Garraio iraunkorraren garrantzia

Garraio iraunkorraren garrantzia

6 min.

Garraio iraunkorraren garrantzia

Denok ikusi dugunez, klima-aldaketaren ondorioak gero eta nabariagoak dira gure egunerokoan. Ez gaude ohituta udazken honetan egindako tenperaturari. Seinaleak gero eta argiagoak dira eta ezinbestekoa da arazoari heltzea.

Gure ingurumen-politika ingurumena zaintzean eta erantzukizunean oinarritzen da. Gure ingurunea babestu nahi dugu eta edozein kutsadura mota prebenitzeko lan egiten dugu. Gure lantoki guztiek erakundearen politika orokorrak aplikatzen dituzte, eta gure langileak ingurumen-gaietan trebatuta eta motibatuta egon daitezen ahalegintzen gara.

KRISI BAT, AUKERA BAT

Hala ere, paradoxikoki, gauzak berandu izan aurretik aldatzeko aukera eman digu Ukrainako gatazkaren ondoriozko energia-krisiak. Eskasiaren mamua eta prezioen igoera ote dira jardutera bultzatuko gaituzten pizgarriak?

Klima-larrialdia eta energia-trantsizioa kontzeptuak gero eta ohikoagoak dira diskurtso ofizial eta korporatiboetan; baina, adituak ezertan ados egotekotan, honetan daude: neurri bat ere ez da nahikoa izango, baldin eta banakako ohiturak aldatzen ikasten ez badugu. Hortaz, zer egin dezakegu ingurumenaren alde?

GARRAIOA, ALDAKETAREN ERAGILE

Badakigu zenbait erabakik eragin zuzena dutela ingurumenean, gure ekonomian eta are gure ongizatean ere; adibidez, LED bonbillak erabiltzeak, haragi gutxiago kontsumitzeak edo gertuko saltokietan erosteak. Alabaina, bada jarduera-eremu bat alderdi horiek guztiak barne hartzen dituena: garraioa.

Hainbat ikerketaren arabera, garraioa da isuritako berotegi-efektuko gasen laurdenaren sortzailea, eta, garraioaren barruan, errepideko garraioa % 90en eragilea da. Datu hori, berez, nahikoa da; baina, horrez gain, hau ere esan daiteke: garraio-ohitura jasangarriagoak hartzea erabat onuragarria da ekonomiaren eta osasun pertsonalaren aldetik. Horregatik, mugikortasuna bide iraunkorrago baterantz birplanteatu behar dugu, eta garatzen ari diren irtenbide askotara jo, garraiatzeko moduak eraldatuz.

IBILTZEN IKASTEA

Ahal dugunean leku guztietara oinez joaten ikastea da planeta iraunkorrago bat lortzen hasteko modurik merkeena eta eraginkorrena. Izan ere, CO2-isurpenak murrizteaz gain, ariketa fisikoak gure osasuna hobetuko du epe labur eta luzean, eta, zer esanik ere, dirutza bat aurreztuko dugu gasolinatan edo garraio publikoan.

Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du egunean 7.000-8.000 urrats egitea osasuntsu egoteko, obesitatea bezalako gaixotasunak saihesteko. Gainera, gaur egun, nork ez du ematen duzun urrats bakoitza kontatzen duen app edo gailurik? Zerbitzu horietako asko doakoak dira, urratsak zenbatzeko aukera ematen dizute eta helburu hori lortzeko motibazioa sustatzen dute.

BI GURPILEN GAINEAN

Saiatu zara bizikletan mugitzen era guztietako erosketak egiteko? Bizikleta garraiobiderik iraunkorrena dela esaten da, ez baitu gas toxikorik isurtzen.

Izan ere, nahiz eta, kultura-arrazoiak medio, herrialde batzuk gu baino askoz aurreratuago egon alderdi horretan, gurean ere ahalegin handiak ari dira egiten azken garai honetan, hirian bizikletaz mugitzea gero eta errazagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izan dadin.

Bidegorri eta bizikleta-bide berriak, autoen abiadura mugatzea, disuasioko radarrak, doako alokairu-zerbitzuak… Urterik urte, gero eta neurri gehiago abiarazten dira, eta, horri esker, gero eta herritar gehiago animatzen dira garraiatzeko bi gurpilen gainean ibiltzera. Bestalde, bizikleta elektrikoak ere ikaragarri ari dira errazten garraiobide hori erabiltzea, haiei esker adineko pertsonek edo orografia zaileko eremuetan bizi direnek ere erabil baitezakete bizikleta.

