
Ezagutu... Errenta Aitorpena: zerga-arloko berritasunak
2011-04-18
Ezagutu... Errenta Aitorpena: zerga-arloko berritasunak
Duela gutxi, Errenta Aitorpena ulertzeko oinarrizko kontzeptu batzuk azaldu genizkizun. Seguru asko, behin kontzeptuak argituta, zure emaitzetan eragina izan dezaketen zerga-berritasun nagusiak zein diren jakin nahi izango duzu.
Aurreztearen errenten zergak handitzea
Aurreztearen likidazio-oinarriari aplikatzen zaion zerga handitu egin da. Handitze horrek 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera izango du ondorio (hau da, 2010eko ekitaldi osoan aplikatuko da, orain egin behar dugun aitorpenean, beraz). Honela handitu da:- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, % 18tik % 20ra igaro da.
- Nafarroan:
- Aurreztearen likidazio-oinarriaren lehen 6.000 €-engatik, % 18ko zerga ordaindu beharko da.
- 6.000 € horietatik aurrerakoagatik, % 21ekoa ordaindu beharko da.
- Gainerako erkidegoetan:
- Aurreztearen likidazio-oinarriaren lehen 6.000 €-engatik, % 19ko zerga ordaindu beharko da.
- 6.000 € horietatik aurrerakoagatik, % 21ekoa ordaindu beharko da.
400 €-ko kenkariaren aldaketa
Lanaren edo jarduera ekonomikoen etekinak lortzeagatiko 400 €-ko kenkaria aldatu egin da. Aldaketa horrek 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera izango du ondorio (hau da, 2010eko ekitaldi osoan aplikatuko da, orain egin behar dugun aitorpenean, beraz). Honela aldatu da:- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan:
- 2010eko eta 2011ko ekitaldietan (hurrenez hurren, 2011n eta 2012an egin beharreko errenta-aitorpenak), kenkariak bere horretan jarraituko du, baina kasu honetan baino ez da aplikatuko: zergadunaren zerga-oinarria (alegia, zerga-oinarri orokorraren eta aurreztearen zerga-oinarriaren arteko batura) 20.000 €-tik beherakoa bada.
- Zerga-oinarria 15.000 €-koa edo txikiagoa bada, kenkaria 400 €-koa izango da.
- Zerga-oinarria 15.000 € eta 20.000 € artekoa bada, formula hau erabiliko da kenkaria kalkulatzeko:400 € - 0,08* (15.000 €-tik beherako zerga-oinarria).
- 2012ko ekitalditik aurrera, kenkaria desagertu egingo da.
Esaterako, demagun zerga-oinarria 16.000 €-koa dela:
400-0,08 *(16.000-15.000)= 400-0,08*1.000=400-80=320
16.000 €-ko zerga-oinarriari 320 €-ko kenkaria dagokio.
- 2010eko eta 2011ko ekitaldietan (hurrenez hurren, 2011n eta 2012an egin beharreko errenta-aitorpenak), kenkariak bere horretan jarraituko du, baina kasu honetan baino ez da aplikatuko: zergadunaren zerga-oinarria (alegia, zerga-oinarri orokorraren eta aurreztearen zerga-oinarriaren arteko batura) 20.000 €-tik beherakoa bada.
- Nafarroan: kenkariari (kasu horretan, 440 €) eutsiko zaio, era partzialean. Kenkaria progresiboki aplikatzen da:
- Gehienez ere urteko 10.600 €-ko zerga-oinarria duten zergadunei 440 €-ko kenkaria egingo zaie.
- Zerga-oinarria handitu ahala, kenkaria txikitu egingo da; hain zuzen ere,17.000 €-ko zerga oinarriari ez zaio kenkaririk aplikatuko.
- Gainerako erkidegoetan: aplikatzen jarraituko dute, baina 12.000 €-tik beherako zerga-oinarria duten zergadunentzat soilik.
