Inma Ramos elkarrizketatu dugu, Gaztenpresako zuzendaria
2020-11-27
Inma Ramos elkarrizketatu dugu, Gaztenpresako zuzendaria
«Jada abian diren enpresei laguntzea eta enpleguari eustea dira gure lehentasunak krisialdi honetan» Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak 25 urte daramatza ekintzailetzaren arloan, eta oso argi du, egungo krisi-egoeran, enpresei laguntza ematea eta enpleguari eusten laguntzea direla lehentasuna, bai berarentzat eta bai LABORAL Kutxarentzat. Inma Ramosen ustez, betiko enpresek gai izan behar dute tresna digital berrien bidez bezeroengana iristeko, proposamen egokiekin; funtsezko deritzo horri. Halaber, enpresei laguntzeko ikuspuntutik edo finantza-alderditik, Gaztenpresak «LABORAL Kutxaren bidez finantzaketa lortzeko» irtenbideak eskaintzen jarraituko duela aurreratu du.
LABORAL Kutxa. Ia 6.000 enpresa, 10.000 lanpostu baino gehiago, enpresa-gestioari buruzko hamaika tailer, mentoring-programak, networking-sareak, 160 milioi eurotik gorako finantza-sostengua… Zer sentitzen du Gaztenpresako zuzendariak emaitza horiek ikustean?INMA RAMOS. 25 urte daramatzat Gaztenpresa proiektuan (azkar esaten da gero!), eta urteotan erronka ugariri egin diegu aurre, eta jende askorekin partekatu ditugu. Horregatik, oso harro sentitzen naiz, ama bere haurraz bezala. Ekimena martxan jarri genuen pertsonetatik, gaur egun neu bakarrik nago jardunean. Beraz, lagun batek esaten duenez, «Gaztenpresaren kontakizunaren jabea» naiz.
- Emaitza horiek lor zitezkeen LABORAL Kutxarekin batera lan egin gabe? Zer eginkizun izan du entitateak urteotan?
- Jakina, LABORAL Kutxa gabe proiektu hau ezinezkoa litzateke. Izan ere, 1994. urtean, Ezkerraldeko desindustrializazioaren eta gazteen langabezia-tasa handien (% 50etik gorakoen) aurrean, eskualdeko bulego-zuzendari batzuek zerbait egitea erabaki zuten, eta hori izan zen honen guztiaren abiapuntua. Ideia bikain horri GAZTE-EMPRESA izena jarri zioten, gazte-jendeari keinu eginez. Hala, gazteei autoenplegura hurbiltzeko eta euren enpresa sortzeko aukera eskaintzen zien. Gizarte-konpromiso, ekimen eta lidergo handiko pertsona horiek beharrezko laguntza lortu zuten proiektua aurrera eramateko. Hortaz, ikusten duzunez, barruko ekintzailetza-proiektua izan zen, eta, gero, protagonista bilakatu da.
- Batzuetan uste dugu finantza-sostengua dirua ematea dela, besterik gabe; baina zenbateraino inplikatzen da LABORAL Kutxa proiektu horietan?
- Gaztenpresarekiko inplikazioa erabatekoa da. Begira, LABORAL Kutxako egungo zuzendari nagusia eta aurrekoa ere Gaztenpresa Fundazioko Patronatuko lehendakari izan ziren. 25 urteotan ikasi dugunez, dirua ematea ondo dago, beharrezkoa baita, baina ez du arimarik, eta ez da nahikoa. Zer esan nahi dut horrekin? Bada, pertsonek egiten dituztela enpresak. Gure kasuan, askotariko jendea dugu taldean, bankakoa, gizarte-sektorekoa eta sektore publikokoa, baina guztiok ikuspegi berbera dugu:«pertsonei beren bizitza-proiektuan laguntzea, beren lanpostua sortzen laguntzea». Eta ikuspegi hori argi baduzu eta zure lantaldea gogotsua bada (gehienak boluntarioak), dirua iritsi egiten da azkenean.
- Sarritan, merkatu-nitxoak eta negozio-ideia onak aipatzen dira, enpresa baten arrakasta bermatzeko gakoak direlakoan. Nahikoa al dira? Zenbat lan dago ideia bat Gaztenpresara iristen den unetik negozio gisa sendotzen den arte?
- Ekiteko asmoa dutenei esaten diedan moduan, ideia asko dago, mordoa, milioika, esango nuke. Baina gutxiago dira aukeraz konturatu eta egitasmoa aurrera eraman dezaketen pertsonak, hau da, hori egin nahi dutenak, ahal dutenak eta nola egin badakitenak. Gaztenpresan adituak gara ekiteko gogoa duten baina hori nola egin ez dakiten pertsonei laguntzen. Horregatik, proiektu bakoitzera egokitzen gara, haren beharren arabera eta ekintzailetzaren zikloan zein unetan dagoen kontuan hartuta. Ideia bat izaten da guztiaren abiapuntua, gero enpresa-plana landu behar da, finantzaketa lortu eta egon daitezkeen laguntzak kudeatu. Era berean, gure laguntza garrantzitsua da burokraziarekin lotutako gaietan, horiek ere oso beharrezkoak baitira: alokairu-kontratua, obrak, altzariak erostea, produktuak, zerbitzuak… Eta behin martxan jarrita, kudeaketa egokiaren garrantziaz jabetzen hasten da ekintzailea. Nolanahi ere, arrakastaren gakoa aldez aurreko azterketa zorrotza dela deritzot. Pertsona da erabakia hartzen duena, baina, proiektuaren bideragarritasuna ez badugu argi ikusten, atsekabe asko eta ia ziurra den kalte ekonomikoa saihets ditzan saiatzen gara. Horregatik, proiektuen iraupen-ratioa oso altua da gurean.
