Familiek jaso ditzaketen laguntzak eta kenkariak

Familiek jaso ditzaketen laguntzak eta kenkariak

3 min.

Familiek jaso ditzaketen laguntzak eta kenkariak

COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoak egoera bereziki ahulean utzi ditu gure inguruko familia asko: Biztanleria Aktiboaren azken Inkestaren arabera, kide guztiak langabezian dituzten familia-taldeen kopurua % 18,1 igo zen 2020an; kopuru hori 1,2 milioira iritsi zen, azken urteetako zifrarik handiena. Egoera hori eta beste batzuk arintze aldera, erakunde publikoek hainbat laguntza mota eskaintzen dituzte egoera bereziki zaurgarrian dauden familientzat edo, besterik gabe, beren egunerokotasunari duintasunez aurre egin ahal izateko osagarri ekonomiko bat behar duten familientzat. Honako hauek dira kolektibo horientzat dauden laguntza nagusiak:

Koronabirusaren krisiak eragindako familiak

Osasun-larrialdiko egoeraren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak 54,6 milioi euroko ezohiko neurri-sorta bat gaitu zuen joan den urteko martxoan. Neurri horien artean, aurrekontu-igoerak sartzen dira zenbait ataletan. Horien artean daude, besteak beste, Gizarte Larrialdiko Laguntzak (GLL), 16 milioi euroko igoera izan dutenak; Laneko eta familiako bizitzaren kontziliaziorako programaren hedapena, 15 milioitan handitu dena; eta beste partida ekonomiko gehigarri batzuk.

Familia ugariak

Familientzako laguntzen barruan, familia ugariei bideratutako kapitulu bat dago, kolektibo horrek hainbat laguntza eta kenkari mota jasotzen baititu:

-Onura fiskalak, kenkarien aurrerakina barne.

-Deskontuak tarifa elektrikoa, garraioak eta kultura- eta kirol-jarduerak ordaintzeko orduan.

-Lehentasuna etxebizitza babestua eskuratzeko orduan.

-Malgutasun handiagoa prestakuntza-programa, beka edo prestazioetan sartzeko betekizunetan.

-Guraso bakarreko familientzako laguntzak. Guraso bakar bat eta haien ardurapeko seme-alaba bat edo gehiago dituzten familiei daude bideratuta. Familiek oro har jasotzen dituzten seme-alabengatiko laguntza guztiak sartzen dira, baita ardurapeko seme-alabak izateagatiko beste prestazio osagarri batzuk eta PFEZeko kenkariak ere.

Etxebizitza

Zaurgarritasun-egoeran dauden familia-taldeek ere hainbat laguntza jaso ditzakete etxebizitza bat dutela bermatzeko. Horien artean daude:

-Maileguak subsidiatzea. Hilero hipoteka ordaintzeko laguntza bat da.

-Alokairurako laguntzak. Alokairu-erregimeneko ohiko etxebizitza bat eskuratzeko laguntzak dira, baliabide ekonomiko gutxi dituzten pertsonentzat. Atal honen barruan, hainbat aukera daude:

-Alokairuko etxebizitza gazteentzat, adinekoentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat, genero-indarkeriaren biktimentzat, beren ohiko etxebizitzatik kaleratutako pertsonentzat, etxerik gabeko pertsonentzat eta bereziki zaurgarriak diren beste pertsona batzuentzat. Euskadin, laguntza hori Gaztelagun programaren bidez arautzen da. Programa horrek 600 eta 750 euro bitarteko errentak osatzen ditu gehienez.

-Etxebizitza librea alokatzeko laguntzak, COVID-19ak eragindako zaurgarritasunagatik. Eusko Jaurlaritzak 15,5 milioi euroko funtsa sortu du pandemiak eragindako kaudimengabezia-egoerak arintzeko, etxebizitza libreen alokairuak ordaintzea ezinezkoa den kasuetan. Laguntza horiek hilean 794 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiei bideratuta daude, hilean gehienez ere 934, 1.113 eta 1.324 euro artean jasotzen dituztenentzat, Gasteizen, Bilbon edo Donostian bizi badira, hurrenez hurren. Programa horren bidez, pandemiak beste kolektibo zaurgarri batzuetan izan duen inpaktuak sortutako muturreko larrialdi-egoerei aurre egin nahi zaie.

Oro har, erakundeek hainbat ekarpen egin dituzte alderdi hauekin lotuta:

-Etxebizitzaren kontserbazioa, erabiltzeko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea.

-Birgaitzea eta urbanizatzea.

Diru-sarrerarik gabeko familiak

Kolektibo zaurgarrienetako bat beren diru-sarrerak eskuratzeko bide nagusia galdu duten edo diru-sarrerarik ez duten familiak dira. Beren egoera arintzeko, talde horiek hainbat prestazio izan ditzakete:

-Gizarte Segurantzaren ordaindutakoaren araberako prestazioak, kotizazioekin lotuak. Horien artean daude, besteak beste, erretiro-pentsioak, alargun-pentsioak eta ezintasun iraunkorragatiko pentsioak, eta aldi baterako ezintasunagatiko, langabeziagatiko eta jarduera uzteagatiko prestazioak, autonomoen kasuan. Laguntza horiei amatasunagatik eta aitatasunagatik ematen direnak gehi dakizkieke, hala nola jaiotza-baimena, adopzio-baimena, haurdunaldiko arriskuagatiko baimena, eta abar.

-Gizarte Segurantzaren ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioak. Laguntza horiek ordaindutakoaren araberako prestaziorik jasotzen ez duten familiei daude bideratuta, premia-egoeran daudenean eta baliaezintasunagatik edo erretiroagatik babesa behar dutenean.

-Bizitzeko gutxieneko errenta. Pobrezia-arriskuan edo gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonen oinarrizko premiak asetzea du helburu.

-Laguntza fiskalak PFEZren aitorpenean. Baliabide gutxiko familiek jasaten duten karga fiskala murriztea dute helburu.

-Gogoratu, zure errenta-aitorpenean aplika ditzakezun kenkariei buruzko edozein kontsulta egiteko, LABORAL Kutxako zure bulegoko langileekin harremanetan jar zaitezkeela, baita telematikoki ere.


Zein da zure erreakzioa?