Zeren zain zaude zure bizikleta trastelekutik ateratzeko? Bizikletari hautsa kentzeko eta modu jasangarrian mugitzeko garaia da.

GARRAIO PUBLIKOA

Gure hiriek oso eraginkorrak diren garraio publikoko sareak dituzte, eta, beraz, jada ez dago aitzakiarik. Aukera erosoa eta eraginkorra izan daiteke autoak sortzen dituen eragozpenik gabe egunero mugitzeko. Gainera, ahaztu aparkatzeko lekua bilatu behar izateaz.

Aprobetxa ezazu garraio publikoak eskaintzen duen konexioen aniztasuna, eta erabili erosketak egitera joateko, kafe bat hartzeko edo lanera joateko.

AUTOA, ARRAZOIZKO AUKERA

Zintzoki esanda, asmakuntza bikaina da autoa: independentzia eta plazera ekarri dizkigu, aukera berriak eman dizkigu eta funtsezkoa izan da gaur egun dugun aurrerapenerako. Gainera, kontuan izan behar dugu pertsona batzuek ezin diotela autoa erabiltzeari uko egin, hainbat arrazoi tarteko. Eta ezin dugu ahaztu, era berean, automobilgintzak ekonomia globalerako duen garrantzia.

Egia esan, ez da erraza autorik gabeko mundua irudikatzea, epe labur eta ertainean behitzat. Hala ere, argi dago zentzu handiagoz erabiltzen ikas dezakegula, eta ingurumenean duen inpaktua murrizten saiatu behar dugula.

Hona hemen iradokizun batzuk:

  1. Erabili autoa benetan behar duzunean, eta eman lehentasuna gainerako aukerei.
  2. Aztertu autoa partekatzeko aukera, batez ere ohiko lekualdaketak egiteko, adibidez lanera joateko. Nabarmen aurrez daiteke horrela.
  3. Autoz aldatzen baduzu, aztertu zer aukera dituzun: elektrikoak, hibridoak… Gero eta aukera gehiago daude eta teknologia gero eta efizienteagoa eta eskuragarriagoa da.
  4. Hala eta guztiz ere, errekuntza-motorrarekin jarraitzea erabakitzen baduzu, kontuan izan energia-efizientzia, aztertu beharreko alderdi guztien artean. Izan ere, alde nabarmenak egon daitezke marka eta modelo batetik bestera, eta inbertsioa ere errentagarriagoa izan daiteke.
  5. Gidatu modu efizientean: aukeratu ondo martxak, kontrolatu abiadura, zaindu segurtasun-tartea…

ETORKIZUNA JASANGARRIA DA

Gaur egun, gehienok etorkizun iraunkorraren alde egiten dugu. Erregai fosilen gastua murriztea garrantzitsua da bai planetaren etorkizunerako bai gure poltsikorako.

Bizikleta erabiltzea sustatzeko ahalegin horiei garraiobide elektriko berrien gorakada gehitu behar zaie (patineteak, scooterrak, monozikloak, segwayak, hoverboardak…), hiri-mugikortasun garbiagoa eta efizienteagoa ekarri baitute.

Bestalde, ekimen batzuek, oraindik hasi berriak badira ere, teknologiaren bidez garraioaren erabilera efizienteagoa sustatzen dute. Carsharing eta motorsharing deritzenak dira. Zerbitzu horien bidez, autoak edo motorrak orduka eskura eta erabil ditzakegu, aplikazio baten bidez. Horrela, ibilgailu baten abantailak izango ditugu, baina jabetzako ibilgailuari dagozkion gastuak eta kezkak saihestuta.

GURE KONPROMISOA

LABORAL Kutxan garraio jasangarria erantsi diegu gure ingurumen-konpromisoei. Horrez gain, sentsibilizazio-ekintzak egiten ditugu, bai arazoaren alderdi globala ikusarazteko, bai zure etxeko ekonomian laguntzeko. Zentzu horretan, gasolinatarako 1.500 euroren zozketan parte hartzera animatzen zaitugu. Nahikoa da zure auto-aseguruaren simulazioa egitea, zozketan parte hartzeko.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Jasangarritasuna