- COVID-19a dela eta, 2020a urte oso zaila izaten ari da enpresentzat, eta bereziki gogorra izaten ari da gure ekintzaile-sarearentzat. Krisialdi honetan, nola lagun diezaiekete LABORAL Kutxak eta Gaztenpresak ekintzaileei?
- Une honetan, egoera ikusita, jada abian diren enpresei laguntzea da gure lehentasuna. Badugu enpresak sendotzeko programa bat, baina enpresei aurrera egiten laguntzeko programa berri bat ezartzen ari gara. Programa horrek suspertzeko, digitalizatzeko, altxortegia kontrolatzeko, finantzaketako eta mentoringeko plana du. Enpresek aurrera jarraitzea eta enpleguari eustea da helburua. Eta, noski, enpresei laguntzeko ikuspuntutik edo finantza-alderditik, Gaztenpresak irtenbideak eskaintzen jarraituko du, LABORAL Kutxaren bidez finantzaketa bideratu ahal izateko.
- #JarraitzekoBerritzen lehiaketan agerian geratu zen ekintzaileek duten egokitzeko ahalmena…
- Bai, egia esan, alarma-egoeran abian jarri genuen #JarraitzekoBerritzen programa erronka handia izan zen, eta ezustekoa… Lehenengo helburua erreferenteak bilatzea izan zen. Negozioak kaltetuta ikustean geldirik egon ez ziren pertsonak, benetako ekintzaile-senaren eredu izan zirenak. Gauzak egiteko beste modu bat aurki daitekeela kontatu nahi genuen, mezu positiboak eta itxaropentsuak ematen saiatu, «blokeatuta» jarraitzen zuten pertsonek jaso zitzaten. Bigarren urratsa lehiaketa izan zen. Sari ekonomikoa zuen lehiaketaren formatuaren bidez, ekintzaileei euren kasua kontatzeko eskatu genien… Batean zein bestean, harrigarriak izan ziren aurrera egiteko asmatutako ekimenak eta irtenbideak… Sekulako energia-bultzada izan zen!
- Gure ekintzaile-sareak sendo eta gogotsu jarraitzen al du? Zer aurreikuspen ditu Gaztenpresak datozen hiletarako?
- Askotan ikusi dugu pertsona batek, bizitzan erabateko aldaketa izan ondoren, ekitea erabakitzen duela, adibidez, lanpostua galtzean edo heriotza oso hurbil ikusi ondoren. Datozen hiletan ekintzaile-senaren gorakada ikusiko dugulakoan nago. Pertsona horiei guztiei esango nieke negozio-plan on bat funtsezkoa dela, orain inoiz baino gehiago, eta guk hor jarraitzen dugula, bidean laguntzeko, «deabruaren abokatuaren» rolean, eta B plana egitearen garrantzia azpimarratzen, gaur egun erabakigarria baita. Pertsona da negozioa irekitzea edo ez erabakitzen duena, baina proiektuaren bideragarritasuna ez badugu argi ikusten, saiatzen gara egin beharreko aldaketen inguruan aholku ematen, atsekabe asko eta ia ziurra den kalte ekonomikoa saihets ditzan.
- Krisialdiek aukerak sortzen dituztela esan ohi da. Egungo egoeran, zeintzuk izan daitezke ekiteko aukerako sektoreak?
- Krisialdi guztiak gogorrak dira, eta, normalean bi aurpegi izaten dituzte: batetik, sufritzen duten pertsonak daude, lanpostua galdu eta negozioak ixten dituztenak, eta, bestetik, krisialdian aukera bat ikusten duten enpresak eta pertsonak. Fedex eta Airbnb enpresak, esaterako, krisialdi baten ondoren sortu ziren. Ekintzailea gai da gainerakoek kaosa ikusten duten lekuan aukerak ikusteko, eta ikuspegi hori, kemena eta erresilientzia dira ekintzaile den pertsonaren ezaugarriak. Oraingo egoeran, inoiz baino lan gehiago egiten ari dira sektore askotan. Nire ustez, egokitzeko gai izango diren betiko negozioek —online erakusleihoa edukiko dutenek eta bezeroengana proposamen egokiekin iristeko gai izango direnek— arrakasta lortuko dute.
- Azken urteotan, Gaztenpresak eta LABORAL Kutxak digitalizazioaren aldeko apustu irmoa egin duzue. Zenbateko garrantzia du enpresa-proiektu berriak digitalizazioan oinarritzeak?
- Digitalizazioak aldatu egin ditu enpresek bezeroekin dituzten harreman-moduak, eta, jakina, baita gizarte osoaren jokabideak ere. Bankak eraldaketa oso garrantzitsua izan du urteotan, eta gu ez gara kanpoan geratu. Sortutako enpresa guztiek Interneten erreplika bat izatea funtsezkoa dela uste dut, eta hori egiten jakin behar dute, bestela, existituko ez balira bezala izango da.
- Zer proiektu garatzeko asmoa dute LABORAL Kutxak eta Gaztenpresak ekintzailetzaren aldeko apustua sendotzeko?
- Ekintzaileei laguntzen jarraituko dugu. Oraingoz, enpresak sendotzeko programa indartu dugu, jada abian diren enpresak salbatzen laguntzeko, eta, gainera, jarraituko dugu ekin nahi dutenei laguntzen, betiko programen bidez, aurrez aurre eta online.
- Eskerrik asko, Inma! Lanean jarraitzen dugu!
Zein da zure erreakzioa?