Ezagutu... Saltzeko Eskaintza Publikoak (SEP)

Ezagutu... Saltzeko Eskaintza Publikoak (SEP)

3 min.

Ezagutu... Saltzeko Eskaintza Publikoak (SEP)

Aurtengo urria "historikoa" izango zela uste genuen, Loterías y Apuestas del Estado sozietatearen akzioak erosteko aukera eskaintzea aurreikusita zegoen eta. Espainian inoiz egin den balore-eskaintza publikorik handiena izango zen hura. Eragiketaren bidez, diru-kutxa publikoek 8.000 milioi euro inguru biltzea espero zen, baina, azkenik, ekimena bertan behera geratu da, alde batetik, merkatuetan piztutako interes eskasagatik, eta bestetik, presio politikoengatik. Baina, zer da Saltzeko Eskaintza Publiko (SEP) bat?

Saltzeko Eskaintza Publikoa burtsan gauzatzen den eragiketa da. Haren bidez, eskaintzaileak enpresa edo sozietate baten finantza-aktiboren bat salgai jartzen du (gehienetan, akzioak edo errenta finkoko jaulkipenak izaten dira). SEPa mundu guztiari zuzendutako eskaintza publiko orokorra edo talde jakin batzuei zuzendutako eskaintza publiko murriztua izan daiteke.

Loterías y Apuestas del Estado sozietatearen edo beste enpresa publiko batzuen kasuan (laster AENArekin ikusiko dugun bezala), pribatizatzeko bidea da SEPa. Ondorioz, kapital soziala ez da aldatzen, baizik eta eskuz aldatzen da, osorik edo partzialki.

Nola funtzionatzen du Saltzeko Eskaintza Publiko batek?

SEP bat egin nahi denean, lehenik eta behin, erosle izen litezkeenak zundatu behar dira. Enpresaren balioespen-tarte bat finkatzen da, balizko erosleek irteerako prezioa zenbatekoa izan daitekeen jakin dezaten. Hala ere, akzioak burtsara irten arte ez dute jakingo akzio bakoitzaren behin betiko prezioa.

Interesaturik egon litekeen inbertitzaileak finantza-aktiboa erosteko borondatea adierazten du lehenik, eta akzioak erosteko interesa agertu duten pertsona edo erakundeen erosteko erantzunen kopurua eta baldintzak saltzailearentzat interesgarriak badira, salerosketa gauzatu egingo da.

Aitzitik, merkatua akzio horiek erosteko prest agertzen ez bada, enpresak bertan behera utz dezake SEPa. Dirudienez, horixe gertatu da Loterías y Apuestas del Estado sozietatearekin, hain zuzen: hasierako "zundaketa" horren arabera, merkatuak ez zuen eragiketa aurrera eramateko behar besteko mozkinik eskaintzen, oraingoz behintzat.

SEP motak

Bi SEP mota daude:

  • Kotizatu gabeko akzioen SEPa: akzioak burtsan lehen aldiz salgai jarri nahi dituzten enpresentzat. Aldez aurretik, kotizazioan onartzeko eskaera egin behar du enpresak. Horrez gain, eskainiko dituen baloreei buruzko informazioa dakarren foiletoa argitaratu behar du: eskaintzaren ezaugarriak, prezioa eta espero duen errentagarritasuna azaldu behar ditu, baita eskaintzailearen inguruko xehetasunak ere, hala nola egoitza soziala, eraketa-data eta administrazio-organoak. Orobat, SEPerako aukeratutako entitate kokatzaileen (akzioak publikoari saltzeko prozesuko bitartekarien) deskribapena, epeak, esleitzeko sistema eta, jakina, jaulkitako baloreei aplikatuko zaien erregimen fiskalari buruzko argibideak eman behar ditu saltzaileak.
  • Kotizatutako akzioen SEPa: merkatuan kotizatzen diren akzioentzat, akziodun nagusi batek edo gehiagok akzio horiek saldu nahi dituenean. Kasu horretan, enpresa jada burtsan kotizatzen denez, xehetasun guztiak ezagunak dira eta ez da informazio-foiletorik argitaratu behar.

SEP, HEP, EEP...

SEPez gain, Harpidetzeko Eskaintza Publikoa (HEP) dugu. Horren helburua enpresaren kapitala handitu eta akzio gehiago jaulkitzea da, burtsan saldu aurretik. Hau da, sozietateak edo enpresak bere akziodun-egiturari eusten dio, baina akziodun gehiago bereganatzen ditu burtsaren bidez.

Beti ez bada ere, gehienetan HEPa hobesten da SEParen aurrean. Izan ere, prozedura horrek ez du esan nahi akziodunek konpainian duten parte-hartzea saldu nahi dutenik, baizik eta konpainiak hazi egin nahi duela eta hazkundea finantzatzeko dirua behar duela.

Bestalde, Erosteko Eskaintza Publikoa edo EEPa dugu. Haren bidez, pertsona edo talde batek eskaintza bat aurkezten du, kapitala osorik edo zati batean burtsan negoziatzeko onartuta daukan sozietate baten akzioak erosteko, sozietate horren kapitalean boto-eskubidea emango duen partaidetza esanguratsua (% 30 baino gehiago) bereganatzeko eta, beraz, konpainia hori kontrolatzeko xedez.

EEPa adiskidetsua izan daiteke, hau da, eragindako sozietatearen zuzendaritzak onartua, edo areriotsua, zuzendaritzak onartzen ez duenean.


Zein da zure erreakzioa?