Ezagutu... burtsa: Inbertitzeko lehen urratsak

Ezagutu... burtsa: Inbertitzeko lehen urratsak

4 min.

Ezagutu... burtsa: Inbertitzeko lehen urratsak

"Burtsa" komunikabide guztien ekonomiako orrialdeetan behin eta berriro azaltzen da. Gutxi gorabehera, mundu guztiak daki burtsan erosi eta saldu egiten dela, eta dirua irabazi eta galdu egiten duen jendea dagoela. Baina, zer da burtsa?

Burtsa erakunde pribatu bat da, enpresak ordezkatzen dituzten baloreak erosteko eta saltzeko merkatua. Adibidez, eman dezagun Hopitelco izeneko enpresa bat 1.000.000 eurotan balioetsita dagoela. Enpresa horren jabeek kapital likidoa behar dute Asiako bulego berrietan inbertitzeko eta langile gehiago kontratatzeko. Hortaz, enpresaren balioa akzioak izeneko zati txikiagoetan banatzen dute eta enpresaren % 49 eskaintzen dute (430.000 €-tan balioetsia), gainerako % 51 jabeen esku utzita, gehiengoa ez galtzeko. Demagun, erosi nahi dituztenentzat 860 akzio jarri dituztela salgai, akzio bakoitza 500 €-tan (860 x 500 = 430.000).

Erosi nahi edo ordaindu ahal ditugun akzioak erosiz Hopitelco-ko akzionistak izateko aukera dugu. Enpresa ondo badoa, 500 € ordaindu dugun akzio bakoitzeko, saltzean diru gehiago ordainduko digute; eta txarto badoa, gutxiago.

Demagun, 10 akzio erosi ditugula (10 x 500 = 5.000 €), eta enpresak kontratu onak lortu dituela AEBetan. Enpresaren balioak gora egingo du, etorkizunerako aurreikuspen onak baititu, eta inbertitu ditugun 5.000 €-ek 10.000 € balioko dute. Horiek sal ditzakegu, inbertitutako 5.000 €-ak berreskuratzeko eta 5.000 € gehiago irabazteko, edo itxaron  egin dezakegu akzioen balioak gora egiten duen ikusteko.

Gogoratu behar dugu, behin enpresa baten akzioak ditugunean, horren parte garela. Hori dela eta, mozkinak (enpresa-hizkuntzan dibidenduak) banatzen badira, ditugun akzioen araberako zati proportzionala ere egokituko zaigu.

Burtsan akzioak erosi eta saldu egiten dira, hau da, baloreen merkatu bat da.

Garrantzitsua da azpimarratzea enpresa batek burtsan kotizatzeko aurretik baldintza batzuk bete behar dituela balizko erosleei eta inbertitzaileei segurtasuna eskaintzeko. Baldintza horien helburua ekonomia- eta finantza-fidagarritasuna eta kudeaketari buruzko informazioan gardentasuna bermatzea da.

Burtsa, lehen urratsak

Dagoeneko argi dugu gure aurrezkien zati bat burtsan inbertitu nahi dugula, horiek handitzeko. Nola hasi gaitezke?

Baloreak erosteko edo saltzeko beharrezkoa da bitartekari baten zerbitzuak erabiltzea. Oinarrizko bitartekari bat izan daiteke, esaterako, finantza erakunde bat, edo burtsako agente bat, hau da, broker bat.

  • Finantza entitateen kasuan, horien sukurtsaletan edo banka elektronikoaren bidez egin ditzakegu eragiketak. Horrek denbora errealean hainbat erosketa eta salmenta egiteko aukera ematen digu.
  • Brokerra aitortza ofiziala duen agentea da. Horri esaten diogu zer erosi eta saldu nahi dugun, eta bera arduratzen da eragiketak egiteaz, dagokion komisioaren truke.

Nola aukeratu bitartekaria

Brokers en la bolsaBitartekariak (merkatuko kideak) erabiltzea da Burtsara sartzeko erarik zuzenena, hala nola balore- eta burtsa-sozietateak, balore- eta burtsa-agentziak, eta finantza-erakundeak (bankuak eta aurrezki-kutxak). Horiek baloreak administratzeko, zorroak kudeatzeko eta merkatuko kideei zuzendutako aginduak tramitatzeko ahalmena dute.

Bitartekari bat aukeratu baino lehen, argi izan behar dugu zer inbertitzaile-profil aukeratu nahi dugun, gure helburuak eta hartu ditzakegun arriskuak aintzat hartuta. Epe-luzera jarduten duen pertsona bat nahi dugu ala egun bateko gutxieneko epean mugitzen den daytrader bat (egun barruko operadore bat)? Espainiako merkatuan inbertitu nahi dugu ala merkatu internazionaletan?

