Gurpil zoroa

Gurpil zoroa

2 min.

Gurpil zoroa

2007an krisiak eztanda egin zuenean, zaila zen mundu mailako fenomeno bihurtuko zela eta bost urte geroago oraindik horren eraginak jasango genituela asmatzea. Izan ere, pasarteka azaltzen ari den krisia da. Hasieran finantza-krisia zen eta horrek mundu mailako atzeraldia ekarri zuen. Aplikatu ziren politika ekonomiko (fiskal eta monetario) ugariei esker, 2010ean ilusioa berreskuratu genuen, herrialdeen BPGak gora egin zuela ikusterakoan. Baina pozak, esaerak dioen bezala, pobrearen etxean ez du askorik irauten. 2010ean Greziaren zorra kontroletik at egon zitekeela konturatu ziren. Hau da, mailegu-emaile gisa ez zuen zentzurik ia Ponzi erako eskeman sartu zen herrialde bati fondoak ematen jarraitzeak. Horrek hainbat herrialderen inguruko zalantzak piztu zituen. Hain zuzen, horien artean zegoen Espainia. Nahiz eta bi kasuak ezin diren alderatu, biek jasan dute merkatuen zigorra, zorpetzeko oso prima handiak ordaindu behar izan baitituzte. Izan ere, Espainiaren kasuan oso argi dago arazoa zein den. Hazkunde aurreikuspenak oso txikiak dira epe laburrean eta, hazkunderik  ezean, ez dago sarrerarik interesak ordaintzeko. Hortaz, kredituak eskatzen jarraitu behar dugu. Jakina, gero eta tasa handiagoak eskatzen dizkigute maileguetan.

Iruditzen zait honako galdera hau izango duzuela buruan: merkatuak baretze aldera, ez dago hazkundea bultzatzeko beste erarik? Zoritxarrez erantzuna ezezkoa da. Egoera gordina da benetan. Politika fiskalak aplikatzeko aukerak agortu egin dira, batetik, arlo horretan eginiko ahaleginak oso handiak izan direlako eta, bestetik, zorpetzeko ahalmena mugara heldu delako, aurreko paragrafoan azaldu dugunez. Beraz, batzuek dioten bezala, "austeritatearen garaian" sartzen ari gara. Ez dezagun geure burua engainatu, komunikabideetan entzuten ditugun neurriak egiturazko neurriak dira eta, gutxienez, epe ertainean igarriko ditugu horien onurak. Epe laburrean, Europak era koordinatuan jokatzea izango litzateke aukera bakarra. Horretarako EBZk politika hedakorra sustatu beharko luke, eta horrela euroaren balioa txikitu egingo litzateke. Horrezaz gain, Alemaniak politika fiskal hedakorra aplikatu beharko luke, horretarako nahikoa marjina baitu. Horrek herrialde periferikoen egoera arinduko luke, baina hori zientzia fikzioa da. Euroguneko herrialdeen azken urte eta erdiko jokaera ikusi besterik ez dago jakiteko bizi dugun garaiari aurre egiteko eremu horretako gobernantza-mekanismoak ez direla behar bezain eraginkorrak. Horren ondorioz, zalantzaz beteriko garai batean bizi gara. Hartzen diren erabakien inguruan ñabardurak egiten dira eta batzuetan ez dira betetzen. Horrek ziurgabetasuna sortzen du eta eragile ekonomikoek ezin dituzte era egokian beren aurreikuspenak egin. Hortaz, susperraldi ekonomikoa moteldu egiten da. Ekonomia moteltzeak, gainera, atzeraldi ekonomikora eraman gaitzake. Halere, oraindik garaiz gabiltza Olentzerori edo Erregeei gutun bat idazteko!

*Analisi hau Euskadiko Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin egungo ekonomia-gaien inguruko bere ikuspuntua eskainiko digu.


Zein da zure erreakzioa?