- Zerga-oinarria 8.000€ €-koa edo txikiagoa bada, kenkaria 400 €-koa izango da.
- Zerga-oinarria 8.000 € eta 12.000 € artekoa bada, formula hau erabiliko da kenkaria kalkulatzeko:400 € - 0,01* (8.000 €-tik beherako zerga-oinarria).
Esaterako, demagun zerga-oinarria 10.000 €-koa dela:400-0,1 *(10.000-8.000)= 400-0,1*2.000=400-200=200
10.000 €-ko zerga-oinarriari 200 €-ko kenkaria dagokio.
Ondare-eskualdaketen gaineko zerga txikitzea etxebizitza erosiz gero (Euskal Autonomia Erkidegoa)
Bizkaian eta Gipuzkoan, etxebizitza-eskualdaketari aplikatzen zaion zerga aldatu egin da (Arabakoarekin parekatze aldera); alegia, etxebizitza bat erostean ordaintzen den zerga.Etxebizitza-eskualdaketei % 4ko zerga aplikatuko zaio, eta ez gainerako higiezinei aplikatzen zaien % 6koa.
- Garaje-plazei ere % 4ko zerga aplikatuko zaie (gehienez ere bi plaza badira; 3 plazari eta gehiagori, berriz, ohiko % 6 aplikatuko zaie). Etxebizitzarekin batera eskualdatzen diren eranskinei ere % 4ko zerga aplikatuko zaie.
- Eroslea ez da udal-barruti bereko beste etxebizitza baten jabea izango(% 25etik gorako portzentajean).
- Erosleak etxebizitza berria erosi ondoren eskualdatzen badu aurreko etxebizitza, % 4ko zerga aplikatuko da. Alabaina, 18 hilabeteko epean frogatzen badu etxebizitza saldu duela, % 2,5erainoko aldea itzuliko zaio.
- Etxebizitza eroslearen ohiko bizilekua izango da. 12 hilabeteko epean egiaztatu behar da.
- Eroste-dokumentuan, baldintza horiek bete egiten direla adierazi beharra dago.
Ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria
Ekonomia Iraunkorraren Legearen arabera, 2011ko urtarrilean, ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria aldatu egingo da. Ohiko etxebizitza data horretatik aurrera erosten dutenei soilik aplikatuko zaie aldaketa hori. Bestalde, Nafarroan ez da aldaketa hau aplikatuko; bertan, kenkaria mantentzeaz gain, kengarri gisa aurkez daitezkeen kopuruak handituko dira.2011ko ekitalditik aurrera (hots, datorren urtean egin beharreko aitorpenetik aurrera), zergadunaren zerga-oinarria 24.107,20 €-koa baino txikiagoa bada soilik aplikatuko da kenkaria.
- Zergadunak 17.707,20 €-ko zerga-oinarria edo txikiagoa badu, gaur egungo kenkariek beren horretan jarraituko dute:
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan:
- % 23koa 35 urtez beherakoentzat.
- % 18koa 35 urtez gorakoentzat.
- Gainerako erkidegoetan, Nafarroan izan ezik: % 15ekoa.
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan:
- Zerga-oinarria 17.707,20 € eta 24.107,20 € artekoa bada, kenkaria pixkanaka txikituko da.
Etxebizitza-kontuak
Etxebizitza kontuei dagokionez, aurreztutako zenbatekoa etxebizitza erosteko edo zaharberritzeko erabiltzeko epea (sei urtekoa) 2011. urtean amaituz gero, kontua ireki zenetik 8 urtera handitzen da epea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; hau da, ezarritakoak baino bi urte gehiago ematen dira.Epe hori 2012. urtean amaituz gero, kontua ireki zenetik 7 urtera handitzen da sei urteko; hau da, ezarritakoak baino urte bat gehiago ematen da.
Horiek dira zerga-arloko berritasun nagusiak. Zalantzarik izanez gero, galdetu lasai.
Zein da zure erreakzioa?