Ezagutu... Inbertsio Fondoak

Ezagutu... Inbertsio Fondoak

3 min.

Ezagutu... Inbertsio Fondoak

Inbertsio-fondoak inbertsio kolektiboko instituzioak (IKI) dira. Lagun askoren (partaideen) dirua bildu eta aktibo jakin batzuetan (akzioetan, errenta finkoko tituluetan, moneta-aktiboetan, deribatuetan, beste inbertsio-fondo batzuetan, horien guztien konbinazioetan…) inbertitzen dute. Hau da, inbertsio-fondoen bidez, zure aurrezkiak erakunde kudeatzaile baten esku uzten dituzu, beste partaide batzuen aurrezkiekin batera inbertsioak egin ditzan.

  • Inbertsio-fondoan guztira dagoen diruak ondarea osatzen du.
  • Erakunde kudeatzaileak ondare hori aktibo jakin batzuetan inbertitzen du. Aktibo horiek zorroa osatzen dute.
  • Zure aurrezkien zati bat inbertsio-fondo batean sartzen baduzu, zorro horretan partaidetzak izango dituzu.
    • Partaidetza bakoitzari une jakin batean dagokion prezioa likidazio-balioa da.
    • Zure diruarekin eskuratuko duzun partaidetza kopurua une jakin horretako likidazio-balioaren araberakoa izango da.
    • Fondoko dirua ateratzea erabakitzen duzunean, zure partaidetza kopurua une jakin horretako likidazio-balioaz biderkatuko da, eta, gainbalioa baldin badago, dagokion zerga-atxikipena egingo zaio (gainbalioari bakarrik).

Inbertsio-fondoen ezaugarriak

Inbertsio-fondoek finantza-merkatuetako errentagarritasunak lortzeko aukera eskaintzen dizute, arrisku eta kostu txikiagotan, hain zuzen.

  • Segurtasuna
    • Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) erakunde kudeatzailearen lanak behatzen ditu.
    • Legeak muga jakin batzuk finkatzen ditu inbertsioak nahitaez dibertsifikatzeko. Erakunde kudeatzaileak ezin du fondo oso bat aktibo mota bakar batean inbertitu, CNMVek gehieneko portzentajeak ezartzen baititu aktibo mota bakoitzarentzat.
    • Aldian behin, zure inbertsioaren bilakaerari buruzko informazioa jasoko duzu.
  • Errentagarritasuna
    • Hainbat eratako aktiboetan inbertitzen denez, arriskua murriztu egiten da, aktibo batean galerak egon arren, fondoak errentagarria izaten jarraitzen baitu, beste aktibo batzuek emandako etekinei esker.
    • Hainbat merkatutan jarduteko aukera emango dizute.
    • Kudeaketa-gastuak inbertsio indibidual txikietan baino merkeagoak izaten dira.
  • Erabilgarritasuna: Nahitaezkoa da fondoaren kontuan behar besteko zenbatekoa egotea uneoro, errenboltsoei aurre egin ahal izateko. Beraz, fondotik zure dirua ateratzea erabakitzen duzunean, dagokizun zenbatekoa eskudirutan izango duzu. Salbuespen bakarrak fondo bermatuak dira. Horietan, bi aukera egoten dira:
    • Batzuetan,  ezin izaten da dirurik atera fondoa mugaeguneratu arte. Ondorioz, ez da beharrezkoa eskudiruzko zenbatekoa uneoro eskuragarri egotea, ezin delako atera harik eta fondoa mugaeguneratu arte.
    • Beste batzuetan, dirua mugaeguna iritsi aurretik atera ahal izaten da (zehapena ordainduz). Horrelakoetan, ezinbestekoa da eskudiruzko zenbatekoa eskuragarri egotea.

Inbertsio-fondoen alde onak

  • Inbertsio-merkatuetan erraz parte hartzeko aukera eskaintzen dute, zenbateko handirik sartu behar izan gabe.
  • Inbertsio-fondoa zeuk aukeratzen duzu, bakoitzaren inbertsio-politika (arrisku handiagoak edo txikiagoak) aztertu ondoren. Gero, profesionalek erabakitzen dute zer aktibotan inbertitu.
  • Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak zorrotz arautzen ditu.
  • Administrazio-kostuak murriztu egiten dira, inbertsiogile txikien kopuru txikiak metatuz, dirutza handiak lortzen direlako.
  • Errazagoa da dibertsifikatzea: herrialdeka, arloka, aktiboetan, inbertsio moduetan...
  • Askotan, fondoen likidezia aktiboena baino handiagoa izaten da.
  • Inbertsioen banaketa erraz alda daiteke, Inbertsio Fondoen artean intsuldaketak eginez. Pertsona fisikoek ez dute zergarik ordaindu behar, horrelako intsuldaketak eginez gero.

Inbertsio-fondoen alde txarrak

  • Une jakin batzuetan, inbertsioak egiterakoan, merkatuari lotutako sentimenduek zentzuzko inbertsio-erabakiek baino eragin handiagoa izaten dute. Horrela, litekeena da, adibidez, epe luzera emaitza onak emango lituzketen aktiboak ez erosteko erabakia hartzea, epe laburrera balioa jaisteko arriskuak eragindako presioaren ondorioz, hau da, partaide askoren itxaropenak zapuzteko beldurraren eraginez.
  • Inbertsio kolektiboek aurrezle/inbertsiogileari abantaila ugari eskaintzen dizkieten arren, inoiz ere ezin dugu ahaztu sartutako kopurua galtzeko aukera hor dagoela (printzipala bermatzen duten inbertsio-fondoetan izan ezik), eta, era berean, iraganean errentagarriak izandako fondoek ez dutela zertan etorkizunean ere errentagarriak izan.

Inbertsio-fondoei buruzko okerreko ikuspegiak

Sarritan, inbertsio-fondoak finantza-aktiboen parekotzat hartzen dira, eta haien ezaugarriak dituztela pentsatzen da. Okerreko ikuspegia da hori.

Ondorioz, garai oparoetan, inbertso-fondoen ibilbide ona azpimarratzen da, oro har, dirua zertan inbertitzen den kontuan hartu gabe; garai txarretan, berriz, inbertsio-fondoetako dirua ateratzea gomendatzen da, inbertsioak etorkizunean interesgarriak izan daitezkeen aztertzen hasi gabe.

Inbertsio-fondoetan inbertitzea

Inbertsio-fondo batean dirua sartzea erabaki aurretik, lehenbizi zeure kasua aztertu behar duzu (etorkizuneko beharrak, zenbateraino arriskatu nahi duzun, zer errentagarritasun espero dituzun...), eta, gero, zer aktibotan inbertitu erabakiko duzu. Inbertsioa zuzenean egin dezakezu, edo, zeharka, inbertsio-fondo baten edo hainbaten (inbertsio kolektiboen) bidez.

Euskadiko Kutxan, hainbat motatako inbertsio-fondoak ditugu era guztietako bezero/inbertsiogileentzat: gehiago edo gutxiago arriskatzeko, epe luzerako edo laburrerako… Horregatik, zure aurrezkien zati bat inbertitzeko asmoa baduzu, Euskadiko Kutxako zure sukurtsalera etor zaitezke. Hemen, atsegin handiz, zure kasua aztertu eta finantza- eta zerga-arloko informazioa emango dizugu.


Zein da zure erreakzioa?