Zer gertatzen da hildako pertsonen kontu-korronteekin?

Zer gertatzen da hildako pertsonen kontu-korronteekin?

3 min.

Zer gertatzen da hildako pertsonen kontu-korronteekin?

Blog hau zuri informazio erabilgarria emateko sortu zen, behar duzunean erabil dezazun. Eta bada egoera bat guztiz galduta egon zaitezkeena: ahaide edo lagun maiteren bat hildakoan, izapide burokratikoak egiteko orduan. Bizitzan jasan beharreko larrialdirik garratzenetako baten doluaz gain,  inoiz bete behar izan ez dituzun izapide eta agiriek sorrarazten dute egonezina. Horregatik, hildakoen kontuekin zer gertatzen den laburki azaldu nahi dizugu, horrelako egoera batean egonez gero, zer egin jakin dezazun.

Hildakoaren ondasun (eta zor) guztiak oinordekoengana joan daitezke. Eta “joan daitezke” horretan dago gakoa, inor ez baitago herentzia onartzera behartuta. Areago, “inbentario-emaitzaren arabera” onartu liteke. Horrek zer esan nahi duen? Ba, herentzia horrek zorrik edo zamarik izatekotan, herentziaren diruarekin egingo zaiela aurre baina sekula ez oinordekoen hondare pertsonalarekin.

 Lehen urratsa hildakoak dirua zein finantza-erakundetan zuen jakitea da. Badakigula uste badugu ere, onena Ogasunean egiaztatzea dugu. Horrela ziurtatuko dugu kontu guztiak herentzian sartuta daudela. Blog honetan bertan azaldu genizun bezala, bizi-aseguru guztiekin ere antzeko erregistro bat existitzen da, eta hori ere kontsultatzea gomendatzen dizugu.

 Hasiera batean, hildakoaren kontuetan eta gainerako produktuetan dagoen guztia oinordekoei emateko gure sukurtsaletan  jarraitzen dugun prozesua erraza da, baina baita arazotsua ere. Izan ere, legeak agindutakoa zorrotz bete eta dirua dagokion pertsonari ematen diogula ziurtatu behar dugu. Gainera, Oinordetzen gaineko Zergaren arduradun subsidiarioak gara.

 1. Oinordekoek heriotza-ziurtagiria, azken nahien erregistroaren ziurtagiria eta, balego, testamentua dituztela joan behar dute sukurtsalera. Azken nahien erregistroaren ziurtagiria agiri ofiziala da eta hildako pertsonak egin zuen azken testamendua zein den esango digu, bat baino gehiago egotekotan (horixe baita erabili behar izaten den) eta ze notariotzatan egin zen ere argituko digu. Ezinbestekoa da edozein ondorengotza-ekitalditarako eta zuzenean edo bide elektronikoz eska daiteke.

2. Testamenturik ez badago, ustezko onuradunek epaitegira edo notariotzara joan behar dute, oinorde-izaera egiaztatzeko. Epaitegiak edo notariotzak oinordekoak direla egiaztatzen duen agiria eman dienean, orduan bai, orduan finantza-erakundera etor litezke eta pertsona hori hil zen momentuan bere kontuetan zenbat diru zegoen zehazten duen agiria emango diegu.

3. Hurrengo urratsa, ziurtagiri horrekin notariotzara joatea da, herentzia onartzeko eta esleitzeko eskritura sinatu eta Oinordetzen gaineko Zerga likidatzeko (ordaintzeko). Hildakoak ondasun higiezinik ez bazuen (adibidez, etxebizitza bat), eskritura hori ez da beharrezkoa. Nahikoa da “banaketa-koaderno kontatzailea” aurkeztea. Izen farfailtsu horrekin deitzen zaio oinordekoen sinadurak notario aurrean jasotzen dituen agiriari. Notariotzan sinatzen den agiri horrek adierazten du oinordekoek nola banatuko duten dirua. Banaketa-koadernoa ez badago, oinordeko guztiek batera azaldu behar dute gure sukurtsalera, dokumentazio guztia sinatzeko. Batera zein bestera, hildako pertsonaren dirua eskuratzeko ezinbestekoa da oinordetza-zergak ordainduta izatea.

Paper guztiak sinatuta daudenean LABORAL Kutxak eskrituran jasotakoa beteko du eta hildako pertsonaren dirua dagokionari emango dio.

Kontu partekatuakHildakoak bere kontuak beste titular batzuekin erregimen solidarioan partekatzen bazituen (alegia, titular bakoitzak bestearen baimenik gabe dirua atera bazezakeen), titularkideek kontuak normaltasunez erabiltzen jarrai dezakete, prozesuak irauten duen bitartean, eta dirua egoki deritzoten bezala atera.

Hori bai, oinordekoren batek uste badu bere oinordetza-eskubideak kaltetzen ari direla, salaketa bat aurkeztu ahal izango du.  Izan ere, hori egingo ez balu, baliteke titular batek kontuko saldo guztia beste kontu batera intsuldatzea, eta gainerako oinordekoak haien herentziaren zati proportzionalik gabe uztea.

Oinordekorik ez dagoeneanEstatuak jakiten badu hildakoak ez zuela oinordekorik, saldoak zuzenean emateko eska diezaioke finantza-entitateari. Edonola ere, hogei urtez bertan behera utzitako kontuak Estatuari eman behar dizkiogu.

Espero dugu post hau zuretzat erabilgarri izatea, eta amaitzeko, funtsezko ideia bat azpimarratu nahi dugu: blog honen helburua zuri aholku eta ideia orokorrak ematea besterik ez da. Unea iristen denean edozein argibide behar baduzu, ez izan zalantzarik eta zatoz sukurtsalik hurbilenera. Bertan, atsegin handiz emango dizugu arreta horren estualdi samin batean.  Horretarako gaude.


Zein da zure erreakzioa?