek.
  • Millennialak (24-37 urte) eta Z belaunaldia (18-23 urte) dira euskarri teknikoaren maulen biktima izateko arrisku handiena duten taldeak.
  • Maula baten biktima izan ziren 10 millennialetik 1 eta Z belaunaldiko 10 kidetik 1 tranpan erori ziren eta dirua galdu zuten.
  • Biktimen artean, honako hauek izan ziren arazo ohikoenak:
    • Arazoak ordenagailuekin: % 30.
    • Pasahitz konprometituak: % 23.
    • Banku-txartelen iruzurrezko erabilera: % 18.

 

Zertan datza euskarri teknikoaren maula?

 

Telefono finkoan edo mugikorrean dei bat jasotzen dugunean hasten da prozesua, maula-egileak gure zenbakia telefono-giden, sare sozialen edota Internet bidez lortu ondoren. Konpainia teknologiko ezagun bateko teknikariaren plantak egiten ditu normalean maula-egileak. Ordenagailuan arazo bat dugula konbentzitzeko termino tekniko ugari erabiltzen ditu eta ordenagailua eskaneatzeko baimena eskatzen digu gure ustezko arazoaren jatorria bilatzeko edo artxiboren bat zabaltzeko. Horren ondoren, gailurako sarbidea izatea eskatzen digu birusa detektatzeko, eta, hori horrela, urruneko kontroleko programa bat instalatuko dugu. Beharrezkotzat jotzen badu, gure ekipoan laster-leiho faltsuak eta pop-up mezu gogaikarriak azalarazi ditzake zerbait gaizki doala pentsatu dezagun. Horrela, parez pare zabalduko dizkiogu gure ordenagailuaren ateak eta erabilgarri dagoen informazio guztia lapurtu ahalko digu.

 

Batzuetan gertatu liteke teknikari faltsuak gure kreditu-txartela eskatzea bere zerbitzuak fakturatzeko edo ezertarako balio ez duten konponketa-programetarako. Horretarako, webgune bat adierazi ohi digu bertan gure banku-datuak eta informazio pertsonala sartzeko, berak erraz lapurtu dezan edo zuzenean bere kontuan adostutakoa baino tarifa handiagoa kargatu dezan.

 

Nola babestu?

 

Ustezko zerbitzu tekniko baten ezusteko deia jasotzen badugu gu aldez aurretik enpresa horrekin harremanetan jarri gabe, berehala susmatu behar dugu zerbait. Gerta liteke guri deitzeko erabiltzen duen zenbakiak egiazko itxura edukitzea, maula-egileek beren deiak itxuraz legitimoak direla eta konpainia fidagarriei dagozkiela erakusten saiatzen baitira. Laster-leiho batek zerbitzu teknikoari deitu behar diogula adierazten badigu, ez diogu jaramonik egin behar eta antibirusa erabiliko dugu. Ordenagailua benetan kutsatuta badago, horrela konpondu ahalko dugu. Inoiz ere ez dugu klik egin behar bidaltzen diguten estekan, ezta adierazitako telefonora deitu ere. Garrantzitsuena: ez partekatu gure pasahitza ezagutzen ez dugun inorekin, ezta banku-datuak ere.

 

Zer egin maula egin badigute?

 

Ohartarazpen eta susmo guztiak gorabehera azkenean amua irentsi eta gure pasahitza maula-egile batekin partekatu badugu, bizkor aldatu behar dugu erabiltzen dugun kontu guztietan. Kontu eta zerbitzu bakoitzerako gako bakarrak erabiltzea komeni da, eta pasahitzak administratzeko programa bat erabili dezakegu horretarako.

 

Programa gaizto bat instalatu badugu, lehenbailehen ezabatu behar dugu. Ordenagailua osorik eskaneatu behar dugu, eta, horrekin batera, antibirusa pasatu eta normalean erabiltzen dugun segurtasun softwarea eguneratu. Mehatxu edo arazo posibletzat identifikatzen duen edozein programa desinstalatu eta ezabatu behar dugu.

 

Maula-egileak zerbitzu faltsu bat edo iruzurrezko programa bat erosteko konbentzitu bagaitu, karguak itzultzea eskatu behar diogu gure bankuari, eta kontuaren laburpena berrikusi dezala onartu ez ditugun karguak egin direla kontrolatzeko. Kreditu-txartelaren laburpenak hilean behin aztertzea komeni da, apurka-apurka kobratzen ez dizkigula ziurtatzeko.


Zein da zure erreakzioa?