  • Orokorrean, egun barruko inbertitzaileek, egunez egun mugitzen direnek, bitartekaritza-komisio oso txikiak bilatuko dituzte eta zaintza-komisioei ez diete garrantzia handirik emango, egun amaiera baino lehen baloretik irtengo direnez, zaintza-komisioak txikiak izango direlako.
  • Epe laburreko inbertitzaileak bitartekaritza kostuen eta zaintzakoen arteko oreka bilatuko du, aukerarik ekonomikoena aurkitzeko.
  • Epe luzera jarduten duenak zaintza-komisio txikia bilatuko du eta bitartekaritza-komisioari garrantzi txikiagoa emango dio.
Bitartekari bakoitzak eskaintzen diguna ikusi behar dugu eta gure nahien arabera zein den egokiena erabaki.

Inbertitzen hastea

Burtsan inbertitzeko lehen urratsa bitartekari batekin harremanetan jartzea da eta balore-kontu bat irekitzea, kontu-korronte bati lotua. Gure kontua sortutakoan, gure balore-zorroa administratuko dugu, hainbat eragiketaren bidez: salerosketa,  dibidenduak kobratzea, batzarretara joatea, etab. Merkatuko eragiketen eskudirutako mugimenduak (ordainketak, kobrantzak, etab.) kontu horri lotuta egongo dira.

Kobratuko dizkiguten komisioen berri izandakoan (ustekabeak saihesteko) eta inbertitzeko erabili behar dugun dirua kontuan sartutakoan, nahi ditugun erosketa-aginduak eman ditzakegu. Agindu horiek argiak izan behar dira, inbertitzailea, balore mota, aginduaren helburua (hau da, erostea edo saltzea), aginduaren indarraldia eta prezioa argi eta garbi identifikatzeko. Adibidez, Hopitelcoren 50 akzio erosi nahi ditut euro 1 balio dutenean.

Dagoeneko Burtsan inbertitzen ari gara. Orain, irabazi ala galdu egingo dugu, garestiago edo merkeago saltzearen edo erostearen arabera: 2 akzio bakoitza euro batean erosten badugu eta ondoren guztira 5 €-tan saltzen badugu, 3 euro irabaziko ditugu; baina 0,50 euro balio dutenean saltzea erabakiz gero, euro bat baino ez dugu kobratuko eta beste bat galduko dugu.

Dirua irabazteko beste era bat dibidenduak dira: enpresa baten zati baten jabe (enpresaren akziodunak) garen aldetik , horrek sor ditzakeen mozkinen zati bat jaso dezakegu, hau da, dibidenduak. Hopitelco enpresaren 100 akzio erosi baditugu eta emaitza onak izan dituelako akzioko 1 €-ko dibidenduak banatzen badituzte, 100 euro emango dizkigute.

Burtsan jokatzeagatiko prezioak eta kostuak

Nahiz eta estandarizaturik ez dauden eta komisioak finkatzeko askatasuna dagoen, badira gastu finko batzuk, hasieran aintzat hartu behar ditugunak. Hauek dira:
  • Burtsaren kanona. Eragiketak egiteagatik Burtsak kobratzen duen kantitatea da. Gogoratu dezagun enpresa pribatua dela eta eragiketa horietatik bizi dela. Negoziatzen den eskudiru-zenbatekoaren arabera finkatzen da. Adibidez, eragiketa 30 €-koa baino txikiagoa bada ez da kanonik ordaintzen; 300 €-koa baino txikiagokoa bada, komisioa 1,10 €-koa izango da. Kopuru handiagoetarako eskala bat ere badago, eta gehienezko komisioa 13,45 €-koa da. Esaterako, Madrileko Burtsan prezio-baremo bat dugu.
  • Artekaritza-saria. Akzioak erostea edo saltzea kudeatzeagatik bitartekariak kobratzen digun komisioa da hori. Orokorrean, mugituriko eskudiruaren gaineko portzentaje bat izan ohi da.
  • Zaintza-komisioa. Akzioak "gordetzeagatik" bitartekariak beste portzentaje bat kobratzen digu.
  • Dibidenduagatiko komisioa. Enpresa bateko akzioak badituzu eta horrek mozkinak izan baditu, mozkinak enpresako akzionisten artean bana ditzake. Bitartekariak, hain zuzen, dibidendu horien portzentaje bat kobratuko du.
Burtsaren munduan  sakondu ahala, aldagai gehiago aurkituko ditugu. Baina, oinarrizkoak aipaturikoak dira. Ez ahaztu bitartekari bat kontratatu aurretik komisio horiek "negoziatu" egin behar direla.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Finantza kudeaketa Finantza azterketa